Larunbatean hasiko dira Bilboko Udaberriko Bertso Saioak

Larunbatean hasiko dira Bilboko Udaberriko Bertso Saioak Santutxuko Karmelo plazan larunbatetako hiru saio, eta osteguneko bertso poteoa egingo dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-hasiko-dira-bilboko-udaberriko-bertso-saioak/@@download/image/santutxu.jpeg
2023/05/22
Santutxuko Karmelo plazan larunbatetako hiru saio, eta osteguneko bertso poteoa egingo dituzte.
Larunbatean hasiko dira Bilboko Udaberriko Bertso Saioak

Santutxuko Bertso Eskolak, Bilboko udalaren laguntzaz, antolatutako Udaberriko Bertso Saioak ekimena itzuliko da maiatzean eta ekainean Bilboko Santutxu auzoko Karmelo plazara. Aurten ohiko bertso-poteoa ere berreskuratuko da, Karmelo plazaren inguruan.Ekimen honen helburua bertso eskolaren lana balioetsi, babestu eta Bilbon euskal kultura eta hizkuntza sustatzea eta euskaltzaleen topaleku bihurtzea da. 

Lau saio izango dira guztira; lehenengoa larunbatean izango da, maiatzaren 27an, eta hurrengoak, berriz, ekainaren 3an, 8an eta 17an. 

Guztira, hamalau bertsolarik parte hartuko dute edizio honetan, zazpi emakume eta zazpi gizon, Euskal Herriko hainbat lurraldetakoak. Tartean izango dira iaz jokatutako Euskal Herriko Txapelketako zortzi finalistak eta Onintza Enbeita, Ibon Ajuria, Uxue Alberdi eta Oihana Bartra

Honela izango dira saioak: maiatzaren 27an, 13:00etan, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, eta Joanes Illarregi; ekainaren 3an, 13:00etan, Alaia Martin, Sustrai Colina, Oihana Bartra eta Beñat Gaztelumendi; ekainaren 8an, Santutxun bertso poteoa, 19:30etik 21:30era, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuriarekin; eta ekainaren 17an, 13:00etan, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita.