KLIMA-ALDAKETA: GAZTEEK DUTE HITZA

Gure gurasoek Game Of Thrones-en amaiera eztabaidatzen dute gure planeta erretzen ari den bitartean”. Onartu beharra dago, Thunbergen hitzak zuzenak, bortitzak eta adimenez beteak daudela. Ia sinestezina dirudi 16 urteko gazte batek pentsatuak izatea. Eta gainera, asperger sindromeduna. Ala aspergerrak ematen dio halako esaldiak horren serio eta konbentziturik aireratzeko indarra eta ausardia? Helduek bezala hitz egiten du gazte honek, baina ahaztu ote dugu gazteek ere badutela heldu askok baino helduagoak izateko ahalmena?
Thunberg efektua bitxia da, eta bere arrakasta eztabaida ezinekoa. Batzuek gorrotoa diote; beste hainbat ez dira fidatzen, eta konspirazio teoriak aireratu dituzte, energia konpainiak neskaren atzean hariak mugitzen dabiltzala sinetsita. Gainerakoek, krisi klimatikoari behingoz serio heltzeko helduleku eta ikur bilakatu dute.
Argi dagoena Thunberg ez dela ekintzara igaro den bakarra. Bera bezala hainbat eta hainbat gazteren izenak ezagutu ditugu, beharbada ez horren ozen, baina hortxe daude, borroka berean, lan bera egiten: Potito (Italia), Autumn Peltier (Kanada), Luisa Neubauer (Alemania), Malala Yousafzai (Pakistan), Boyan Slat (Herbehereak), Anuna De Wever (Belgika)… Gazte horiek eta beste asko mundua salbatzeko borrokaren ikur bilakatu dira. Bizirauteko borrokari ekiteko ordua dela oihukatu dute mundu osoan milaka eta milaka lagunek; eskola greba egin dute, NBEn (Nazio Batuen Erakundean) mintzatu dira, politikari eta agintari gorenekin bildu dira, milaka lagun mobilizatu dituzte… eta orain, zer?
“Uste dut hau dela XXI. mendeko erronka moral handienetakoa” dio Thunbergek. “Ez bagara ekintzara pasatzen egun bizirik gaudenok, etorkizuneko belaunaldiak arriskuan jarriko ditugu”. Horren larria ote da egoera? Egunero zientzialari eta adituek zabaltzen dituzten ikerketek ematen dituzte larritzeko modu datuak. Adibidez, honezkero ahaztu dugun arren, uztailaren 29an urte osoko planetaren baliabideak agortu genituen eta gure planeta porrot ekologikoan sartu zen. Planetako baliabide naturalen birsorkuntza gaitasuna agortu genuen egun horretan, Globat Footprint Network erakundeak informatu zuenez. Data hau historiako goizena izan zen.
WWF erakundearen aburuz, egun hau aurreratzen joan da 1970. urtetik. Hala, azken 20 urteetan 3 hilabete aurreratu da. Gehiegizko gaitasunaren rankingeko buru Ameriketako Estatu Batuak azaltzen da, non bere kontsumo erritmoa mantentzeko bost planeta beharko lituzkeen. Europa mailan zenbaki gorrietan maiatzaren 10ean sartu ginen, eta honela jarraitzen badugu urtean 2,8 planeta beharko genituzke guretzat bakarrik. Ez da gutxi.
Datu horiek ezinegona eragiten badute, adi beste honi: 2017. urtean Alliance of World Scientists dokumentuan 15.000 zientzialarik artikulu kezkagarria sinatu zuten BioScience aldizkarian. Bertan irakurri daitekeenez, munduari bigarren abisua igortzen diote, ingurugiroa zaintzen hasi ezean etorkizunik ez dugula adieraziz. Hain zuzen, 184 herrialdetako adituek lehen abisua igorri zuten 1992. urtean, eta 25 urte beranduago bigarrena zabaldu dute; hirugarrena iritsi arte itxarongo ote dugu?
