Liher taldearen kontzertua urtarrilean Donostian

Liher taldearen kontzertua urtarrilean Donostian Euren azken diskoko kantuak joko dituzte emanaldian eta Lamiak taldea arituko da euren aurretik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liher-taldearen-kontzertua-gaur-donostian/@@download/image/li-48.jpg
2021/11/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudi nagusia: Irantzu Pastor 
@irantzupastor 

Euren azken diskoko kantuak joko dituzte emanaldian eta Lamiak taldea arituko da euren aurretik.
Liher taldearen kontzertua urtarrilean Donostian

Liher taldeak urtarrilaren 29an aurkeztuko du Eta hutsa zen helmuga laugarren diskoa Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxeko DKluban. Toki berezia da taldearentzat, Nor zaren ere abestiaren bideoklipa bertan grabatu baitzuten. Lamiak talde hirukote donostiarrak zabalduko du kontzertua, 21:00etan.

Ander Berzosa (bateria), Joshka Natke (baxua, koroak), Iñigo Etxarri (gitarra, koroak) eta Lide Hernando (ahotsa, gitarra) musikariek osatzen duten Liher taldea, eta sei urtean kaleratutako laugarren lana da Eta hutsa zen helmuga. Aurreko diskoarekin, Hemen herensugeak daude, pandemia garaian 35 kontzertu emateko aukera izan du rock taldeak, baina "antzua izatera kondenatua zegoen garai horri buelta eman nahian", bi urte bete ez dituen zikloa itxi eta berriz ere sorkuntzan murgildu dira, 11 kanturen bidez. 

Eta hutsa zen helmuga lanean hasiera eta bukaera izan dituzte mugarri, eta horretarako "aldez aurretik negatiboak diren baina horietatik ikaspen baikorra atera daitekeen bi kontzeptu" erabili dituzte: hasieran, haustura; amaieran, hutsa. Haustura Kintsugi izeneko filosofia japoniarrarekin adierazi dute –hala du izena lehen abestiak–, zeinak hautsitako objektuei osorik daudenei baino balio handiagoa ematean datzan. Diskoaren lehen zatian taldearen eta norberaren hausturei, beldurrei eta atsekabeei buruz eta horiek konpontzeko kemenari buruz ari dira. Erditik aurrera, berriz, "dramaren erdian kolektibotasuna aurkitzeak duen eraginaz" dihardute, "harik eta norberaren eta gizartearen konpontze prozesu horretan huts sendatzaile baten terrenoan sartu arte". Amaierako abestian, Oteizak bere entseguetan ikertutako huts espazialaz, euskal arimaz eta gure arbasoek harrespilekin zuten harremanaz mintzo dira.

Hainbat kolaborazio izan dituzte diskoan, hala nola Noa Egiguren Ain’t no Lullaby abestian, Lidia Intsausti Hasi kantuan, Alain Martinez Mairubaratza-n eta Miren Narbaiza Orri zuri batek abestian. 

Lamiak 2017an sortutako hard rock power trio donostiarra da. Ander Aramburu (gitarra eta ahotsa), Xabi Arrazola (bajua) eta Xabier de la Fuentek (bateria) osatzen dute taldea. 2019an argitaratu zuten Itsuen Aroa izeneko lehen diskoa, 8 abestiz osatutakoa. Akorde eta riff pisutsu eta astunak ukitu alternatibo eta melodiko nabariekin nahasten dituzte bertan. Otsailean kaleratuko dute bigarren diskoa eta Bigarren mundu bat singlea plazaratu berri dute sareetan, pasa den martxoan Eskerrak eta maiatzean Krokodiloaren malkoak ezagutzera eman ondotik.

Kontzerturako sarrerak hemen daude salgai.