Lourdes Hernandez, Russian Red: "Hain zorioneko sentitzeak ikara ematen dit"

Lourdes Hernandez, Russian Red: "Hain zorioneko sentitzeak ikara ematen dit" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lourdes-hernandez-russian-red-quothain-zorioneko-sentitzeak-ikara-ematen-ditquot/@@download/image/2012438710russi_1359554442.jpg
2012/04/03
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Lourdes Hernandez, Russian Red: "Hain zorioneko sentitzeak ikara ematen dit"
'Fuerteventura' (2011) diskoko kantak hartuta, alde batetik bestera dabil Madrilgo indie musikaria. Euskal Herrian ere egin du geldialdia, eta berarekin izan gara.

Izen artistikoa eman zion ezpainetako gorriaren arrastorik ez, "looka aldiro-aldiro aldatzea komeni da". Lourdes Hernandezek (1985) makina bat zirriborro idatzi eta konposatu zituen maketa bat grabatu eta Sarean zabaltzeko urratsa egin baino lehen. 2007 urtea zen eta bere abestiek bisita uholdea izan zuten Myspacen.

Zuzenbidearekin saiakera egin ondoren, Itzulpen eta Interpretazio ikasketak amaitzear zela, 2008an, bete-betean musikagintzari heltzeko erabakia hartu zuen, eta halaxe heldu zen aurreneko lan luzea: I love your glasses. Batez ere Cigarettes kantari esker aurreikuspen guztiak apurtu eta urrezko diskoa izan zen Espainian, 30.000 ale salduta. Oihartzuna Europara eta Asiaraino ere iritsi zela ikusita, abeslariak "gertatzen ari zena" ulertu eta bigarrenari ekin zion. Fuerteventura duela kasik urtebete etorri zen, eta bertan Russian Reden esentzia aurkitu du entzuleak: pop folk eta indie kutsuko ale melodikoak, eta aingerutxo ahots gozoa, beti ingelesez.

Hiri batetik bestera; gaur hotel batean lo egin eta bihar beste batean; aireportuko kaosetik kasik zuzenean eszenatokira, zure zigilu den giro intimo hori sortzera... zaila dirudi.
Tira, zuk pentsa bidaietan zereginik gabeko tarte asko ere izaten direla. Behin hegazkinera, furgonetara edo dena delakora igota, denbora gelditu egiten da eta, orduan, bidaia, estresagarria ordez, lasaigarria bilakatzen da. Musika entzuteko, irakurtzeko, idazteko aprobetxatzen dut, eta lagungarria da noski. Edozein kasutan, hori gabe ere, soinu probara iritsi eta musika jotzen hasten zarenean, berehala aldatzen da txipa.

Nostalgiaz gogoratzen duzu metroan nahi zenuenean eta nahi zenuelako abesten zenuen garaia?
Hasieran edozein lekutan jotzeko irrikaz nenbilen, berdin zitzaidan non. Orain, aukeratu dezaket, baina ez dut uste toki txikietan eta hauek ematen dizuten bat-batekotasunarekin aritzeko aukera galdu dudanik. Gainera, Europan, normalean, areto intimoetan aritzen gara eta ez dut uste sekula gehiegi aldenduko naizenik giro honetatik.

Elkarrizketa hau prestatzen ari nintzela, 2008ko bideo bat topatu nuen Sarean, telebistan aurreneko aldiz agertu zinenekoa, nahiko lotsatuta...
Bai, gainera dagoeneko platoan eta kameren aurrean nintzenean jakin nuen zuzenean emititzen ari zirela! Honetan, ere, denean bezala, eskarmentua hartzen ari gara...

Medioek eta kritikak pertsonaia eztia sortu dute zure inguruan; inuzentea, erromantikoa... handia al da pertsonaiaren eta pertsonaren arteko aldea?
Saihestezina da halakoak gertatzea. Erraza da gutako bakoitzak egiten duen horretan nabarmentzen diren aspektuak karikaturizatzea. Eta bai, baliteke nire musika bat etortzea aipatu dituzun ezaugarri horiekin. Baina, bestela, nik jenio handia dut, asko gustatzen zait barre egitea... ez naiz hain malenkoniatsua, nahiz eta bizitzaren alderdi ilunarekin ere disfrutatzen dudan.

