Maialen Axpe: "Garrantzitsuena beldurrik ez izatea da"

Maialen Axpe: "Garrantzitsuena beldurrik ez izatea da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maialen-axpe-quotgarrantzitsuena-beldurrik-ez-izatea-da/@@download/image/maialen_axpe_sl_1367827860.jpg
2013/05/06
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Galder Izagirre
Ez du oroitzen zenbatetan irabazi duen Espainiako Txapelketa; iaz lehenengo aldiz hartu zuen parte Mundu mailakoan; eta uztailean Europakora joango da, Finlandiara. adi… hemeretzi urte baino ez ditu!


Gaztetxotan oso bizia zela kontatzen du Maialen Axpek (Arrasate, 1993), eta lagun batek proposatuta, atletismoan hasi zirela biak hamar urterekin. Urtebetez hainbat diziplina probatu ostean, gaur egun bere entrenatzaile den Jonathan Perezek pertikarekin saiatzeko esan zion. Orduko hartatik zortzi urte igaro dira dagoeneko, eta Axpek bere marka hautsi berri du 4,01 metroko jauzia eginda. Otsailean Donostian egin zituzten Pista Estaliko Espainiako Txapelketetan izan zen, eta uztailean Finlandian egingo duten Europako Atletismo Txapelketara joateko lehen pausua izan da.

Hori baino lehen, Haur Hezkuntzako bigarren maila amaitu beharko du. Eskoriatzan ikasten du, eta klasetik irtenda, atseden hartzeko tarterik gabe, astean bost egunez joaten da Arrasateko Mojategi Kiroldegira entrenatzera. Guk ere bertan itxaron diogu. Zita egiterakoan aurreratu digu entrenatzaileak ez diola saltorik egiten uzten, "soilik larunbatetan", baina temati jarri eta konbentzitzea lortu dugu, 4,01 metrokoa ez bada ere.

Entrenatzaile zorrotza duzu, baina laguna ere izango da dagoeneko…
Bai, gehiegi ezagutzen dugu elkar! Onerako eta txarrerako e, baina tira, badakit gure onena eman dezagun nahi duela eta kasu egiten diogu. Arrasatearra da, eta gu entrenatzen hasi aurretik bera ere oso ongi ibili zen pertika jauzian: 5,10 metroko marka dauka. Baina pixkanaka gugan jarri zuen indarra eta, oraindik lehiatzen jarraitzen duen arren, lasaiago ibiltzen da.

Hasieratik pertikarako gaitasunak zenituela ikusi zuen.

Bai, kirol honetarako balio nezakeela uste izan zuen. Nik, aldiz, ez nuen sekula pentsatuko iritsi naizen lekuraino helduko nintzenik; gaztetako bideoak ikusten ditudanean barregura sartzen zait! Baina pixkanaka hobetzen hasi nintzen, eta hamalau urterekin nire lehen Espainiako Txapelketan hartu nuen parte. Bigarren postuan geratu eta nire marka onena egin nuen, 3,21 metroko jauzia. Horrek ikaragarri motibatu ninduen, kirol honetan gogor hasteko indarra eman zidan.

Zein da zure indargunea?
Teknikoki nahiko abila naiz, baina gorputz aldetik ez dut berezko ezaugarririk eta ordu asko sartu behar ditut fisikoa lantzeko, modalitate honetan indarra eta abilezia ezinbestekoak baitira. Gorputzeko gainerako atalak ere lantzen ditut: besoak pertika eusteko eta hankak abiadura hartzeko. Zeren pertikak, zenbat eta gogorragoa izan, pisu handiagoa du eta salto altuagoak egiten laguntzen dizu.

Eta zer behar du ezinbestean pertika jauzilari on batek?
Garrantzitsuena beldurrik ez izatea da, pertika jauzilari asko oso ongi hasten baitira, baina bat-batean beldurra sartzen zaie eta akabo; koltxonetarantz korrika abiatu, zulora iritsi eta gelditu egiten dira, izututa.

Baina, zeri diote ikara?
Erortzeari, min hartzeari… ez dakit! Baina askotan gertatzen da, bereziki neskengan. Batzuei noizbait pertika apurtu zaie, eta beldurra hartzen diote. Niri ez zait inoiz gertatu… Eta esan didate, baita ere, oso ohikoa dela nesken artean 4 metrora heldu eta amore ematea. Hau da, asko Promesa kategoriara iristen dira, eta ongi dabiltzan arren, utzi egiten dute.

[Iaz Munduko Atletismo Txapelketan hartu zuen parte, Bartzelonan. Bere lehena izan zen, eta Junior kategorian 24. postuan amaitu zuen lehia.]

Bi hitzetan, nolakoa izan zen esperientzia?

