Koikili Lertxundi: “"Euskara arma polita izan daiteke”"

Koikili Lertxundi: “"Euskara arma polita izan daiteke”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koikili-lertxundi-quoteuskara-arma-polita-izan-daitekequot/@@download/image/koikili_lertxun_1362742625.jpg
2009/05/01
elkarrizketa
Testua eta Argazkiak: Lander Garro.
Harribitxiak, harrobi handietan ez ezik, txikietan ere aurki daitezkeela jabetzen hasia da Athletic.

Pieza distiratsuez gain, bestelakoak ere behar direlako pitxi onak egiteko: sendoak, gogorrak, fidagarriak… Halakoxea da Koikili Lertxundi: gogorra, langilea eta leiala. teknikaZ ederki hornitutako jokalari pinpirinez gain, horrelakoak behar dituzte txuri-gorriek. eta horrek ateak ireki dizkio Otxandioko jokalariari. Kopako Finalaren atarian izan gara Koikilirekin. 

Denbora gutxi igaro da Koikilik Sestao River taldea utzi eta bere ametsetako taldera iritsi zenetik, baina dagoeneko ospetsu egin da zaleen artean. Feeling kontua da, seguruenik. Apetatsua izan ohi da zaleen gustua, maitaleen bihotza bezainbeste, baina Koikili mutil apala da, taldearengan besterik pentsatzen ez duten horietakoa. Lokatzetan hazi zen, harri txintxarrez eta putzuz betetako zelai gogorretan, eta hantxe ikasi zuen futbola ez dela fama bakarrik. Eskola horretan ikasia da, eta horixe maite dute zaleek. Athleticek Espainiako Errege Kopako finala jokatuko du hemendik gutxira Bartzelonaren aurka (Valentzian, hilaren 13an, 22:00etan). Athleticekoek apenas gogoratzen dute noiz izan zen jokatutako azken finala: futbola aberatsen arteko kontua bilakatu denez geroztik, lehoiak lehia horietan ikustea zaila da. Baina haraino iritsi dira, eta iritsi direnez, ez dute ezer ere oparituko.  

Zure bizitzan gauzak asko aldatu dira; lehengo bera izaten segitzen al duzu?

Bizitza asko aldatu zait, bai. Onarpen sozialaren ikuspegitik begiratuta, aldea izugarria da. Bigarren B mailak, nahiz eta inplikazioa bera izan, ez du honekin zerikusirik. Uste dut beti izan naizenari eutsi diodala, moldatu naizela, nahiz eta ez den erraza. Denbora tarte txikian ospetsu egiten zara eta, halako batean, mundu guztiak zure laguna balitz bezala jokatzen du.

Ingurua lausengatzailez bete al zaizu?

Beno, esaten den bezala, mundu guztiak xaboia ematen dizu, eta ez dakizu zergatik. Batzuek zintzo jokatzen dute, Athletic maite dutelako, benetako zaleak direlako. Beste batzuek, aldiz, ez horrenbeste. Xaboia ematen dizute, baina gero sekulakoak esaten dituzte zutaz.

Eta zuk, aldatzeko beldurrik ba al duzu?

Ez, modu naturalean egiten dut aurrera. Egia da zurrunbilo honetara egokitzea benetan zaila egin zaidala, baina, behin harrapatuta, natural egiten dut aurrera.

Bitxia da oso, epe laburrean zaleen kuttunenetakoa bilakatu zara…

Askok esan didate hori. Jendearen babesa sentitzen dut, baina zaleen artean denetik izango da. Han eta hemen esan izan didate harmailetan ia denak nirekin daudela eta, agian, horrela da. Ez dakit. Horren epe laburrean hori lortu izana sekulako lorpena da, eta espero dut ahalik eta gehien luzatzea, bai baitakit hori segituan aldatzen dela, gailurrean mantentzea oso zaila dela. Astebururo lehiatzen gara, eta asteburu bakoitza proba bat da. Orain artekoak gainditu ditut, eta datozenak aise gainditzeko indarra izatea espero dut.

