Krisi klimatikoa gelditzeko eraginkorra da haragi gutxiago jatea?

Krisi klimatikoa gelditzeko eraginkorra da haragi gutxiago jatea? Orain COP26 goi bilera ospatzekotan den honetan asko ari gara entzuten nola egin diezaiokegun aurre krisi klimatikoari. Dieta begano ala begetariano bat, edo behintzat, haragi gutxiago jatea da, ziurrenik planeta salbatzeko modurik errazena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/krisi-klimatikoa-gelditzeko-eraginkorra-da-haragi-gutxiago-jatea/@@download/image/comer-menos-carne.jpg
2021/11/02

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Orain COP26 goi bilera ospatzekotan den honetan asko ari gara entzuten nola egin diezaiokegun aurre krisi klimatikoari. Dieta begano ala begetariano bat, edo behintzat, haragi gutxiago jatea da, ziurrenik planeta salbatzeko modurik errazena.
Krisi klimatikoa gelditzeko eraginkorra da haragi gutxiago jatea?

Ezinegona sortzen badizu krisi klimatikoak, honi buelta ematen laguntzeko gauza erraz bat egin zenezake: ahaztu kebabaz veggie-a ez bada behintzat. Berriki azaldu diren ikerketa ugarik diote planeta salbatu nahi badugu eta hau gehiegi berotu dadin ekidin, gure elikadura sistemak errotik aldatu beharra duela, eta horretarako, haragi gutxiago jan behar dugula. Planeta salbatzeko gure platerak berdeagoak bilakatu behar ditugu eta ahal den neurrian hanburgesak ekidin. 

Larrialdi klimatikoak ez du itxoiten. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera hamaika urte baino ez zaizgu geratzen gure planeta 1,5 gradu baino gehiago berotu ez dadin. Kopuru hau baino gehiago berotuko balitz, muturreko tenperaturak izugarri nabarituko lirateke lehorteak eta uholdeak areagotuz. Platerean jartzen dugunak, beraz, axola duela diote adituek, planeta salbatu nahi badugu bederen. Eta errezeta ere ematen digute horretarako: haragi gutxiago jan.

Guztiok dieta begano-begetariano bat jarraituko bagenu edo behintzat haragia oso noizean behin bakarrik jan, adituek diote, lortuko litzatekeela 1,5 graduko muga hori ez gainditzea. Orojalea bazara, zientzialariek ziurtatzen dute, txahal haragiaren kontsumoa %75 baino gutxiagokoa izatea, zerriarena %90 baino gutxiagokoa eta arrautza kontsumoaren kopurua erdira murriztearekin lortuko litzatekeela. Hori bai, lekaleen kontsumoa hirukoiztu egin behar litzateke eta fruitu lehor zein haziak lau aldiz gehiago jan. 

Ez bio-erregaiak, ez karbonoari zergak. Haragi eta esnekiak ez kontsumitzea da klimaren alde egin dezakegun ekintzarik eraginkorrena. Nature aldizkarian argitaratu den ikerketaren arabera berotegi efektuko gasen %60 haragi eta esne ekoizpenaren erruz sortzen da. Gainera, ez da efizientea: munduan eskuragarri daude %83 laborantza lurrek gizakiarentzat %18ko kaloria kopurua ekoizten dute eta guztiok jaten ditugun proteinen %37a soilik. 

Norabide berdinean dago gai honen inguruko ikerketarik berriena ere, orain dela gutxi argitaratua: behi haragi xerra batek 35 barazki plateren lorratz klimatiko berdina du. Oxford eta Minnesota unibertsitateetako zientzialari taldeak baieztatzen du, hiru jatorduetako bat, barazkiz soilik osatutako platerekin ordezkatuz gero, atmosferara jaurtitzen dugun CO2a %60 murrizten egongo ginatekeela. 

Izan ere, haragiaren ekoizpenak sekulako gas kutsakorrak jaurtitzen ditu. Behi eta ardietan kontzentratzen da lorratz klimatikorik handiena. Behi edo arkume txuleta baten bitartez 50 gramo proteina eskuratzeko atmosferara 9.9-17.7 kilo inguru CO2 jaurtitzen dira. Gaztarekin berriz 5,4 kilo gas kutsakor igortzen dira. 

Aldiz, berdura, zereal eta oro har, barazkietan oinarritutako beste produktuekin, lorraz klimatikoa murritzagoa da. Honela, tofuaren bitartez 50 gramo proteina eskuratzean soilik kilo bat C02 jaurtitzen da atmosferara, kopuru hau 0,4ra jaisten da lekaleei dagokienez eta ez da 0.1era ere ez da ia iristen intxaurren kasuan. 

Pentsatu modu honetara: Eraginkorragoa da guk jan ditzakegu kultiboak landatzea (izan zereal, tomate edo lekale), behi eta ardiak hazteko hauek landatu, eta ondoren, animalia hauek giza elikadura bihurtzea baino. Argumentu honen ñabardurak ditu hala ere, batzuetan guk jango ez genituzkeen azpiproduktuak ematen baitizkiegu abereei. Alabaina, ikerketen arabera kilo bat haragi ekoizteko hiru kilo zereal behar dira. 

Are gehiago, munduan dauden 1.500 milioi behiek hausnar egiten dutenean, euren sabel erraldoietan bizi diren bakteriak (ardietan ere bizi direnak) metanoa askatzen dute digestioa egitean. Berotegi efektua eragiten duen gasetako bat da metanoa, C02a baino askoz ere eraginkorragoa, beroa modu azkarragoan bereganatzen baitu. Hori dela eta, munduko gas igorpenen %75 behien errua da. 

Eta oilaskoa zer?
Oro har, oilaskoa edo beste hegaztiren bat jateak ez du haragi xerra bat jateak duen eragin berdina. Igorpenen datuetara itzuliz oilaskoaren bitartez 50 gramo proteina eskuratzeko atmosferara 2,9 kilo CO2 jaurtitzen dira, behi haragiak sortzen duena baino zortzi aldiz gutxiago. Alta, aukera begetalena baino askoz ere handiagoa da kopurua oraindik. 

Planetak argi du: barazkietan (sasoikoak badira hobe), lekaleetan eta zerealetan oinarritutako elikadurak dira krisi klimatikoaren aurka egiteko aukerarik eraginkorrenetakoak.