'Literatur Amuak' jaialdia Ondarroan

'Literatur Amuak' jaialdia Ondarroan Liburu aurkezpenak, erakusketak, errezitaldiak, kontzertuak eta antzerkia izango dira, besteak beste, abenduaren 5era bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/literatur-amuak-jaialdia-ondarroan/@@download/image/DSC_0389-1024x678.jpg
2021/11/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Liburu aurkezpenak, erakusketak, errezitaldiak, kontzertuak eta antzerkia izango dira, besteak beste, abenduaren 5era bitarte.
'Literatur Amuak' jaialdia Ondarroan

Ondarroako Literatur Amuak jaialdiaren egitaraua bestelakoa da aurten, udaleko euskara eta berdintasun sailen arteko elkarlana dela eta. Horren ondorioz, euskarazko kultur sortzaileei eskainitako ekintzak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin lotuta antolatutakoekin uztartu dituzte. "Aldarrikatuko dugu ez dugula emakumeen kontrako indarkeriarik onartzen, aldarrikatuko dugu nazkatuta gaudela indarkeria matxistarekin eta ozen esango dugu, baita ere, emakumeak plazetan nahi ditugula: Emakumeak kantuan, oholtzan, emakume sortzaileak eta parte-hartzaileak. Eta, noski, aldarrikatuko dugu euskaraz bizi nahi dugula; gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko nahia dugula, euskarak egiten gaituelako herri”, adierazi dute antolatzaileek. 

Azaroaren 19an hasi zuten ibilbidea eta abenduaren 5era arte luzatuko da egitaraua. Gaur, Maribel Aiertzak Ez da ezer dirudiena liburua aurkeztuko du 18:00etan Kofradia Zaharrean. Orduerdi geroago palindromo ilustratuen erakusketa inauguratuko dute bertan eta, 19:00etan, Alain Lersundiren Nire Zigilua: Homofobiaren (beste) istorio bat antzezlana eskainiko dute. Hurrengo egunean Pello Lizarralde irakurle taldean izango da, 10:00etatik 12:00etara, bere azken liburuaz hitz egiteko. 17:00etan, berriz, Ondarroako kondairak haurrentzako ikuskizun sentsoriala emango dute, Ondarroa inguruko ipuinak liburuan oinarriturik. Azkenik, 19:00etan, Olatz Salvadorrek Udagoieneko osterak egitasmoaren barruan emandako kontzertuaren proiekzioa egingo da Alde Zaharrean. Igandean, hilak 28, Metrokoadroka kolektiboaren Andre zaharraren manifestua antzezlana izango da, 18:00etan, Kofradia Zaharrean.

Abenduaren 2an Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana taularatuko dute Kamikaz kolektiboak eta Ttak teatroak. Hurrengo egunean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat ekitaldi izango dira. Agustin Zubikarai sariketaren aurtengo irabazlea nor den iragarriko dute, eta iaz irabazle izendatutako Lander Garrok Faith nobela aurkeztuko du, Joxemari Urteaga eta Xabier Mendigurenekin solasean. Nanoipuin lehiaketaren sari banaketa ere egingo dute jarraian. Eguna amaitzeko, poesia errezital musikatua eskainiko dute Mikel Etxaburuk, Izaskun del Cerrok eta Nerea Zuloagak, Oroitzen hondarra nota txikietan izenburupean. Abenduaren 4an Abere ba umeentzako letra eta hitz jolas tailerra izango da eta hurrengo egunean, berriz, Anariren kontzertu akustikoa. Amaitzeko, Saturraran: 1938-1944: Saturrarango emakumeen kartzelaren memoria erakusketa abenduaren 23ra arte egongo da zabalik, Etxelilan. 

Jarduera batzuetarako sarrerak edo gonbidapenak beharrezkoak izango dira eta Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.