Krisi klimatikoak duen berezitasun nabarmenena guztioi eragiten digun larrialdia dela da; berdin dio non bizi garen, zein den gure maila sozioekonomikoa, erlijioa, kontu korrontean dugun dirua edo bozkatzen duguna. Berdin dio ere Klima-Aldaketan sinesten dugun edo ez. Ikerlari eta adituek etengabe botatzen dituzten abisu eta datu beldurgarriak betetzen badira Klima-Aldaketak guztioi eragingo digu. Dena den, beti bezala, lehen kaltetuak eta egoera larrienak pairatuko dituztenak eremu behartsuetako biztanleak izango dira, ez dutelako aldaketa horiei aurre egiteko azpiegitura nahikorik izango. Hala, urte gutxitan lehen errefuxiatu klimatikoak ezagutuko ditugu; lehorteek, uholdeek eta muturreko tenperaturek eremu kaltetuenetako biztanleria mugitzera behartuko dute. Eta gu geu errefuxiatu klimatikoak bihurtzen bagara?
Aurten itsasoaren mailaren igoeraz ohartarazten duen inoiz egindako txosten mardulena argitaratu dute, eta datuen arabera munduko kostaldeak arriskuan daude. IPCC Klima-Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak jakinarazi du 2100. urterako metro bat baino gehiago igo daitekeela itsas maila, tenperatura igoerak egungo joera mantentzen badu. Ohartarazi dutenez, milioika pertsonak lekualdatu behar izango dute.
Ardurak banatzeko ordua
Datuak kezkagarriak dira, bai, baina nork hartu behar du esku arazoari aurre egiteko? Gazteek geldituko dute krisialdi hau? Thunbergek? Gutako bakoitzak? Ez eta bai. Klima-Aldaketaren negazionistek sarritan aipatzen duten moduan, planetari bost axola zaio gutako bakoitzak haragia jateari uztea ala plastikozko poltsak erabiltzeari uztea. Gizabanako bakoitzak eragin dezakeen aztarna txikia da, ala ez? Historiak erakutsi digu norbanako askok elkartuta gauza handiak egin ditzaketela. Industrien eta agintarien jardunean presioa eragitea bezala. Eta presio horren emaitzak dagoeneko nabarmenak dira; besteak beste, haragirik gabeko janari ekoizleen enpresek sekulako dirutza balio dute egun. Hori ohitura aldaketen ondorioz gertatu da. Baina gu ez gara hondoratzera doan itsasontzi hau salbatzeko arduradun bakarrak. Agintariek eta boteredunek asko egin dezakete. Kontua da, garaiz iritsiko ote dira?
Lau urtean behin, munduko herrialdeak bildu egiten dira klimarekin lotutako arazoei elkarrekin aurre egiteko saiakeran. Saiakera hutsalak izan dira denak orain arte, alde batetik, herrialde kutsakorrenek ez dutelako parte hartzen (oraingo honetan kanpoan gelditu dira AEBak, Txina eta India) eta bestetik, gainontzeko herrialde parte hartzaileak ez direlako gai neurri zehatzak eta irmoak hartzeko. Aurtengo bilerak inoiz baino protesta oihu gehiago aireratu ditu Fridays For Future mugimenduari esker, eta Thunberg aktibista gaztearen irudipean konpromiso garbiak eskatu dituzte. Baina, beste behin, herrialdeek huts egin dute eta ez dira ados jarri. Soilik promesa bat atera da bileretatik: karbono isuriak 2050. urterako amaitzea. Adituen iritziz, larrialdi klimatikoa gelditzeko erabat hankamotz gelditzen da promesa huts hori.
Klima-aldaketaren inpaktua euskal herrian
Hauek izango lirateke klima-aldaketaren aurreikusitako inpaktuak lurraldean, Ingurumen, Lurralde plangintza eta etxebizitza sailetik ateratako datuen arabera:
Epe laburrean:
Gutxieneko tenperaturen igoera neguan, eta gehieneko tenperaturen igoera udan.
Euriak %15 eta %20 bitarte murriztuko dira mende amaierarako.
Itsasoko uraren tenperaturaren beroketa eta itsas mailaren igoera.
Baliabide hidrikoak: ur ekarpen txikiagoa eta uholdeak jasan ditzaketen eremuen hazkundea.
Hiri-eremuak: Gehieneko eta gutxieneko tenperaturek gora egingo dute hirietan.