Oso desordenatua omen zara.
Bai, erabat, baina oso ondo moldatzen naiz nire kaosaren barruan. Dena dela, orain, lan kontuetan behintzat, askoz diziplinatuagoa naiz. Beldurra galdu diot oinak lurrean ipintzeari eta sortze prozesua arrazionalizatzeari: entseatzeari eta abar.

Eta, bitxikeriekin segituta, jogurta duzu eguneroko bizioa, ezta?
Ez –barrez–, pasatu zitzaidan. Nire organismoa saturatu egin zen hainbeste jorgurtekin...

Bigarren eskuko arropa zale amorratua zara, hori bai. Zergatik gustatzen zaizu hainbeste?
Bai, erakartzen nau eta beti daramat zerbait. Ba, seguru aski, dendetan ikusten ez diren jantziak direlako, beste garai batzuk ekartzen dizkidalako gogora... dena dela, ez naiz batere originala. Nahiko modan dago, ez?

Baina modak ez zaituela gehiegi kezkatzen ere esan izan duzu. Ez duzula denbora alperrik galtzen etxetik atera aurretik, erosotasuna dela garrantzitsuena... artistek askotan dabilkizuen diskurtsoa da hau eta nik, egia esan, ez dut sinesten.
Ez duzu sinesten?! Niri asko gustatzen zait arropa erostea, oso ondo pasatzen dudalako, eta, gainera, koloreak eta oihalak ikusteak izugarri inspiratzen nauelako. Soineko bat probatu eta momentu edo situazio jakin bat imaginatu... Bestela, egunero janztea niri buruz hitz egitearen pareko zerbait da: zer egingo dudan, nolako eguraldia dagoen, nola sentitzen naizen... janztea sormenetik oso hurbil dagoen zerbait da. Horregatik, modari jaramonik egiten ez diodala esaten dudanean, esan nahi dut ez ditudala tendentziak edo joerak zorrotz jarraitzen. Ez ditut markak ezagutzen, diseinatzaileak ere ez, ez dut moda aldizkaririk irakurtzen... besterik gabe, intuitiboki jokatzen dut.

Hain justu moda aldizkari bati emandako elkarrizketa batean zure joera ideologikoen harira egin zenituen adierazpenek zalaparta sortu zuten –ez omen dago bere pentsaera ordezkatzen duen alderdi politikorik baina, aukeratzekotan, eskuin aldera joko lukeela esan zuen–. Ez zaizu gai hauetaz hitz egitea gustatzen baina...
... ez eta, gainera, galdetzen badidazu, ez dizut erantzungo.

Tira, baina, emakume eta gazte zaren heinean, zer iruditzen zaizu, adibidez, Espainiako Gobernu berriak abortuaren legean udazken aldera egin nahi dituen modifikazioak?
Ba... begira, ez dizut galdera horri erantzungo. Ikusita zer nolakoak izan diren erreakzioak lehenago horrelako gai baten inguruan hitz egin dudanean... nahiago dut paso egin. Ez dut nire iritzia emango horretarako aukerarik ematen ez zaidan herrialde batean –Espainiaz ari da–.

Musikara itzuliko gara orduan. Noiz sentitu zenuen Myspace bat zabaldu, izen artistiko bat bilatu eta, hala, zuretzat konposatzetik haratago joateko barne beharra?
Faktore batek baino gehiagok egin zuten bat. Batetik, urte asko neramatzan konposatzen, nahiz eta kosta egiten zitzaidan abesti horiek erakustea. Baina, iritsi zen une bat zeinetan jakinmina asetzeko beharra nuen: material horrek guztiak beste pertsonengan nolako erreakzioa sorrarazten zuen ikusi nahi nuen. Bestetik, musikaria zen mutil batekin maitemindu nintzen –Brian Hunt–, eta bera niregana erakartzeko modua ere bazen.