Denboraldi hasieran hasierako hamaikakotik at geratu zinen, ordea. Nola hartu zenuen?

Pixka bat haserre. Denoi gustatzen zaigu jokatzea, hor egotea. Zer egin ote duzun gaizki, horixe pentsatzen duzu behin eta berriro. Baina horri ere aurre egin behar zaio, beste aukera bat iritsiko baita, eta horri aurre egiteko psikologikoki ondo egon behar duzu. Fisikoki ondo zaintzea garrantzitsua da, baina psikologikoki zaintzea are gehiago.

Antsietatea eta halakoak saihesteko…

Bai, hori da. Titular jokatzeari uzten diozunean, oso garrantzitsua da itzultzeko prest egotea, epe horretan minik ez hartzea, eta abar. Baina garrantzitsuena burua da. Hala ere, badira bestelako faktoreak ere, zure baitakoak ez direnak. Adibidez, jokatzen hasi eta taldeak irabazten badu, jokatzen segitzeko aukera gehiago duzu. Niri horixe gertatu zitzaidan, eta zorte handia izan nuen.

Taldean zer gerta ere, ondo egokitzen ikasteak zure beste lanbidearekin zerikusi handia du, ezta? Taldearen kohesioa, eta abar…

Bai, guztiz lotuta dago. Guk kontsultoria bat dugu eta hori lantzen dugu. Enpresetan-eta bakoitzak bere rola zein den ikastea, eta parte-hartzea bultzatzea, horiek dira gakoak.

Indibidualtasuna ekiditea, alegia.

Bai, hala da. Gure egoera taldearenarengandik bereiztuta dagoela pentsatzeko joera dugu, baina guk uste baino lotuago dago. Futbolean, adibidez, une batean titular ez izan arren, zure rola duzu eta hori ondo betez gero, taldea indartzen duzu. Taldearentzako ona dena, zuretzako ere ona da.

[Lezaman lotu gara Koikilirekin elkarrizketa egiteko. Ez da erraza izan, agenda exekutiboek baino beteagoa baitu. Ez da txantxa. Batetik, Itzarri izeneko aholkularitza enpresaren sortzaileetako bat da, eta bertan dihardu, koordinatzaile. Bestetik, futbolari dagozkion konpromisoak ditu. Gaur, adibidez, gurekin egon ondoren, eskola batera joango da hitzaldia emateko. Nagikeria pixka bat sumatzen zaio, baina irribarrea galdu gabe: "Mojen eskola batera joan behar dut gero", esan digu, irribarre batez. Lezaman, bestetik, jende mordoa dabil hara eta hona, horietako asko gorbataz jantzita, luxuzko autoetan. Denetik dabil hemen. Koikili Euskal Herriko Surf Federazioaren elastikoarekin agertu zaigu, zapi bat lepoan. Jatorria erraz antzematen zaio ñabardura horretan, eta bai izaera ere. Elkarrizketa egiteko, ordea, kanpora jo dugu, Lezamako zelaietako batera. "Hotz handia dago", ohartarazi diogu. "Lasai, lasai", erantzun digu. "Benetan hotz handia pasatuko duzu horrela!", tematu gara. "Bueno, jertsea hartuko dut", eman du amore. Jon Larreari eskatu dio, Athletic-eko prentsa arduradunari. Armairua zabaldu eta Athletic-en kalerako jantzietako bat hartu du, guk gustura jantziko genukeen jertse dotorea].

Aldagelek badute halako oilategi ospea, horrenbeste handikeria hain espazio txikian; nola moldatzen zarete zuek?

Nik uste Athletic talde berezia dela, denak hemengoak garelako eta, beraz, kulturalki antzeko samarrak gara. Asko, gainera, talde honetan bertan hazi eta heldu dira. Horrek elkar ulertzeko erraztasuna ematen digu, baina horrek ez du esan nahi bakoitzak bere kuttunak ez dituenik: norberak bere lagunak ditu eta taldeka antolatzen gara, munduko toki guztietan bezala.

Konspirazioak eta horrelakoak ez al daude?

