LIBEROAMERIKA: EUSKAL IDAZLE GAZTEEN BILA

LIBEROAMERIKA: EUSKAL IDAZLE GAZTEEN BILA Idazleen mundua ez da erraza izaten inorentzat, are gutxiago hasiberriak diren gazteentzat eta gainera euskaraz idazten dutenek are zailagoa izan ohi dute. Horri irtenbide bat eman nahian hainbat literaturzalek eta idazle gaztek “Liberoamérica” egitasmoa sortu zuten orain dela bi urte Bartzelonan. Orain “Liberoamerika” euskal idazleentzako euskarazko bertsioa jaio da eta idazle gazteak bilatzeko helburuarekin bi deialdi ireki dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liberoamerika-euskal-idazle-gazteen-bila/@@download/image/alvaro-serrano-133360.jpg
2019/05/23

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Idazleen mundua ez da erraza izaten inorentzat, are gutxiago hasiberriak diren gazteentzat eta gainera euskaraz idazten dutenek are zailagoa izan ohi dute. Horri irtenbide bat eman nahian hainbat literaturzalek eta idazle gaztek “Liberoamérica” egitasmoa sortu zuten orain dela bi urte Bartzelonan. Orain “Liberoamerika” euskal idazleentzako euskarazko bertsioa jaio da eta idazle gazteak bilatzeko helburuarekin bi deialdi ireki dituzte.
LIBEROAMERIKA: EUSKAL IDAZLE GAZTEEN BILA

2017ko maiatzean Liberoamérica sortu zen aldizkari digital moduan. Horrela, hedabide kultural handietan argitaratzeko aukera ez zuten idazle gazteek bertan ahotsa izan zezaketen. Handik hilabetetara Latinoamerika, Portugal eta Estatu Espainiarreko 500 idazleren lanak argitaratu zituzten. Arrakasta lortu zuen proiektuak jarraitzaileak laukoiztuz. Ekimenaren bultzatzaileek poesia eta feminismoa zituzten ardatz eta hori dela eta, emakume idazleen antologia bat egitea erabaki zuten. Argentina eta Uruguay-ko argitaletxe txikiei laguntza eskatu zitzaien ekimenean laguntzeko, baina akordioa ezinezkoa izan zen. Honen aurrean, etsi beharrean, crowdfunding kanpaina bat jarri zuten martxan eta azkenik 84 emakume gazteren poesia antologia argitaratzea lortu zuten.

2018ko abuztua eta iraila artean beste crowdfunding kanpaina sortu zuten eta 141 emakume gazteren lana aurkeztu zuten Liberoamericanas izenpean. Bertan testuak hizkuntza anitzetan daude: gaztelania, katalana, galegoa, euskara, eta portugesa.

EKIMENA EUSKAL HERRIAN
Egun ekimena Euskal Herrira iritsi da Liberoamerika izenpean eta Leire Alonso eta Iosune de Goñiren gidaritzapean. Euren helburua euskarazko literatura argitaratzea da. Horretarako bi deialdi zabaldu dira: poema-liburuak argitaratzeko bata eta idazle gazteen literatur bilduman parte hartzeko bestea. Halere, biak ala biak euskal idazle gazteei bideratuta daude. Proiektuaren helburua literatura berria da, bai idazle gazte eta ezezagunen lanak kaleratuz alde batetik eta baita literatur genero berriak lantzea ere beste aldetik. Horretarako bi deialdi egin dira: lehen deialdiak euskarazko antologia bat kaleratzea du asmo eta bigarrenak euskal idazle gazteen banakako lanak argitaratzea. Zu baldin bazara idazle gazte horietako bat hemen azpian dituzu oinarriak, ez galdu aukera!

Poema-liburuak argitaratzeko deialdia

  1. Deialdi honetara euskaraz idatzitako poesia bildumak aurkez daitezke, originalak eta
    aurretik argitaratu gabeak.

  2. 30 urtetik beherako pertsonek parte har dezakete, edozein delarik haien nazionalitatea, jatorria edo bizilekua.

  3. Lanen luzera gutxienez 40 orrialdekoa izango da. Idazleak askatasun osoa du nahi duen gaia eta estiloa aukeratzeko.

  4. Lanak emailez bidali beharko dira, liberoamerika.euskara@gmail.com helbidera. Poema-bildumarekin batera, egileak biografia labur bat bidaliko du, bereizitako dokumentu batean.

  5. Aukeratutako lanak Liberoamerika argitaletxean argitaratuko dira eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko zaizkio idazleari.

Idazle gazteen literatur bilduman parte hartzeko deialdia

  1. Deialdi honetara euskaraz idatzitako literatur lanak aurkez daitezke.

  2. 30 urtetik beherako pertsonek parte har dezakete, edozein delarik haien nazionalitatea, jatorria edo bizilekua.

  3. Deialdiaren xedea idazle gazte eta berrien obrak biltzea denez, proposamen original eta berriek lehentasuna izango dute. Genero literario tradizionalekin apurtzen duten lanak argitaratu nahi ditugu.

  4. Lanen luzera gehienez 3 orrialdekoa izango da. Idazleak askatasun osoa du nahi duen gaia, estiloa eta generoa aukeratzeko.

  5. Lanak emailez bidali beharko dira, liberoamerika.euskara@gmail.com helbidera. Testuekin batera, egileak biografia labur bat bidaliko du, bereizitako dokumentu batean.

  6. Lanak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da.

  7. Aukeratutako proposamenak Liberoamerika argitaletxeak antolatutako euskal idazle
    gazteen bilduman argitaratuak izango dira.