Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

'Physis versus Nomos'
SUKALDARIAK: Partaideak Beñat Antxustegi, Xalba Ramirez, Unai Pelayo eta Eneko Sierra izan dira. Horrez gain, Tristan Crowley, Petti, Olaia, Lide Hernando, Ane Antxustegi, Miren Narbaiza eta Kobaneko taldekideek lagundu diete ahotsetan.
EGOSTE DENBORA: Nahiz eta diskoa uztailerako grabatuta eta nahastuta izatea espero duten, muntaia, masterizazioa, portadak, libretoa, kopiak eta zuzenketak lasai egiteko, irailean aurkeztea pentsatu dute, lana mimoz egiteko.
OSAGAIAK: Grabazioa zortzi egunekoa izan da. Lehen egunetan soinua hartu, ondorengoetan kantak zuzenean grabatu eta azkenekoetan kolaborazioak eta zuzenketak egin dituzte. Diskoa Berako Atala estudioan grabatu dute, dena zuzenean jota. Uliako estudioan aparteko kanta bat grabatuko dute.
ERREZETA: Giro intimoa alde batera utzi gabe, kantak rockeroagoak, dantzagarriagoak dira taldearen eraginarengatik. Irailetik aurrera kontzertuak eskaini eta azken urteetan prestatutako diskoa jendeari erakusteko gogoz dabiltza.
'2 URTE, 4 HILABETE'
SUKALDARIAK: Gaizka Arangurenek Lander Garro xaxatu zuen, bere eskuetan grabaketa batzuk jarri zituelako, eta gero Garro hasi zen beste hainbat xaxatzen, eta horrela joan dira dokumentala osatzen. Une honetan beraz, Inaxio Gomez, Amaia Arrieta, Izaskun Arandia eta Lander Garro ari dira.
EGOSTE DENBORA: Dokumentalaren zati bat dagoeneko errodatu dute, gehiena Iruñean bertan. Oraindik ez dakite noiz estreinatuko duten, baina Donostiako Zinemaldian izatea gustatuko litzaieke.
OSAGAIAK: Lehen pertsonan kontatutako dokumentala da, zentzu horretan esan daiteke beraz ukitu pertsonal bat izango duela, baina, era berean, gertakari asko jasotzen dituen istorio korala izango da. Lander Garroren esanetan, “zaila, gogorra, interesgarria eta hunkigarria” izan da lan honetan murgiltzea.
ERREZETA: Crowdfunding bidez finantzatu dira dokumentala egiteko, hori baita, Garroren esanetan, zinemaren munduko gauzarik zailean, dirua lortzea. Dena abiatu zenean Labrit Multimendia ekoiztetxeak jarri zuen dirua, gero laguntza batzuk eskatu zituzten eta honekin, proiektuaren berri eman eta filmarekiko arreta piztea bilatu dute, jendea ekimenaren parte sentiaraziz.
'pikuak'
SUKALDARIAK: Emakumeek gauzatutako proiektua da hau. Maddi Castro kazetariak idatzi eta zuzendu duen webseriea; lantaldearen parte da Jone Novo (Bufalo Produkzioak) errealizadorea. Aktore protagonistak Amaia Ruiz de Galarreta, Miren Nogales eta Ainhoa Artetxe dira.
EGOSTE DENBORA: Proiektua hilabeteetan prestatu ondoren, bost egunez errodatu dute Donostian. Maiatzean amaitu zuten, 2deo laborategian aurkezpen txiki bat eginez. Udazken hasieran estreinatuko dute.
OSAGAIAK: Emakumeen harremantzeko moduez eta pornoarekin duten loturaz hausnartu du Castrok; nola eragiten du gure harremanetan? Galdera horiek azaleratuko dira elkarrekin bizi diren hiru neska gazteren egunerokotasunean. Lehen aldiz jarri da zuzendari lanetan, eta sekulako esperientzia izan da bere hitzetan.
ERREZETA: Hiru emakumeren arteko erlazionatzeko moduez hausnartzen du, alde batetik ahizpatasuna eta laguntasuna nabarmenduz, eta bestetik, sexuak eragiten dituen baldintzapenak uztartuz. Pornoak zer nolako eragina du egunerokotasunean? Galdera hori aireratuz, bilaketa propiorako bidea egitera gonbidatuko gaituzte hiru protagonistek, trap musikaz, Broncanoren bideoez, sare sozialez eta telesailez mintzatu bitartean.