Liburuak, eskubideak eta iraultzak

Liburuak, eskubideak eta iraultzak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liburuak-eskubideak-eta-iraultzak/@@download/image/2010467827libur_1362430958.jpg
2010/04/02
erreportajea
Testua: Haritz Rodriguez
Internetek goitik behera eraldatu du denetariko edukien sorkuntza, eta batez ere edizio eta zabalpen prozesuak. Esan ohi da duela zenbait urte gutxi batzuek kontrolatzen zutena ia edonoren eskuetan dagoela orain. Baina Internetek zerbait aldatu badu, orain arte eduki horiek kudeatu dituen industriaren egoera da.

E-liburuei dagokienean, bi kontzeptu ezberdindu behar dira. Batetik, liburu elektronikoak daude, alegia, fitxategi ezberdinak irakurtzeko balio duten gailu elektronikoak. Bestetik, liburu digitalak ditugu. Hots, testuz osatutako edukiak dituzten fitxategiak, gailu elektronikoen bitartez irakurtzen direnak.

Liburu denda asko hasi da liburu elektronikoak saltzen. Eta hainbat argitaletxe paperezko liburuak ez ezik, digitalak ere ekoizten eta saltzen hasi dira.

Euskal Herrian ere, eta euskaraz, gai honen inguruko eztabaida pil-pilean dago. DRM (Digital Rights Management) delako afera da eztabaidatsuenetako bat eta iritziak, jakina, orotarikoak dira.

DRMa liburu digitalak kopiatzea galarazten duen sistema da. Alegia, liburu digital bat erosiz gero, baliteke liburu hori jatorrizko formatuan soilik irakurri ahal izatea eta liburu elektroniko bakar batean. Alegia, erositako liburu digitala ezingo diogu beste inori utzi, liburu hori gordeta daukagun gailua ere uzten ez badiogu behintzat.

Adibide erraz batekin ulertzeko: DRMa paperezko liburuei ezartzeko modurik balego, geure liburutegian ditugun aleak ezin izango genizkioke inori utzi. Nolabait esatearren, liburutegi osoa utzi beharko genioke, apal eta guzti.

Geurean, Gorka Juliok eztabaida interesgarria abiatu zuen DRMaren inguruan, joan den abenduan Durangoko Azokan euskarazko liburu digitalaren merkatua aztertu ostean.  Teketen.com blogean idatzitakoak iritzi ezberdinak azaleratu zituen. Ezinezkoa da informazio hori guztia lerro hauetan biltzea, baina Juliok esandakoez gain, Marko Txopitearen eta Hasier Etxeberriaren iritziak aipatzeak merezi du.

Txopiteak eta Juliok DRMa bezalako murrizketarik gabeko kulturaren aldeko argudio sendoak aipatu zituzten, baina Etxeberriak, egilea den aldetik, aro digitalean kultur sorkuntza errentagarri bilakatzeko zailtasunen inguruko hausnarketa plazaratu zuen.

Eztabaida guztiaren berri izateko, aipatu bloga bisitatu eta bilaketa tresnan “DRM” hitza bilatzea gomendatzen dizuet. Ohartuko zarete batzuek eskubide digitalen aurkako neurri bezala ulertzen dutena besteek egileen eskubideen berme bezala jotzen dutela.

Nik ere zalantza ugari ditut gai honen inguruan. Egileentzat kultur sorkuntza oraindik errentagarria izan daitekeela uste dut, batetik.  Akaso, ez hain errentagarria sorkuntza horren inguruan jaiotako industriarentzat. Eta hori positiboa dela ere sinesten dut. Gauza bat argi dut, ordea: iraultza digitalari aurre egitea bere garaian iraultza industrialari aurre egitea bezain zentzugabea da. Iraultza industrialak produktuen ekoizpen eta merkaturatze prozesuak guztiz eraldatu bazituen, iraultza digitalak kulturaren ekoizpenari berdintsu eragin dio.

Eta ziur nago paperezko liburuen edizioa aro digitalera moldatuko dela, eskuizkribuak inprentara egokitu ziren bezala. Baina iraultza guztietan gertatzen den legez, prozesu horien inguruan diseinatutako eskema zahar batzuk bidean galduko dira, beste batzuk sortzeko.