Ez dago ezinikusirik, elkar agurtzen ez duen jenderik eta antzekorik, nahiz eta, hau ere esan behar da, futbolean oso arrunta den hori.

Aurtengo Athletic, gainera, kasta berezikoa da, ezta? Talde txikietatik etorritako asko zaudete: Gaizka Toquero, Iñigo Velez, Armando… Horrek taldeari oinak lurrean izaten laguntzen al dio?

Agian bai. Talde batean denetik egon behar du, eta bakoitzak bere funtzioa izan behar du. Postu zehatz batzuetan jokalari gogorrak behar dira, sakrifikatuak eta abar, eta beste batzuetan finagoak, teknikoagoak eta.

Txirrindularitzan bezala: etapak irabazten dituztenak eta horiei laguntzen dietenak.

Hori da, bai. Lagundu behar duenak lagundu behar duela ulertzen badu, talde hori oso ona izango da, ezta?

Bestetik, maila apalagoetan dabiltzanentzako oso albiste ona da Athletic talde horiei erreparatzen hastea, ezta?

Nik lagun asko ditut hor, eta eurentzako oso garrantzitsua da. Lehen talde handiei bakarrik erreparatzen zitzaien, baina hori pixka bat aldatu da. Athleticera iristea posible ikusten dute, eta ilusio hori izatea, aspaldidanik galdua zegoena, albiste pozgarria da.

[Athletic-en kirol azpiegiturak Lezaman daude. Klubaren handitasuna agerikoa da, baina instalakuntzak ez dira horren ikaragarriak. Nolabaiteko soiltasuna nabari da, autoetan ez bezala. Hedabideentzako gunean dozenaka kazetari dabiltza. Esaterako, Aritz Gallastegi ikusi dugu, Euskadi Irratiko esataria eta Gara egunkariko kazetaria. Korridore batean sartu gara eta, hantxe, Josu Jon Imaz (Petronorreko presidentea) eta Amatiño (EITBko zuzendari ohia) topatu ditugu. Athletic-eko presidente Makuarekin eta beste hamaika gorbatadunekin datoz. Imazek gorbatadunetako bati esan dio, txikitan bere irudien bilduma zuela, "bere aurpegia kromo batean zuela". Denek barre egin dute. Nor ote da kromoetako gizon hori? Ideiarik ez].

Atlhetic-ek 11 euskal herritarrekin jokatzen du. Espainiako ABC egunkariak dio 11 espainiarrekin jokatzen duen talde bakarra zaretela…

Hori esaten dute, baina ez dute benetan sinesten. Sinetsiko balute, euren eredua ginateke, ezta? Baina ez gara, eta guri lotutako albisterik ez dute ateratzen. Diotenaren eta sentitzen dutenaren artean sekulako aldea dago. Bakoitzak bere probetxurako idazten du, ikusten denez. Real Madril da euren taldea, eta komeni zaienean aipatu duzun argudio hori erabiltzen dute, baina komeni zaienean bakarrik.

Taldean euskaraz egiten al duzue?

Euskaldunak asko gara, eta euskaraz egiten dugu. Erdaldunen aurrean ere arazorik gabe aritzen gara, ez da gatazkarik sortzen. Batzuetan ez gaituzte ulertzen, baina horrek ez dakar arazo handirik. Bestetik, entrenatzaileak ere esan izan digu hainbat jokaldi euskaraz egiteko, estrategia jokaldiak, adibidez, beste taldeen aurrean oso arma polita izan daitekeelako. Ondorioz, erdaldunek ere hainbat hitz ikasi dituzte, "lehen zutoina", adibidez. Falta batean, oso ona izan daiteke arerioak zer diozun ez ulertzea.

Caparros ere saiatu al da?

Buf, beretzako oso zaila dela esango nuke, baina tira, bera ez dago zelaian, eta gure artean ondo ulertuz gero nahiko zaigu.

Euskaraz ari garela: aste honetan bertan, lehen aldikoz Eusko Legebiltzarrean, euskaraz ez dakien presidentea aukeratuko dute (Arantza Quiroga); zein iritzi duzu?

