LUMAZAIN: Iragana orain

LUMAZAIN: Iragana orain https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lumazain/@@download/image/LUMAZAIN_237_02.jpg
2022/12/29
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta @mailegetx

LUMAZAIN: Iragana orain

Joxemiel Barandiaranek jasotako euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli. Migratzaileari ere antzeko zer edo zer gertatzen omen zaio herrialdez aldatzen denean; bizitza mudatzen zaio eta ezinbestean baita atzean utzitakoarekiko lotura ere.
Kirmen Uribek bere alter egoa erakutsiko digu Izurdeen aurreko bizitza eleberrian, Nora eta bien seme-alabekin New Yorkera bizitzera joan dena, beka baten eskutik, Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idazteko asmoz. Dorothy and Lewis B. Cullman Center liburutegian haren bizitza biltzen duten 176 kutxetan arakatuko du. Edith Wynner, liburutegiko langile izandakoa, Schwimmerri buruzko liburua idazten aritu zen berrogei urtez eta sekula ez zuen bukatu, baina berari buruzko informazio asko utzi zuen bilduta. Kaxa horietan aurkituko ditu Uri idazleak haren umezaroari buruzkoak, emakumeen askapen mugimendura nola lotu zen, Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia antolatzeko egindakoak. Eta, halabeharrez, hungariarraren bizitzarekin batera korapilatuko da idazlearena berarena ere; familiaren egokitzapena sekula lorik egiten ez duen hirian, eta baita haurtzaroko bizipenak, borrokak, minak, eta izebarekin elkarbanatutako guztia ere.
Pandemia iristean, umeen ongizateak hartuko du garrantzia, krisialdia izango du Urik, eta Edith Wynerri gertatu zitzaiona gertatuko ote zaion kezka sortuko zaio, ez ote duen liburua amaituko, alegia. Orduan, idazlearen bikotekideak, Norak, hartuko du kontaketaren ardura. Urtetan ikusi ez duen umetako lagun-minari idatziko dio koadernoan euren oraingo bizitzari buruz eta, aldi berean, gogoan dituen haurtzaroko oroitzapenak berrituko ditu. Lehen zatian, beraz, gizonezkoa ari da emakumeei buruz eleberria idazten, eta bigarren zatian, emakumeak hartzen du ahotsa gutun horien bidez.
Ederra da, batetik, Rosika Swchimmer eta historiak ezabatutako halako emakumeen berri jakitea literaturaren bidez, hain figura garrantzitsuak ahanzturan gal ez daitezen. Bestetik, era berean, gertakari historikoetatik harago, liburuko harremanek, minek, pozek, sufrimenduak, lotzen zaituzte kontakizunera, gizatasunak eta giza esperientziak azken finean, horrek lotzen baikaitu testuinguru zeharo ezberdinetan izanik ere.
Iragana eta orainaren arteko loturan dabil dantzan Eider Rodriguezen ez fikziozko Eraikuntzarako materiala eleberria ere. Aita eta alabaren arteko harremana du ardatz, edo hobeki esanda, harremanaren falta eta bien arteko arrakalak. Etxeak egiteko behar den guztia saltzen du aitak, ondo funtzionatzen duen eta familiako kideen artean gidatzen duten enpresan, baina edanak lapurtzen dio denbora, eta, ahal duenean, tabernara zuzentzen ditu bere pausoak, ingurukoei bere ibileren inguruan bestelako aitzakiaren bat jartzen badie ere. Zuhurtasunez jokatzen du, hala ere, eta aldirietara jotzen du alkoholaren bila; horrek arindu egiten du nolabait alabak sentitzen duen lotsa, edo eskertu egiten dio behintzat joera hori. Isiltasuna da nagusi bien artean, etxean ere bai sarri, eta alabaren behaketaren bidez ezagutuko dugu etxeko egunerokotasuna, aitaren gaitza, familiaren poz eta ajeak, minak eta garaipenak.
Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna narratzaileak, aitari emandako iktusaren ondotik. Idazlearen egunerokoaren bidez jakingo dugun zein den egoeraren eboluzioa, eta, aldi berean, iraganeko gertaera eta bizipenak tartekatuko dira, gaur egungoa ulertzen laguntzen dutenak. Alabaren ikuspegitik eta haren ahotsetik jasoko dugu ia guztia, harik eta aitaren soldaduskako gutunek harena ekarriko duten bizitzako garai jakin batean.
Isilpean gorde ohi ditugunei hitzak jarri dizkie Eider Rodriguezek, eta norberarentzat ez ezik, irakurlearentzat ere ariketa sendagarria da, izugarri askatzailea baita norbere egiak besteen ahotik entzutea. Testuinguruak testuinguru, beti baitago norbere esperientzia, sentimendu edo dena delakoarekin bat egiten duen zer edo zer. Erresonantzia kutxa baten pareko lana egiten du, iragana eta oraina baliatuz.