Koronabirusaren krisiak iraun bitartean, aldendu sare sozialetatik

Koronabirusaren krisiak iraun bitartean, aldendu sare sozialetatik Depresioa eta antsietatea inoiz baino gehiago igo dira azken hilabeteetan, eta sare sozialek kaltea areagotu dezakete. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koronabirusaren-krisiak-iraun-bitartean-aldendu-sare-sozialetatik/@@download/image/socco.jpg
2020/10/16
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

 

Depresioa eta antsietatea inoiz baino gehiago igo dira azken hilabeteetan, eta sare sozialek kaltea areagotu dezakete.
Koronabirusaren krisiak iraun bitartean, aldendu sare sozialetatik

Martxoan hasi ginen osasun krisiarekin, eta zazpi hilabete geroago badirudi kontua luzerako doala; uda garaia, oporrak eta eguraldi ona igarota, udazkenak ekarritako hotz eta euriarekin batera iritsi zaigu koronabirusaren bigarren olatua, gripea, katarroak eta bestelako gaitzekin batera. Garaiotan, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure osasun fisikoa eta batez ere mentala zaintzea, baina nola? Adituek diotenez, sare sozialak baztertuz.

Azken hilabeteetan nabarmen igo dira depresio eta antsietate kasuak, eta horregatik, psikologoen elkarteek hainbat gomendio luzatu dituzte horren sentikor dagoen osasun mentala zaintzeko. Gomendioen artean Internet eta sare sozialen erabilera mugatzea aurkitzen da, telebista eta albistegiak neurriz ikustearekin batera. Hain zuzen, kanal horiek gure burua gehiegi estimulatzen dute, beldurra eta ezinegona biderkatuz. Sare sozialek ez dute batere laguntzen antsietatea dugunean; gure beldurrak, obsesioak eta mamuak xaxatzeko tresna bikaina dira.

Hain zuzen, Computers in Human Behavior aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu du osasun krisia iraun duen bitartean sare sozialak etengabe erabili dituztenek antsietatea eta depresioa sufritzeko aukera gehiago dituztela. Ikerketa Wuhanen egin dute, koronabirusaren krisiak eztanda egin zuen eremuan, hain zuzen; ikerketan parte hartu dutenen %50 depresio sintomak zituzten, horietako %20 sintoma nabarmenekin, krisia hasi aurretik ondo zeuden arren. 

Adituek ez dute sare sozialen erabilera guztiz baztertzeko beharrik ikusi, izan ere, senide eta lagunekin kontaktua mantentzen laguntzen dute, eta hori ezinbestekoa da osasun mentala zaintzeko. Kontua, neurriz erabiltzea litzateke, beti erraza ez den arren.