Internet eta ahoz ahokoa gakoa izan dira zure kasuan. Inoiz pentsatu al duzu zer gertatuko litzatekeen zure musikarekin beste garai batean jaio izan bazina?
Halako galderak hain zabalak dira... baina bai, pentsatu izan dut. Eta jakin nahiko nuke, baita ere, zer gertatuko litzatekeen mutil hura ezagutu izan ez banu... agian ez nukeen musika hain serio hartuko eta ez nukeen nire energia guztia honetara bideratuko. Baina bai, galdetzen zenidan horretara itzulita, Internet gabe adibidez, askoz zailagoa litzateke. Agian beste musika mota bat egin beharko nukeen, ez dakit.

Falta edo gabezia duzu inspirazio iturri nagusia: egon ziren arren, orain ez dauden gauzak. Oso malenkoniatsua da dena. Edalontzia beti erdi hutsik ikusten duten horietakoa zara?
Biak ikusten ditut, hutsik dagoena eta beteta dagoena, biak direlako aberasgarriak. Baina gabeziari baikortasunetik begiratzen diot, falta denaren edertasuna gustatzen zaidalako. Dena dela, azken aldian idazten nabilen abesti berriek ez dute hori hain markatuta. Guztiok bizitzen ditugu ziklo desberdinak, eta sortzen ditugun lanetan hori zuzenean islatzen da.

Eta nola uste duzu hartzen duela jendeak malenkonia dosi hau egun bizi dugun giro sozial eta ekonomiko jakin honetan?
Musikak abstrakziorako izugarrizko ahalmena du, eta abesti batek irauten dituen hiru minutuetan beste guztia ahaztu dezakegu; besterik gabe, garamatzan lekuetara bidaitzen dugu. Nik, behintzat, horren bila entzuten eta egiten dut musika.

Behin baino gehiagotan izan zara Asian eta harrera ikaragarria jaso duzu beti. Fan legio izugarria duzu han, ezta?
Harrigarria da. Haraino zoaz, ilusioz, baina urrutitik ere ez duzu imaginatzen zain duzuna. Taiwanen, adibidez, 800 lagun bildu genituen bi gauez segidan. Asiara egindako lehenengo bidaia oso argigarria izan zen niretzat eta gertatzen ari zitzaidana, bizitza aldaketa, ulertzen lagundu zidan. Egindako abestiek funtzionatzen zutela ikusita, behingoz jakin nuen zein zen nire funtzioa, hau dela bizitzan nahi dudana.

Bizitza aldaketa onerako izan da ala alderantziz?
Onerako, uste dut. Askotan, hain zorioneko sentitzeak ikara ematen dit. Oheratzen naizenean pentsatu ohi dut ez dudala daukadana galdu nahi. Gustatzen zaidan honetatik bizi ahal izatea eta, gainera, munduan barrena bidaiatzea hain zoragarria da... betirako eduki nahiko nuke.

Nolakoak izaten dira inspirazio uneak? Bilatuak ala beren kabuz etortzen dira?
Denetarik. Orain gutxi, Londresen eta Glasgown izan gara. Londresekoa, adibidez, nire bizitzako gaurik garrantzitsuenetarikoa izan da. Etxera itzulitakoan, maletak utzi, eseri, lasaitu eta... zer edo zer oraindik barruan nuela sentitu nuen, ateratzeko zain. Eta konposatzen hasi nintzen, nahi gabe. Beste batzuetan, kontzienteagoa izaten da.

Beste artista batzuk ere izan dituzu abiapuntu. Besteak beste, The Beatles edota Cindy Lauper moldatu dituzu, eta Leonard Cohen-en 'So long Marianne' orain gutxi. Nola ekiten diezu horrelakoei? Errespetutik, pentsatzen dut; eta beldur puntu batekin agian?
Batez ere errespetutik, noski. Baina beldurrik gabe. Gustatzen zaizkidanak hartu eta nire modura, barrutik atera bezala, errepresentatzen ditut.

Eszenatokietara banda handiago batek lagunduta igotzeko asmoa zenuela entzun nizun: hariak, haizeak... zertan da ideia hau?
Hori nuen buruan, bai, baina azkenean justu kontrako joera hartu dut. Urte hauetan guztietan alboan eduki ditudanekin jarraitzen dut. Azkenean, hobe da benetan elkar ulertzea ahalbidetzen duten lagun horietara mugatzea.