Koldo Intxausti: "Guretzat zerua infernua da"

Koldo Intxausti: "Guretzat zerua infernua da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koldo-intxausti-quotguretzat-zerua-infernua-daquot/@@download/image/49p27-1.jpg
2005/02/04
elkarrizketa
Alberto irazu
Koldo Intxausti: "Guretzat zerua infernua da"
Koldo Intxaustiren kasua berezi samarra da. Franco diktadorea hil zen urte berean, 1975ean, jaio zen Gipuzkoako Alegia herrian. Hemezortzi urte zituela apaiz izatea erabaki zuen. Bere zaletasunek, ordea, ez ohiko abade bihurtu dute. Metal musikako azpiestilo gogorrenak maite ditu Koldok: death eta black metala, alegia. Hiru urte daramatza Lazkaoko parrokian. Kontzertuetatik elizara, eta elizatik kontzertuetara.

Zure bizitza eta gazte arrunt batena antzekoak al dira?
Gazte gehienek ez dute nik hartutako bidea aukeratzen, baina bizitza arrunta egiterakoan, jende gehiena bezalaxe ibiltzen naizela uste dut. Nik igande goizak oso harrapatuta izaten ditut, meza eman behar baitut, eta gainontzeko gazteek librexeago izaten dituzte. Baina, oro har, besteak bezala bizi naiz.

Apaiz tximaduna zara, eta kamiseta beltzaz ibiltzen zara gehienetan. Eliza inguruko jendeak nora hartu zaitu?

Lazkao herrian jendeak oso ondo hartu nau. Oso onartua sentitu naiz. Dena den, nire itxura eta zaletasunen eraginez, une jakinen batean ezin ulerturen bat ere izan dut. Dena den, ez dut arazorik izan. Gauzak txukun egiten baldin badituzu...

Hala ere, aiton-amonek kolpe handi samarra hartuko zuten zu ezagututa…

Hasierako kolpea pasatutakoan, dena konpontzen da. Egunero ikusten dugu elkar, eta gure arteko harremana sakontzen den heinean, gauzak normaldu egiten dira. Ez dut uste aldaketa handirik egongo litzatekeenik ni alkandora normal batekin joango banintz, edo musika klasikoa entzungo banu

Vatikanoan ba al dute zure berri?

Ez dut uste; ez naiz Erroman izan, baina ez dut uste.

Aita Santuari bihotzekoa emango lioke zu ikusita...

Asko ere ez du falta... gizagaixoa, bera ez den norbait ibiliko da hor atzetik.

Metal musikak beti izan du itzal iluna: kristautasunaren kontrako muturra izatearena, alegia. Deabruaren musika, paganismoaren gordelekua... hala al da?

Metal munduan denetarik dago. Metala nire zaletasuna da, eta nire ustez, apaiza izatea eta musika hau entzutea ez da kontraesana. Metal munduaren barruan, guztiok ez ditugu mezuak eta hitzak muturreraino eramaten. Talde batzuek erlijioaren kontrako pentsamenduak izan ditzakete, edo hilketei buruzko hitzak... baina horrek ez du esan nahi, hitz horiek entzun ondoren, nik inor hilko dudanik. Agian, deigarriena da niri estilo gogorrenak gustatzen zaizkidala: black metala eta death metala. Orduan eta astakiloago hobe! Berdin zait jendeak zer pentsatzen duen.

Metalaren inguruan itxura okerra sortu al da, beraz?

Ematen du metalzalea jende zikina dela, kulturarik gabea, jende zerria. Hori ez da horrela. Norvegian, esaterako, metala askoz errotuago dago hemen baino, eta kulturarik gabekoak al dira? Baita zera ere!

Satanen aldeko hitz subliminalik izaten al da black metal estiloko abestietan?

Ez dakit. Nik taldeen hitzak ingelesez irakurtzen ditut, eta batzuetan, berdin zait zer esaten duten. Mezu subliminala sartu nahi badute... sartu dezatela. Gauzak ez dira azaleratzen diren bezala. Neuk ere, gaizto aurpegia jarrita, norbait ikaratu nezake. Baina hori azala besterik ez da.

Zu bezalako apaizekin gazte gehiago joango al lirateke mezara?

Ez dut uste, Lazkaon nagoenetik ez dira gehiago etorri eta! Nahi duena etortzen da, eta kitto. Elizara etortzea aukera bat da; askatasunarekin lotutako gauza bat da, beraz. Kontra dagoena ez dadila etorri. Ni leku askotan oso onartua sentitzen naiz, jendearentzako Koldo bainaiz, eta ez apaiza. Leku askotan, jendea erlijioaren kontra egon arren, errespetatzen naute.

Metalzaleek non amaitzen dute, zeruan edo infernuan?

Guretzat zerua infernua da: guk azufre usaina maite dugu. Beti esaten dut; zerua ez ote den aspergarri samarra izango, eta ez ote den hobe izango infernua, azufre usainarekin,  metala entzuten eta zerbeza edaten.

Black metalaren jarraitzaile batzuek elizak erre izan dituzte Europa iparraldean. Zer diozu horri buruz?

Black metala Norvegia eta Suedian sortu zen. Mikeen-en taldekoek elizei su eman zieten, kristautasunaren kontra egiteko. Istilu asko izan ziren kontu horrekin. Dena den, gauza asko nahastu dira hor. Black metalaren filosofia zera da: zure bizitzako alderdi ilunak musikaren bitartez islatzea. Nietzsche-rekin zerikusia dute hitz askok. Orain, true bad metal izeneko mugimendua sortu da, estiloaren benetako filosofia hori berreskuratzeko. Black metala oso musika atmosferikoa da.