Pasada bat! Atletismoan eduki dudan esperientziarik politena; mundu osoko jendea bildu ginen, hura beste rollo bat zen! Aurrerantzean ere bertan izateko lan egiteak merezi duela irakatsi zidan. Lesionatuta joan bainintzen: azken entrenamenduan, azken saltoan, erori eta orkatilan kolpea hartu nuen. Errenka nenbilen. Baina argi nuen lesionatuta ere txapelketara joango nintzela, eta minduta egon arren nire bizitzako unerik onenean nengoela sentitzen nuen; bereiziki motibazio aldetik.

Lesioak, baina, ez zizun zure onena ematen utzi.

Noski, mina hor dago eta, zu animatuta egon arren, ezinezkoa da duzun guztia erakustea. Baina, dudarik gabe, esperientziarekin geratzen naiz!

Diotenez, kirol honetan zentimetro bakoitza mundu bat da, ezta?
–Barre egiten du–. Bai, bai. Entrenamenduetan, esaterako, goma batekin entrenatzen dugu, eta hura ukitu arren, ez da ezertxo ere pasatzen, teknika lantzen ari garelako, ez altuera. Txapelketetan, aldiz, makila da muga. Hasieran, gure markatik 40 zentimetro beherago jartzen dugu; pixkanaka, hamar zentimetroka igotzen dugu, eta gure markara hurbildu ahala, bosnaka. Gutxi dirudi, baina bost zentimetro ere asko da!

"Lortuko dudala sinisten ez badut, ez dut lortuko". Zuk esana da.

Eta halaxe da. Behin baino gehiagotan gertatu izan zait txapelketa batera joan, eta presiopean nagoelako edo beste edozergatik, saltoa egin behar dudala jakin arren, nire buruarengan ez sinestea. Eta halakoetan, mentalitate horrekin joan izan naizenetan, ez dut emaitza onik eskuratu. Aldiz, uste baduzu egingo duzula, orduan bai, jarritako helburura iristen zara.

Txapelketetan, gainera, hazi egiten omen zara…

Jendeak, egoerak… lagundu egiten didate, bai.

Badago, ordea, aurkakoa gertatzen zaionik ere.
Bai, presioagatik. Baina ni animatu egiten naiz giroa ikusita.

Eta nola kontzentratzen zara?
Lehenik eta behin berotu egiten dugu, eta horren ostean gure txanda noiz helduko zain egon behar dugu denbora luzez. Tarte horretan, hasieran, gainerako lehiakideekin hitz egiten dut eta lasai egoten naiz, baina salto egiteko ordu erdi inguru falta zaidanean, besteengandik bereizi eta bakarrik egoten naiz, kontzentratuta, nire burbuilan. Entrenatzailea ere aparte dago, ezin dugu harengana hurbildu, eta une horietan bakarrik egotea gustatzen zait.

Batzuetan gertatuko da txapelketak asko luzatzea, ezta? Bereziki bata bestearen marka hobetuz zoaztenean, edota marka berean trabatuta geratzen zaretenean...
Bai, amaierako pike horrek luze jo dezake. Baina ez horregatik bakarrik: orain, esaterako, Promesa kategorian hamabi lehiakide inguru gara, baina Jubeniletan eta Kadeteetan 35 bat izaten ginen, eta nire saltoa noiz iritsiko ordu eta erdi itxaron behar izaten nuen. Gogoan dut behin hiru ordu inguru behar izan genituela txapelketa amaitzeko.

Zurea bakarkako kirola da, baina taldean entrenatzen duzu. Dinamika gogorra errazago jasango duzu horrela, pentsatzen dut.
Bai, asko nabaritzen da. Iaz klaseak arratsaldetan izaten nituen unibertsitatean, eta haien ostean entrenatzen nuen: 19:00etan etorri eta 21:30ak-22:00ak arte ni bakarrik aritzen nintzen, zenbaitetan entrenatzailearekin, baina gehienetan bakarrik. Eta haien hutsunea ikaragarri nabaritu nuen! Sostengua dira, eta motibatzen laguntzen didate.

Nortzuk dira haiek?
Maialen Ruiz de Azua, Istar Dapan eta Jonathan entrenatzailea. Maialen ni baino bi urte gazteagoa da, eta berak ere errekorra egin berri du Espainiako Txapelketa Estalian 4,00 metroko jauziarekin. Oso ongi dabil, baita Istar Dapan ere. Euskal Herri mailan, uneotan eta gure kategorian, onenak gara. Hirurak arrasatearrak, gainera! Baina sekretua entrenatzailea da. Jonathan barik, sekula ez genuke kirol hau probatuko… Euskal Herrian hiru entrenatzaile on baino ez baitaude, eta horiek gabe ez lirateke gure mailako atletak egongo.

