'Kopla barik' bertso zirkuitua egingo dute

'Kopla barik' bertso zirkuitua egingo dute Egoerak hala behartuta, aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzeko erabakia hartu dute; horren ordez antolatu dute zirkuitua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kopla-barik-bertso-zirkuitua-egingo-dute/@@download/image/koplabari_content.jpeg
2020/10/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Egoerak hala behartuta, aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzeko erabakia hartu dute; horren ordez antolatu dute zirkuitua.
'Kopla barik' bertso zirkuitua egingo dute

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egoerari buelta eman dio, eta ohiko txapelketaren ordez antolatu du Kopla barik bertso zirkuitua. Zirkuituan lau saio egingo dira, bakoitza formatu desberdinekoa; larunbat honetan izango da lehena, urriaren 24an.

Lehen saioaren formula bertso saio musikatuarena izango da. Mungiako Olalde aretoan izango dira Aitor Bizkarra Ruiz, Arrate Illaro Etxebarria, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Etxahun Lekue Etxebarria, Malen Amenabar Larrañaga eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak eta Ixak Arruti eta Eneko Sierra musikariak, Idoia Anzorandia Kareaga gai-jartzaile dutela.

Bigarren saioa bertso trama izango da. Igorreko Lasarte aretoan egingo dute azaroaren 14an eta Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’, Jone Uria Albizuri, Julen Arzanegi Erezuma, Miren Amuriza Plaza, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor bertsolariak ariko dira, Lilibertso bertso-eskolak gaia jarrita.

Hirugarren saiorako aldiz, bertsolariak lehian jarriko dira eta ariketa berdinak egin beharko dituzte ahalik puntu gehien lortzeko. Azaroaren 28an, Durangoko Plateruena antzokian izango da saioa eta, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) gaia jarrita lehian ariko dira Ander Elortegi Garatea, Imanol Uria Albizuri, Irune Basagoiti Agirre, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak.

Laugarren eta azken saioari ‘Bizkaiko Txapeldunen jaialdia’ deitu diote, eta izenak dioen moduan, Bizkaiko txapeldun izan direnen saioa izango da. Abenduaren 20an, Getxoko Muxikebarri zentroan egingo dute jaialdia eta kantuan ariko dira Arkaitz Estiballes Ormaetxea, Etxahun Lekue Etxebarria, Fredi Paia Ruiz, Igor Elortza Aranoa, Jon Enbeita Ealo, Onintza Enbeita Maguregi, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza eta Xabi Paya Ruiz bertsolariak, Bizkaiko Txapelketako gai-jartzaile taldearen aginduetara.

Sarrerak internet bidez erosi daitezke eta aforoa mugatua izango denez sarrerak amaitzeko aukera dagoela azaldu dute.