Zu ardi beltza zara leku guztietan. Elizan, apaiz metalzalea zara. Metal kontzertuetan, aldiz, apaiza.

Erabateko gutxiengoa naiz toki guztietan. Ni eroso sentitzen naiz nire baitan, eta ardi beltza izate hori ez zait pisutsu egiten.

Kontzertuetan, drogaren kontsumoa bertatik bertara ezagutuko duzu, ezta?

Bai, eta jendea topetaraino jartzen da. Aurreko batean, kontzertu batean, zer ez ote nuen ikusi komunera sartuta! Drogaren kontsumoa askatasunarekin lotua dago, baina astebururo 15.000 pezeta behar badituzu kokaina hartzeko... Jendea oso gaizki ateratzen da droga mundutik: garai batean heroinarekin gertatzen zen, eta orain pilulekin, eta abar. Nik ez diot inorri ezer egiteko eskubiderik ukatuko, baina kontuz ibili beharra dago.

Zu metalero hutsa zara, baina Jesus ez al zen hippy samarra?

Hippy totala! Jesus konplexurik gabeko pertsona izan zen, oso askea, eta oso gaizki ulertua izan dena. Gauza bat da Jesus zer izan zen eta gero, hari buruz zer esan den. Jesusekin izotz bolekin bezala gertatu da, urteekin bola hori gero eta handiagoa egin dela. Jesus mundiala izan zen: anakronikoa, probokatzailea, emakume askorentzako seduktorea... mila gauza.

Zuretzat Jesus eredu garrantzitsua da.

Bai, noski; batez ere estereotipo sozialen aurrean ausart jokatu zuelako. Tipo interesgarria izan zen.

Jarrera eta diskurtsoetan, eliza ez al doa gizartearen oso atzetik?

Elizak eskubidea du bere iritzia emateko, baina askotan, iritzi hori ez dator bat gizarteko gehiengorekin. Horrek arazoak sortzen ditu. Ni gauza askorekin ez nago ados, eta beste batzuekin bai. Elizak modernizatu egin behar du, ez hainbeste forma aldetik, baizik eta orokorrean. Erakunde bezala, eliza zaharkitua geratzen ari da. Dena den, eliza gutxiengo baten gerizpe bihurtzen ari da, eta alde horretatik, zaharkitze hori ez da arazo izango. Bere barruko
funtzionamenduan askatasuna bermatzen badu, nik elizan jarraituko dut. Askatasun hori bermatzen ez badu, nik eliza utzi egingo dut.

Homosexualen ezkontzen aurrean, nola jokatu behar du elizak?

Oro har, gizarteak ez du nahikoa heldutasunik gai horren aurrean: oraindik ere jendea harritu egiten da bi mutil elkarri musuka ikusita. Homosexualeak ezkontzeko eskubidea ote duten? Noski.

Musika kuttunak



Black Sabath: Talde ona, baina gaur egun ahaztu samarrak dauzkat.

Judas Priest: Pure heavy metal! Iruñeko Anaitasunan ikusi nituen azkeneko aldiz. Nire bigarren talde maiteena da, Manowar-en atzetik.

Manowar: Kings of metal! Haiei esker sartu nintzen metalaren barruan.

Su ta Gar: Ez ditut gehiegi jarraitu, baina lan garrantzitsua egin dute metala Euskal Herrian sartzeko.

Sepultura:
Musika basatiagoa ezagutzen lagundu zidaten.

Slayer:
Oso onak, baina ez dira nire kuttunak.

Deicide, Canibal Corpes, Sofication.
Musikaren esentzia. Nire talde kuttunenak.

Metallica:
Izugarriak. Gaur egun ere, zuzenekoetan jan egiten dituzte gainontzeko talde gehienak.

Eta punk musika?
Entzuten dut, baina bigunegia da niretzat. Dena den, gaur egun musika munduan dagoen kulturarik eza kontuan hartuta, estimatzekoa da norbaitek musika protesta gisa hartzea. Zentzu horretan, oso iritzi ona dut punkari buruz.

Eta kantu gregorianoa?
Nik horri buruz ere iritzi ona dut; izan ere, nik zarataz dut iritzi txarra. Metala musika da. Punka musika da. Rocka musika da. Baina David Bisbal ez da musika, hori bai dela infernuko zarata.

"Exorzistak, izan badira"



Ikusi al duzu “The exorcist” filma? Zer iruditzen zaizu?
Oso film ona da. Nik pelikula horiek atalka ikusi ditut, lehen ez bainituen jasaten. Film horretan, ume horren bilakaerak ematen du beldur gehien. Eta apaiza ere ondo ari da. Efektu askorik erabili gabe, filmak giro iluna erdiesten du.

Film horretakoak bezalako exorzismorik izaten al da benetan?
Exorzistak, izan badira. Hala ere, ez dakit benetako kasuak pelikula horretakoak bezalakoak diren.

El dia de la bestia
” filmean, apaiz bat metal munduan sartzen da Santan aurkitzearren… apaiz hori familiakoa al duzu?
Pelikulako protagonista, apaiz hori, oso sinpatikoa da. Alex Angulo eta Santiago Segura aktoreak primeran ari dira. Oso barregarria da apaiza disko dendara sartzen denean, eta saltzaileak AC/DC eta Def Con Dos-en taldeen musika jartzen dionean.