Taldeaz ari garela, egunerokotasunean Arrasaten entrenatu arren, zure fitxak Atletiko San Sebastian klubeko pertika jauzilaria zarela dio…
Hasiera batean, Arrasateko taldearekin aritzen ginen, eta Udalak Mojategiko pista eraiki zuenean instalakuntzetarako hamar pertika eman zituen. Noski, hamar-hamabi urterekin erabiltzen nituen pertikek eta orain erabiltzen ditudanek ez dute zerikusirik; orain haietako bat hartuko banu, ziurrenik, apurtu egingo nuke! Horregatik, emaitza onak lortzen hasi nintzenean eskaintzak iritsi zitzaizkidan hainbat ekipotatik; nik Euskal Herrian geratu nahi nuen, eta azkenean Donostiako Atletiko San Sebastian taldearekin fitxatu nuen; Maialen nire taldekidea, aldiz, Irungo Bidasoa Atletikorekin aritzen da. Baina, esan bezala, hemen entrenatzen dut, eta haiek arropak eta materiala ematen dizkidate. Urtero, emaitzen arabera, pertika berriak lortzeko negoziatzen dugu, zaharrak bigundu egiten baitira, eta Atletismo Federazioak ere zer edo zer ematen digu, pertikak dezente garestiak direlako: neskenak 600-700 euro inguru balio ditu, eta mutilenak gehiago, luzeagoak eta gogorragoak behar dutelako izan.

Eta zenbat irauten dute?
Norberaren araberakoa da. Kontuan eduki behar duzu, adibidez, orain pertika bat erabiltzen dudala, baina ziurrenik, ekainean fisikoki hobeto nagoenean, orain erabiltzen dudana baino dezente gogorragoa den beste bat beharko dudala. Pertika jauzilari bakoitzak ez duelako pertika bakar bat: txapelketetan ere, bigun batekin hasi eta hesia igo ahala, gogorragoak hartzen ditut gorago iristeko; zenbaitetan, txapelketa bakarrean bost.

Nonbait irakurri dut Yelena Isenbayeva pertika jauzilaria miresten duzula. Hala ere, Euskal Herrian bertan baduzu erreferente gisa hartzeko moduko pertika jauzilari bikain bat: Naroa Agirre.
Isenbayeva, orain gutxi arte, pertika jauzian munduko andrazkorik onena izan da. Bere marka beste inork gaindituko ez zuela zioen, 5,06 metro aire librean eta 5,01 metro pista estalian, baina aurten pista estaliko errekorra kendu dio Jennifer Suhr estatubatuarrak, 5,02 metroko jauziarekin. Egia da Naroa Agirre ere erreferente bat dela, ez soilik gure artean, eta guk ere entrenatu izan dugu bere entrenatzailearekin. Asko miresten dut, noski.

Nolabait, bidea zabaldu dizuela esan daiteke.
Bai, argi dago. Gure artean pertika jauzia ezagutarazi du, eta beharbada, ni ere ez nintzen honetan ariko beragatik izango ez balitz, familia handi bat bezalakoa baita gurea: Naroaren entrenatzailea Jonathanen prestatzailea izan zen!

Kirol honek babes nahikoa jasotzen duela esango zenuke?

Gure kasuan, Arrasateko Udalarekin borrokan ibili gara urte luzez, laguntza lortu nahian. Hemen neguak oso gogorrak dira, denok ongi dakigun moduan, eta euria egiten badu ezin dugu kanpoko pistan salto egin. Horregatik, Ermura ala Donostiara joan behar izaten dugu, pista estalira. Lehena askoz hurbilago dago, baina gure karrerak hamalau pausu ditu, eta han soilik hamar egin ditzakegu. Horregatik, frontoi bat eskatu diogu Udalari, eta azkenean lortu dugu aurrerantzean zenbait hilabetez Arrasatekoa erabiltzeko baimena. Horregatik diogu atletismoak ez duela nahikoa laguntzarik jasotzen, suposatzen dut beste kirol batzuen adinako zabalpenik ez duelako izango dela; haiek, burutzen duten funtzioagatik, garrantzi handiagoa dute.

Eta nola daramazu ikasketak eta kirola uztartze hori?
Soilik larunbat arratsaldeak eta igandeak ditut libre, aste tartez topera ibiltzen naiz! Sakrifizio handia da, urte askoz egunero entrenatu ostean, zenbaitetan ez baita emaitzarik lortzen. Baina berdin dio, aurrera jarraitu behar da.

Zer alboratu behar izan duzu pertikagatik?
Trikitixa. Asko gustatzen zitzaidan, eta txapelketetan ere parte hartzen nuen. Baina iritsi zen momentu bat zeinetan bietako bat aukeratu behar izan nuen… Eta gauza bera lagunarteko planekin: uztailean oporretara joango dira, baina nik ordura arte entrenamenduak eta txapelketak izango ditut, eta abuztua soilik izango dut libre. Baina ez naiz kexatzen, hori da gura dudana eta bueltan datorrenak merezi du.

Rio de Janeiro omen da zure helburua...
–Barrez hasten da–. Nire ametsa, helburua baino gehiago! 2016an Brasilera joatea… ez dut ezinezko ikusten. Batez beste 4,40 metroko marka gainditzea eskatuko dute, eta hiru urte ditut hori lortzeko. Ahalegina egingo dut, behintzat!