[KRONIKA] XABI BANDINI: MAITASUNA ETA ESPERANTZA
![[KRONIKA] XABI BANDINI: MAITASUNA ETA ESPERANTZA [KRONIKA] XABI BANDINI: MAITASUNA ETA ESPERANTZA](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-xabi-bandini-maitasuna-eta-esperantza/@@images/77c95e39-7373-4aa7-a270-677a87965202.jpeg)
Iruñeako Totem-en izan nuen aukera aro berri honetako zuzenekoa ikusteko. Bere diskoko abesti biluziak erabat itxuraldatzen dira zuzenekoetan, sintetizadoreen laguntzarekin dantzagarriak bilakatuz. Atzo, Gasteizko Falerina tabernan ordea, diskoko proposamenetik hurbilago zegoen kontzertua eskaini zigun.
Hori gauzatu zedin osagai guztiak zeuden bertan: oholtza mimoz apaindurik maleta zahar eta argiztatutako eskailera batekin hurbiltasuna eskainiz, marianitoak, garagardo pitxarrak eta jende andana gogotsu, gozatzeko prest. Alberto Isaba eta Xabi Bandini euren postuetara puntual hurbildu ziren eta sarreratxo baten ostean Begibakarraren bidaia abestiari ekin zioten publikoko asko eta askoren laguntzarekin batera. Argi gelditu zen hasieratik, kontzertuak osagai guztiak zituela hunkitzeko: bi musikari elkarrekin sekulako konplizitatea dutenak eta publikoa abestiei erabat emana, horixe baitira kontzertu on baten osagaiak teknika guztien gainetik. Bandinik badu ahalmen berezi bat zuretzat bakarrik ariko balitz bezala sentiarazten zaituena, giro familiar bat sortuaz. Hain da horrela, lehen 3-4 abestiak jo ondoren akordio bat egin zuela publikoarekin: Ordubete honetan bederen, hemen, une honetan, egon daitezela soilik maitasuna eta esperantza, ados?
Irribarrez eta buruaz baiezkoa eginez erantzun zuen publikoak eta bidaia hasi zen. Kontzertua akustikoan izanagatik ere bere egungo proposamen elektronikoaren zantzu batzuk ikusi ahal izan ziren, Albertok abesti ugaritan sintetizadoreak sartu baitzituen. Zenbait abesti berri eta Anticontinente proiektuko baten bat ere erori zen, baina batez ere, nostalgiarako lekua egon zen. Baina ez penazko edota galerazko sentimendua, baizik eta han geundenentzat hain garrantzitsuak izandako izandako abestiak berriz ere entzuteko aukera edukitzeagatik sortutako poz nostalgikoa. Esaldi sinple Bat Galdera handiegirako barnerakoia edota Albertori, hainbeste urtez bere ondoan egoteagatik, eskaini zion Rose Escargot jada klasikoko, Maite zaitut, Tina. Batzuk irribarre txoro batekin kantuan genbiltzan eta Itsasoa ereserkian, oraindik abestera batu ez ziren horiek, azkenean eutsi ezinik kantuan hasi ziren, Bandini emozioaren emozioz oihu betean: Zure lagunez oroitzen al zara!
Aipatu, kontzertua eserita hasi bazuten ere, Bandiniri eserlekuak karga elektrikoak helaraziko balizkio bezala kosta egiten zitzaiola eserita mantentzea. Formatu akustikoak eskaintzen ez duen distortsioa berak jartzen zuen bere mugimendu eta energiarekin. Bateriaren gabezia, lurrari kolpeka, bere hankek ordezkatzen zuten, momenturen batean flamenko dantzariak gogoraraziz. Eserita jada ezin aguantatuz, bi musikariak publikora hurbildu ziren gitarrak eskuan, bitartekorik gabe, Bandiniren pasioa ahots bihurturik bere eztarritik gure belarriraino iristen zelarik. Ileak tente, emoziozko hotzikarak gorputzean zehar eta ahoko muskuluak irribarre amaigabean ataskatuak.
Abesti batzuen ostean, berriz ere mikro aurrera hurbildu zen aulkiaz jada erabat ahaztuta. Guztion harridurarako ordua gainean dugula adierazi zigun: “Orduak pozoitu gaitu.” Esnatu naiz abestiari ekin zion. Abestiaren lelora iristean aretoko guztiak lehertzen erabat lehertu ginen, ezkutatuak genituen azken sentimendu hondarrak azaleratuz garrasika: Zoriontsu naiz, zoriontsu naiz!
Abestia amaitzean beste bat! oihuka hasi ginen guztiok. Kontzertua bukatutzat zegoela zirudien arren, argi geratu zen Bandinik bazuela beste baterako gogoa. Entzuleak terrazara atera arazi gintuen eta bertan Plus bezala ezagutzen den azken abestia interpretatu zuen. Bandinik zintzotasuna eta pasioa helarazten ditu. Batzuentzat gehiegizkoa izan daiteke, beste batzuentzat neurri neurrikoa. Argi dagoena da ordea, bere proposamenak ez duela itxurakeriarik, benetan sinisten duela egiten duen horretan. Nafarrak badu azaldu ezin den zera hori, non kontzertuak dirauen bitartean entzulearen arreta eta jakin mina mantentzen dituena. Ez du inor indiferente uzten. Ea nork lortzen duen, ordubetez bada ere, maitasuna, esperantza eta zoriontasuna elkartzea mundu gero eta grisago honetan. Xumetasunaren indarra.