Dopina baimenduko duten "Olinpiar Jokoak" egin nahi dituzte 2026an

Dopina baimenduko duten "Olinpiar Jokoak" egin nahi dituzte 2026an Lehiaketetan onartzen ez diren substantziak hartzera bultzatu nahi dituzte kirolariak, "supergizakia" noraino irits daitekeen ikusteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dopina-baimenduko-duten-olinpiar-jokoak-egin-nahi-dituzte-2026an/@@download/image/enhanced +.jpg
2025/05/28
Lehiaketetan onartzen ez diren substantziak hartzera bultzatu nahi dituzte kirolariak, "supergizakia" noraino irits daitekeen ikusteko.
Dopina baimenduko duten "Olinpiar Jokoak" egin nahi dituzte 2026an

Teknologia eta dopajearen bitartez, munduko errekorrak gainditu nahi dituzte "Enhanced Games" edo "Joko Hobetuen" sortzaileek. Debekatutako substantziak erabili ahal izango dituzte kirolariek eta, hori dela eta, "hobeturiko jokoak" baino, "dopin jokoak" direla  nabarmendu dute ekimenarekin kritiko direnek. Atletismoko Nazioarteko Federazioko presidentea den Sebastian Coeren iritziz, "tontakeria hutsa" da egitasmo berri hau. 

Jokoen sortzailea den Aron D'Souza enpresari australiarra ez da iritzi berekoa, ordea. Haren ustez, "munduko errekorrak hausteko gaitasuna duten atletak" behar dituzte eta "gizakien mugak gainditzeko" aukera eman nahi diete. 

Munduko errekor bat ontzen duen atletak miloi bat euro irabaziko ditu. Dirua Donald Trumpen seme zaharrena buru duen finantza-talde batek jarriko luke. Trump Jr.-en ustetan, "munduko kirolen ardura duten eliteek berrikuntza eragotzi eta norbanakoaren handitasuna zapaldu dute, eta atletei mugak gainditzeko aukera ukatu diete". 

Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (AMA) jokoen inguruko kezka erakutsi du, ideia "arriskutsua eta arduragabea" iruditzen zaielako. Debekatutako substantziak eta metodoak "denbora-pasarako eta marketinerako erabiltzea arriskutsua dela" azaldu du erakundeak, eta bertan parte hartuko dutenek zigorra jasoko dutela ere ohartarazi du: " Atleten osasuna eta ongizatea da AMAren lehentasun nagusia. Halako substantziak eta metodoak erabiltzeagatik ondorio larriak izan dituzte hainbat atletak. Batzuk hil egin dira".

Zalapartak zalaparta, badirudi jokoen lehen edizioa 2026ko maiatzaren 21etik 24ra izango dela, Estatu Batuetako Las Vegas hirian. Atletismoa, igeriketa eta halterofilia izango dira lehiarako kirolak. Parte hartuko duten kirolariek errekorrak haustea izango dute helburu.