Ordezkari publikoa da, eta elebiduna den gizarte batean bizi da, beraz, euskaraz ere jakin behar luke. Hor jarri dutenek jakingo dute erabakiaren zergatia, baina argi dago bere lana ezingo duela ongi egin, entzundakoaren erdia ez baitu ulertuko.

Bueno, egun gutxi barru finala izango duzue Bartzelonaren aurka; zuri Messi gelditzea egokituko zaizu… Nola egiten da hori?

Messik aurrez ez begiratzea lortu behar duzu. Aurrez begiratzen badizu, akaso, atzean utziko zaitu abila eta azkarra delako. Gainean egon behar duzu, gertu. Arazoa da Messik erdira jotzeko joera duela, eta atzetik eramaten bazaitu, sekulako zuloa utz dezakezula. Eta nor dator Messiren atzetik? Bada, Dani Alves. Oso trebea da erasoan, eta bakarrik utziz gero, akabo. Beste jokalari bat balitz, Puyol adibidez, ez litzateke horrenbesterako, baina Alvesekin erne ibili beharra dago.

Orduan?

Messi indargabetzeko laguntza handia behar da. Hori da sekretua. Batek gainean egon behar du, eta beste hainbatek inguruan, zuloak estaltzeko, eta abar.

Zure lanarekin gauza bitxia gertatzen da: onarpen gutxi izango du, mundu guztia Messiren jokaldien zain egongo baita. Eta zure lana zaleei plazer txiki hori zapuztea izango da…

[Kar, kar] Hala da, bai. Baina, begira: Messi zaintzeak dena ematen du eta ia ez du ezer kentzen. Iaz, adibidez, etxean eta Bartzelonan, Messi nahikoa ondo lotu nuen, eta prentsak hori azpimarratu zuen, baita Kataluniakoak ere. Eta Messik sekulako partida egiten badu, inork gutxik leporatuko dizu ezer, Messi geldiezina delako ustea oso zabalduta baitago.

Finalerdietako partidan, Sevillaren kontrakoa, haien gainetik pasatu zineten...

Polita izan zen. Hurrengo egunean, prentsak esan zuen Sevillak urteko partidarik txarrena jokatu zuela. Uste dut oso adierazgarria dela. Norbaitek partida kaxkarra egin badu, besteak ona egiten utzi ez dion seinale da. Futbolean halakoak gertatzen dira batzutan, dena ondo ateratzen da…

Diotenez, epailearen txistua ere ez zenuten entzuten.

Egia da, ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Sevillak baloia hartzen zuen bakoitzean, izugarrizko txistuak entzuten ziren. Oso zaila da horrela jokatzea. Guri, berriz, aurrera ekiteko oihukatzen ziguten, atsedenik gabe. Egun ahaztezina izan zen, bai horixe.   

[Koikilirekin hitz hauek trukatzea plazer laburra izan da. Argazkiak ere ziztu bizian egin ditugu, ezker hegala batetik bestera zeharkatzen duen gisan zeharkatu du hitzordua. Hantxe utzi dugu historian lizentziatua den otxandiotarra, eta halako sentiberatasunaz agurtu dugu elkar. Merezi izan du, zalantzarik gabe. Zer ote du buruan une honetan? Aholkularitza enpresari lotutako zereginak, nahi gabe pilatutako hamaika konpromiso, edo ezustean lortutako amets handi hau, labur esanda. Baina izango ditu beste ehunka kontu ere, bere baitarako gorde dituenak: horiek beste batean kontatuko dizkigu. Akaso, Athleticek Espainiako Errege Kopa lortu ondoren. Auskalo!].

Koikiliren kuttunak



Futbol jokalaria: Marco Van Basten eta Roberto Carlos.
Futbol taldea: Garai bateko Herbehereak, “laranja mekanikoa”.
Filma: The last mohican, Michael Mann-ena.
Musika: Rage Against the Machine eta Barricada.
Liburua: Alternativa vasca, nire aitak, Jabier Lertxundik idatzia.