LGBT+ KOLEKTIBOARI BURUZKO ZENBAIT DATU

LGBT+ KOLEKTIBOARI BURUZKO ZENBAIT DATU 1990eko maiatzaren 17an Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea garuneko gaitzen zerrendatik kendu zuen. Orain dela 15 urte, maiatzaren 17an, erabaki zen Homofobia eta Transfobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzea duen karga sinbolikoagatik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lgbt-kolektiboari-buruzko-zenbait-datu/@@download/image/2-derechos-mezclapersonas-1754x877.jpg
2019/05/17

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

1990eko maiatzaren 17an Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea garuneko gaitzen zerrendatik kendu zuen. Orain dela 15 urte, maiatzaren 17an, erabaki zen Homofobia eta Transfobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzea duen karga sinbolikoagatik.
LGBT+ KOLEKTIBOARI BURUZKO ZENBAIT DATU

Egun honen helburu nagusia komunikabideak, lider politikoak eta gizartea oro har astintzea da, LGTB+ komunitateak sufritzen duen bazterketa eta biolentziaren inguruan kontzientzia har dezaten. Zeren oraindik 72 herrialdeetan ilegala da homosexualitatea eta 8 herrialdeetan heriotzarekin zigortzen da.

Europako biztanleriaren %6 LGBT+ kolektibokoa da
Egin den ikerketa batek dioenez, Europan %5,9k LGTB+ kolektiboarekin identifikatzen dela esan dute, nahiz eta datua handiago izan daitekeen; oraindik ez baitago erabateko askatasunik honetaz hitz egiteko eta pertsonaren bizi esperientziek baldintzatu baitezakete erantzuna. Haatik, datuen arabera herrialdeen artean ezberdintasun esanguratsuak daude: Alemanian dago portzentaia handiena (%7,4) eta gutxiena Hungaria (%1,5). Hego Euskal Herriko datuen faltan aipatu Espainiar Estatua bigarren postuan dagoela (%7,4). Halere, ikerketa zehaztu beharra dago, erantzun irekiak baitziren eta pertsona asko ez da soilik heterosexual bezala identifikatzen eta horregatik %10era igo liteke portzentaia.

25 herrialde baino gehiagok onartzen dute homosexualen arteko ezkontza
2017ko datuak begiratuz, 25 herrialdek onartzen dituzte sexu bereko pertsonen ezkontzak eta horietatik 14 europarrak dira. Lehen legegintza Holandan onartu zen 2000. urtean. Horren ondoren antzeko lege bat onartzeko 2005. urtera arte itxaron behar izan zen eta Kanadak onartu zuen. Urte berdinean, Espainiako Estatuak ere homosexualen arteko ezkontza onartu zuen. Alta, oraindik Australiak, Italiak, Esloveniak, Greziak, Estoniak, Hungaria, Txekiar Errepublikak eta Suitzak elkarketa zibila bainoa ez dute onartzen. Alemaniaren kasuan, 2017ra arte ez zuten matrimonio homosexualaren aldeko legerik onartu, nahiz eta LGTB+ kolektiboarekin identifikatzen diren pertsonen portzentaia altuena eduki.

Ipar Euskal Herriko homofobiari buruzko datuak eman ditu Bascosek
Gurera etorriz, Hego Euskal Herriko datu gaurkoturik aurkitu ez badugu ere, aste honetan bertan Ipar Euskal Herriko LGTB+ elkarte Bascosek homofobiari buruzko lehen inkestaren emaitzak argitaratu ditu. Galdeketa internet bidez burutu zen urtarrila-martxoa bitartean eta urtero egiten jarraitzeko asmoa plazaratu dute. Galdetutako 247 pertsonen herenak erasoak jasan dituztela aitortu dute. Emaitza zinez larria.

Galdeketen arabera, eremu publikoan egiten diren hitzezko erasoak dira ugarienak. Galdetutakoen %18,7k beldurra sentitu dute noizbait; %87,9k zeharkako oharrak jasan dituzte; ahozko erasoak berriz, %43k eta eraso fisikoak %8,4k. Aipatzekoa da erasoak ugariak izan arren, eraso horietatik %9 soilik salatu direla. Inkestatutakoen artetik 142 gazteak dira eta horietatik herenak baino gehiagok eskolako eremuan deseroso sentitzen direla aipatu dute. Bildutako datuen arabera, erasoen laurdenak eskola eremuan gertatzen dira, eta %13,2 kirol edo aisialdiko momentuan. Alta, lan eremuan ere galdetutakoen laurdenak deserosotasunak sentitzen dituela aitortu du eta inkesta bete duten pertsonen erdiak diskriminazioaren testigu izan dira.

Estatu frantses mailan, LGBT+ kolektiboko 1.200 pertsonei egindako inkesta plazaratu du aste honetan “Le Monde” egunkariak. Bertan azaltzen da sei pertsonetatik bat erasotua izan dela eta horietatik %7 eraso fisikoak izan direla. Aurreko urteko datuekin alderatuta kopurua bikoiztu egin da. Aipatu bezala, Espainiar Estatuko datu eguneratuak eskura ez baditugu ere, beste urtetako datuak egunkari honek argitaratutakoen oso antzekoak dira.

Honen aurrean, ezinbestekoa da sentsibilizazio kanpainak martxan jartzea. Horrez gain, hezkuntza zentroetan prebentzioa lantzea ere zinez da garrantzitsua, hezkuntza baita guztiaren oinarria. Bestalde, homofobia edota transfobiaren biktimei lagundu diezaieketen erakunde eta eragileen berriak zabaltzea ere beharrezkoa da, ikus dezaten horrelako erasoen aurrean ez daudela bakarrik. Arazo hau guztiona baita, eraso bat, arrazoia dena delakoa dela ere, onartezina da eta guztion askatasuna mugatzen du.

MUNDU MAILAKO DATUAK
72 herrialdeetan homosexualitatea ilegala da.
8 herrialdeetan homosexualitatea heriotzarekin zigortzen da.
26 herrialdek homosexualitatea heriotzarekin zigortzen da.
12 herrialdeetan homosexualen elkartze zibila onartzen da.
25 herrialdeetan sexu berdineko bikoteen ezkontza onartzen da.
72 herrialdek orientazio sexualean oinarritutako lan bazterketa debekatzen du.
43 herrialdek orientazio sexualean oinarritutako gorroto jarrerak debekatzen dituzte.
36 estatutan, AEBetan, homosexualen arteko ezkontza onartzen da.