Los Bichos: Ekaitza dator

Los Bichos: Ekaitza dator https://www.gaztezulo.eus/albisteak/los-bichos-ekaitza-dator/@@download/image/66p8-1.jpg
2006/09/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Los Bichos: Ekaitza dator
Munster diskoetxeak Los Bichos talde nafarraren ibilbide osoa jasotzen duen bilduma argitaratu berri du. Disko-bikoitz horretan, Josetxo Ezpondak, Los Bichos-eko liderrak, aukeratutako 36 kantu topatuko dituzue, abesti ezezagunak eta maketetakoak barne.

Harribitxi dotorea da "1991-1988" lana; bai diseinuari, bai edukiari dagokienez. Euskal Herriko rock´n´roll mugimenduak emandako talde interesgarrienetariko bat izan ziren Los Bichos nafarrak. Punk rocka, glam rocka, eta Australiako r'n'r ilun eta hezea bikain uztartu zituzten, misterioz beteriko kantuak eginez.

Los Bichosek oso kritika onak jaso zituen, baina laudorio horiek ez zituzten salmenta handiak ekarri. Ez hori bakarrik: betidanik, zorigaiztoko giro gaixotia egon da taldearen inguruan; rock and rollaren maitale sutsuen artean behin baino gehiagotan antzeman daitezkeen muturreko jokabide zintzo, baina kaltegarrien erakusgarri.

Rock Erradikaletik urrun

Josetxo Ezponda 1978an hasi zen musika munduan, Tensión izeneko punk taldearekin. Hura izan zen Iruñeko lehendabiziko punk taldea. Hamar urte beranduago, Los Bichos koadrilak lehen maketa grabatu zuen.

Josetxorekin batera, Asio baxu-jolea, Charly gitarra-jolea eta Fermin bateria-jolea aritu ziren estudioan. Zenbait kontzertu eskaini ondoren, Madril eta Bartzelonan aritu ziren, eta Munster zigiluaren bilduma batean esku hartu zuten. 1989an, talde berritzaileenaren saria jaso zuten Bilbo Hiria Rock lehiaketan, eta, urte berean, lehen diskoa iritsi zen: "Color Hits".

Sinesgaitza dirudien arren, "Color hits" hura Oihuka zigiluak kaleratu zuen. Garai hartan, Marino Goñik Oihuka diskoetxean ziharduen (egun Gor diskoetxeko arduraduna da), eta Marinok di-da batean antzeman Los Bichos hura talde handia zela, Euskal Rock Erradikaletik urrun egon arren. "1991-1988" bildumako liburuxkan, Josetxo Ezponda hitz hauekin zuzentzen zaio Marino Goñiri: "Ez dut inoiz ulertuko zer gertatu zen Marinoren buruan. Marino, eroaldia izan zen? Ahultasun unea? Ez dut uste... Badakizu zu gabe ez ginela deus ere izango".

Marinori esker, euskal rockaren historiako diskorik onenetariko bat —onena ez bada!— kaleratu zuen Los Bichosek. "Shadow Girl", "Me gustaría llorar" eta "Verano Muerto" bezalako kantu bikainen ondoan, bertsio liluragarriak tartekatu zituzten: Bo Diddley, Velvet Underground, Roy Orbison, Stooges…

Diseinu bikaina

Hori musikari dagokionez. Izan ere, musikari eta letra-jartzaile handia izateaz gain, diseinatzaile aparta ere bada Josetxo Ezponda. "Color hits" diskoaren azal koloretsuan igartzen da hori: Josetxoren irudi eta tipografiak itzelak dira. Eta karpetaren atzeko aldean, "Ekaitza badator" lelo esanguratsua urrezko hizkietan ageri dela, eta Josetxo argazkian, marakak astintzen.

1991an, "Bitter Pink" izeneko disko bikoitza argitaratu zuen Los Bichosek. Disko luze eta interesgarri hori ere Oihukak kaleratu zuen. Hirugarren eta azken diskoa Munster zigiluak argitaratu zuen: "My Deaf Pink Love". Azkeneko lan hori Jotsetxok berak sinatu zuen bakarlari gisa, eta Frantzian ekoitzi zuen.

Laburbilduz: "1991-1988" bilduma ezinbestekoa da Euskal Herriko garai rockanrolleroena ezagutzeko, Los Bichos, La Perrera, Cancer Moon, Los Clavos eta La Secta bezalako taldeek Euskal Herriko taberna eta areto guztiak zuzenean kiskaltzen zituzteneko sasoiaz ari gara.

La Banda Trapera del Rio

La Banda Trapera del Río, punk rock talde katalanaren cd-liburua ere argitaratu du Munster zigiluak: "1978/1982 Grabaciones Completas".

La Banda Trapera del Rio Kataluniako —eta estatu espainiarreko— lehen punk rock taldea izan zen. Tío Modes gitarra-jolearen akordeak entzunda, edota "Curriqui de Barrio", "Ciutat Podrida" edo "Monpatín" bezalako kantuei erreparatuta, berehala ohartuko zarete, punk rockaren erritmo zo-rrotzen esentzia hor dagoela. Morfi Grei kantariaren hitzak ere zirikatzaileak dira, benetan. Ezinbestekoa punk rocker guztientzat.