Lanak internet bidez

Lanak internet bidez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lanak-internet-bidez/@@download/image/64p50-1_1365534964.jpg
2006/06/02
erreportajea
Gorka julio
Lanak internet bidez
Orain arte programa handiak jarri behar izaten ziren ordenagailu bidez lan egiteko. Ezagunak dira Office bezalako programa sortak, baina, gaur egun, horiek bezain onak diren beste alternatiba batzuk ere badaude: Open Office, eta nabigatzaile soil batekin erabil daitezkeen tresna berriak. 

Gaur egun, gure lanak interneten eta nabigatzaile baten bidez egiteko programak eskura ditzakegu. Programa horiek egun ezagutzen ditugun programen antzekoak dira. Funtzio gutxiago izan arren, erabiltzaile arruntarentzat nahikoa izaten da programa horiekin. Hona hemen datu basea, aurkezpenak, testu dokumentuak, posta elektronikoa eta abar sortzeko tresnak:

Testu dokumentuak egiteko

Writely
www.writely.com
Testu dokumentuak online sortzeko tresna paregabea da. Testu-prozesadore batek ematen dituen aukerez gain, pertsona batek baino gehiagok aldi berean dokumentu berarekin lan egiteko aukera ere eskaintzen du. Aurreko bertsio guztiak gordetzen ditu, eta ez dago arazorik zerbait berreskuratu behar izanez gero. Era berean, fitxategiak hainbat formatutan gorde daitezke, gure ordenagailuan jasotzeko, eta ordenagailuan ditugun dokumentuak ere igo daitezke, bertan lan egiteko. Izen ematea beharrezkoa da.

ajaxWrite

www.ajaxwrite.com Ez dago izena eman beharrik hau erabiltzeko. Ordenagailuan ditugun dokumentuak ireki, bertan lan egin eta, gero, berriro gorde behar dira. Hainbat formatutan gorde daitezke: MS Office (doc), Open Office (odt), txt, rtf edota pdf.

Kalkulu orriak egiteko

iRows
www.irows.com  Kalkulu orriak internet bidez egiteko aukera ematen du tresna honek. Writely-n bezala, pertsona batek baino gehiagok lan egin dezakete aldi berean, eta bertsio guztiak automatikoki gordetzen ditu. Egindako kalkulu orriak MS Excel (xls), Open Office (ods) eta cvs formatuetan gorde daitezke. Sartutako datuekin grafikoak egiteko aukera ere ematen du.

Num Sum

www.numsum.com  Aurrekoak eskaintzen dituen aukera gehienak ematen ditu honek ere, baina gordetzeko muga gehiago ditu. Besteak beste, gai berdina lantzen duten kalkulu orriak aurkitzeko aukera ere ematen du. Web gunean azaltzen dutenez, kalkulu orri horiek gauza askotarako erabil daitezke: egutegiak edo taldeak antolatzeko taulak egiteko, kostuak aztertzeko, eta beste.

Aurkezpenak egiteko

Thumstacks
www.thumbstacks.com  Aurkezpenak egiteko tresna paregabea da. Honi esker, aurkezpenak Internet bidez egin eta zabal daitezke. Aurkezpena amaitutakoan, argitaratzeko aukera ere ematen du. Hartara, nahi duenak aurkezpena ikusteko aukera izango du, lotura baten bitartez.

Datu baseak egiteko

Lazybase
http://lazybase.com  Datu baseak taldeka edo bakarka sortzeko aukera ematen du. Datu baseak hainbat formatutan eskura daitezke: csv formatuan, edota gure web gunean jartzeko aukera ematen duen rss formatuan, besteak beste.

Egutegiak

Google Calendar
http://calendar.google.com  Honen bidez egutegiak sor ditzakegu, taldeka zein bakarka. Argitara ere eman daitezke, nahi duenak ikus ditzan. iCal formatuan sortutako egutegiak, gure ordenagailura jaitsi, eta egutegiak kudeatzeko programa arruntekin erabil daitezke: Firefox Sunbird, Mozilla Calendar, Apple iCal, MS Outlook eta Novell Evolution programekin, besteak beste.

CalendarHub

www.calendarhub.com  Google Calendar baino lehenago sortutako aplikazio honek aukera asko eta onak eskaintzen ditu; besteak beste, sartutako ekitaldien oharrak posta elektronikoz edota sms mezuen bidez jasotzeko aukera (herrialde batzuetara mugatua).

Beraz, lehen programa handiekin egiten genuena, orain nabigatzaile soil baten bidez egin dezakegu. Norberak erabakiko du baliagarri zaion ala ez, baina, jakina, horretarako, probatu egin behar.