La Basu: "Oraindik arraroa da euskaraz rapeatzen duten emakumeak topatzea"

La Basu: "Oraindik arraroa da euskaraz rapeatzen duten emakumeak topatzea" 'Gerra' diskoa aurkeztu berri du Elena Caballero 'La Basu' artista bilbotarrak; bere lanik libre eta iraultzaileena dela kontatu digu. Sei kantu euskaraz egin ditu, eta lau gaztelaniaz. Dagoeneko eskuragarri dago plataforma digitaletan, eta kontzertuak lotzen dabil: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/la-basu-oraindik-arraroa-da-euskaraz-rapeatzen-duten-emakumeak-topatzea/@@download/image/LaBasuElenaCaballero.jpg
2019/11/29

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

'Gerra' diskoa aurkeztu berri du Elena Caballero 'La Basu' artista bilbotarrak; bere lanik libre eta iraultzaileena dela kontatu digu. Sei kantu euskaraz egin ditu, eta lau gaztelaniaz. Dagoeneko eskuragarri dago plataforma digitaletan, eta kontzertuak lotzen dabil:
La Basu: "Oraindik arraroa da euskaraz rapeatzen duten emakumeak topatzea"

Nolakoa da kaleratu berri duzun diskoa?

Gerra izena jarri diot nahi izan dudana egin dudalako disko honetan. Erabat aske sentitu naiz, iraultza izan da niretzat. Euskara eta gaztelera elkartu ditut, estilo pila fusionatu... oso pozik nago emaitzarekin, barruan nuena kanporatzeko balio izan dit. Oso potentea da, ausarta eta polita.

Rapa beste estiloekin fusionatu duzu, emaitzarekin pozik?

Asko gustatu zait, bai; rapa entzuten dut noski, baina disko honetan doinu dantzagarriak txertatu nahi nituen; nire aita kubatarra izanik, saltsa, merengea eta reggaea nahastea erabaki nuen, nire ohiko mugetatik ateraz. 

Zer moduz konpondu zara hizkuntza aukeratu eta kudeatzeko orduan?

Oso argi nuen disko honetan euskara sartu nahi nuela; berez errazagoa zait gazteleraz konposatzea, baina esan nahi dudanaren arabera aukeratzen dut hizkuntza bat ala bestea. Beharbada hurrengo lanean alderantziz aterako zaizkit, nork daki!

Dagoeneko 25 urteko ibilbidea egin duzu; nolakoa da egun rap-a egiten duten emakumeen errealitatea?

Berdin jarraitzen duela sumatzen dut. Rap-a lantzen ibili naizen urte guzti hauetan 5-6 emakume topatu ditut bidean, ez gehiago; egia da indar gehiago dugula, baina gauzak ez dira asko aldatu. Oraindik ez daude erreferente nahiko; nik ez nituen izan, eta oso beharrezkoak dira etorkizuneko belaunaldiak animatzeko. Hauxe da errealitatea; oraindik arraroa da euskaraz rapeatzen duen emakumeak topatzea. 

"Harro nago honaino iritsi izanaz, eta une honetan oso pozik eta oso aske sentitzen naiz sortzaile moduan".

Atzera begiratuta, nola ikusten duzu zure bilakaera musikala azken disko honekin?

Ez da bide erraza izan; gazteagoa nintzenean apur bat inkontzienteki jokatu nuen sentsazioa daukat, eta konturatu naiz denborarekin gauza batzuk ez direla onak izan niretzat. Dena den, harro nago honaino iritsi izanaz, eta une honetan oso pozik eta oso aske sentitzen naiz sortzaile moduan. Asko kostatu zait, baina hauxe naiz ni, osotasunean. Gizonen munduan presioa gogorra da, eta oraintxe da emakumeen euskal rapa zabaltzeko unea. Kontuan hartu gainera autogestio moduan egiten dudala lan; ez dut nahi ni eta nire musika ezagutzen duen norbaitek nire sormen lana nola edo hala erostea. Nahiago dut guztiengana iristeko gaitasunik izan ez eta egiten dudana errespetuz eta nahi dudan bezala saltzea. 

Nola ikusten duzu panorama musikalaren etorkizuna Euskal Herrian?

Euskal Herrian ez dago rap zirkuiturik, eta beraz, beti mugitu behar gara rock ala punk zirkuituen barruan. Musika munduko egile arraroak gara; horregatik, gure mundua baloratzea ez da erraza. Dena den, pozgarria iruditzen zait euskarazko talde berriak daudela ikustea; gainera, inguruan ere badira lehen gazteleraz eta orain euskaraz egiten duten taldeak. Emakume gehiago ere ikusten ditugu pixkanaka... potente gaude!