La Troba Kung Fu: “"Matxinoak ere bagara; uniformetasuna ez dugu gustuko”"

La Troba Kung Fu: “"Matxinoak ere bagara; uniformetasuna ez dugu gustuko”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/la-troba-kung-fu-quotmatxinoak-ere-bagara--uniformetasuna-ez-dugu-gustukoquot/@@download/image/20101217703la_t_1361870370.jpg
2010/12/03
elkarrizketa
La Garriga Bartzelonako herria da. Bertan jaioa da Joan Garriga musikaria eta bertan sortutako Dusminguet-eko buru izan zen. asteotan Euskal Herrian ibili da bere oraingo taldearekin, La Troba Kung Fu-rekin.

Rumba eta txantxa dira La Troba Kung Furen ardatzak. Ados?
Txantxa ukituak rumba beste estiloetatik bereizten du. Hala ere, horrek ez du esan nahi txantxa azalekoa denik; aukera ematen du mundu guztiaz barre egiteko, eta hori ona da topikoetatik ateratzeko. Rumbak kutsu apurtzaile hori dauka.

Zuk esana da zure burua galtzeko aukera ematen duten hiri edo herriak atsegin dituzula. Euskal Herrian galtzeko aukera izan duzu?

Maulen jo izan dugu eta Lapurditik Mauleraino bidaia zoragarria izan zen; nekez bisitatuko nukeen inguru hori kontzertuagatik ez balitz. Bizitzaren puntu polita da bidaiatzen zoazenean eta jabetzen zarenean horixe bera egiten ari zarela, bidaiatzea alegia. Horretan bost zentzumenak jartzen dituzu eta beste guztia ahaztu.

Ondo pasatzeko gogoa bai, baina kritikarik ere bada zuen abestietan. “Garai bateko olibondoen tokian garabiak daude orain”, diozue kanta batean, esate baterako.

Matxinoak ere bagarela erakusten du gure musikak. Uniformetasuna ez dut gustuko eta garabien gaiak horrekin zerikusi handia du. Uniformertasuna agintearen mesedetan da beti.

Esan al daiteke zure aurreko taldeak, Dusminguet-ek, beste hainbat talderi –Ojos de Brujo, Macaco…– ireki ziela atea?

Hainbat jatorritako musika nahastea gustatzen zaigu aipatutako talde denoi, baina ez dago beste loturarik. Beste talde gehienak Bartzelonan jaio ziren. Dusmingueten bazegoen Bartzelonako jendea, baina ez zen Bartzelonako taldea. La Garriga herrian entseatzen genuen, akordeoia jotzen genuen, hainbat musika mota jotzen genituen… Herri kutsuko taldea zen. Hirietan nor bere kasara doa, baina herrietan tabernan den-denak elkartzen gara, ez dago ihes egiterik; elkar ulertu beste biderik ez dago. Talde hartako musikariok elkarrekin hazi ginen, elkarrekin bidaiatzen hasi ginen…

Sustraiez Blai jaialdian jo duzue, beste hainbat tokitako talderekin. Zer du aberasgarritik horrek?

Bizitza erritmoa dela eta, oso kontzertu gutxitara joaten naiz, eta Ordizikoa bezalako jaialdiek beste toki batzuetako taldeekin egoteko aukera ematen dute. Ez da ez ona ez txarra. Berezia da; gaztetan lehia puntua zuen beste taldeekin jotzeak, baina orain ikasteko aukera bezala hartzen dut.

Duela sei bat urte bira egin zenuen Amparanoiarekin. Zer nolako arrastoa utzi zizun esperientzia hark?

Europan barrena bidaiatu genuen, eta oso bitxia izan zen. Gitarra jotzailea, Muñeco, Amparo eta laurak joan ginen. Niretzat berezia izan zen; Dusmingueten patroia nintzen, nolabait, eta Amparanoiarekin arraunlari izatera pasatu nintzen. Amparo abeslari izugarria da, eta gaitasun handia du taldeburu izateko.