Lurraren jabetzari buruzko gogoeta

Lurraren jabetzari buruzko gogoeta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lurraren-jabetzari-buruzko-gogoeta/@@download/image/20115111007MONTEHERMOSO_1.jpg
2012/12/13
berria
Lurraren jabetzari buruzko gogoeta
Gasteizko alde zaharreko Montehermoso Kulturuneak lurraren jabetzari buruzko gogoeta interesgarria antolatu du maiatzaren 12 eta 13rako. Kolonialismoa, lur komunalak, eredu berriak...

Lurraren jabetza da ezarrita dagoen sistemaren kontzeptu oinarrizkoenetariko bat. Gaurdaino iritsi zaigun zuzenbidea kontzeptu honen inguruan eratu zen duela hainbat mende, kolonialismo garaian ere funtsezkoa izan zen, eta gaurko aberastasunaren antolakuntzan ere oso garrantzitsua da.
Gasteizko Montehermoso Kulturunean gaiari heldu nahi izan diote, eta mintegi bat antolatu dute hainbat hitzaldirekin.
Maiatzaren 12an 10:30etan egingo du aurkezpena Catalina Lozanok eta 11tan Ana Maria Millanek Scanners proiektua aurkeztuko du. Kolonbiako urre meategiei buruzko ikerketa bat da hau hainbat argazki, marrazki eta elkarrizketen bidez errealitate konplexu batean sakontzen duena. 12:00etan Silvia Federici eta Anna Colin-ek "Emakumeak, sorginen ehizak eta erabilera komunaleko lurrak hesitzea" hitzaldia eskainiko dute. Estatu Batuetako unibertsitateetan irakasle dira biak eta Afrikako emakumearen gaian zentratzen dira batez ere. Azkenik, 19:00etan Peter Linebaugh historialari amerikarrk "Erabilera komuneko lurren inguruko atlantiar ikusmoldetik historia apur bat" hitzaldia emango du, kapitalismoak ekarri duen lur komunalen galera aztertuaz.
Maiatzaren 13a Yazid Anani irakaslearen "Aldaketa espaziala eta topaketa neokolonialak" hitzaldiarekin hasiko da 11:00etan. Palestinar okupazioan lurrak duen garrantzia azalduko du. 12:00etan Mathieu Kleyebe artista plastikoa eta Sarah Maldoror zinemagileak "Artista eta zinemagilearen arteko elkarrizketa" eskainiko dute. Deskolonizazio prozesuei buruz arituko dira bakoitza bere ikuspegitik. Eta mintegiari amaiera emanaz Jimmie Durham artista, saiogile eta  poeta txerokiak "Etorkizuna iragana baino luzeagoa izan daiteke" esplikatuko du.