Kostaldea: Inpaktu nagusiak itsasoaren batez besteko maila igotzearen eraginez gertatuko dira.
Itsas ekosistemak eta baliabideak: Itsasoko uraren tenperatura 2ºC eta 3ºC bitartean igotzea.
Lehorreko ekosistemak: Flora aloktono edo inbaditzailearen hazkundea.
Baliabide edafikoak: Lurzorua degradatzeko prozesuak azkartzea.
Nekazaritzako baliabideak: Klima-aldaketak efektu kontrajarriak izango ditu, labore motaren arabera.
Baso-baliabideak: Euskal baso-ekosistemen “mediterranizazioa”.
Osasuna: Bero-boladak eta arnasketa arazoak.
Epe luzean:
Muturreko fenomeno meteorologikoak.
Aire kalitateak okerrera egingo du eta beraz honi lotutako gaixotasunak.
Suteen arriskua gora.
Biodibertsitatea murriztu; espezie inbaditzaileak areagotu eta zabaldu; espezieen migrazio eta desplazamendua.
Hainbat habitaten desagerpena.
Uztetan eta elikadura-ekoizpenean kalteak.
Lehorteak.
Osasun arriskuak.
TAMARA ZAPIAIN
INGURUMEN INGENIARIA
“Oso garrantzitsua da norberak txikitik eragitea”
Eta Euskal Herrian, zer? Ari ote gara datorren krisi klimatikoari erantzuteko prestatzen? Kontziente ote gara gure lurraldea ere aldatzen hasia dela? Galdera horien erantzuna bilatzeko hitz egin dugu Tamara Zapiain (Hernani, 1985) Ingurumen ingeniariarekin. Zapiainek GIS Geografia Informazio Sistemekin egiten du lan eta mundua betirako eraldatuko duen krisi honen gakoak argitu dizkigu.
Zergatik uste duzu dabilela guztion ahotan azkenaldian Klima-Aldaketa?
Eguneroko bizitzan eragina izan dezakeela geroz eta kontzienteago garelako, hala antzematen baitugu; muturreko eguraldi aldaketak, suteak, uholdeak, espezien desagerpena eta abar. Baina batez ere, tenperaturaren igoerarengatik. Izan ere, historiako urterik beroenak azken hamarkadari baitagozkio (2015, 2016 eta 2017).
Epe laburrean eman diren aldaketak aztertuz gero, larrialdi egoeran sartu garela jabetuko gara eta horrek ere eragin du guztion ahotan aritzea: Munduko batez besteko tenperatura 1,1°C igo da jada garai aurreindustrialetik, 2015-2019 urte tartea, inoiz erregistratu den bosturtekorik beroena izan daiteke, Munduko Erakunde Meteorologikoaren (MEM-aren) arabera, itsas mailaren igoera tasa 5 milimetroetara igo da urtean 2014 -2019 bosturtekoan eta masa glaziarren mailakako desizoztea: Artikoko itsas izotzeko 13 eremu gutxieneko baxuenak, azken 13 urteetan gertatu dira. Urduritzen hasteko moduko datuak zalantza izpirik gabe.
Benetan sartu ote gara atzera kontuan? Ingurumenaren hondamendia ekiditeko garaiz al gaude?
Kliman adituak diren zientzialarien arabera, gertagarria da gure mundua mende honetan zehar berotzen jarraitzeko joera mantentzea. Ondorio honen oinarria zientzialariek klima sistemaren funtzionamenduaren ezagutzan eta klima simulatzeko diseinatutako ordenagailu-modeloetan du oinarria. Klimako simulazio horietan gure planetaren gaur egungo bataz besteko tenperatura 1,1ºC eta 5,4ºC beroago izan daitekeela 2100. urtean baino.
Hurrengo mendean gertatuko den beroketa, neurri handi batean, datorren hamarkadan egingo diren energia aukeraketekin zuzenki erlazionatuta egongo da. Aukeraketa horiek batez ere tenperaturaren igoeraren abiadurarekin lotura zuzena duelako.
Zeintzuk dira hartu behar diren neurriak? Zeintzuk eraginkorrenak?
Zalantzarik gabe, garrantzitsuena, energia politika eta bizitza jasangarriago baten apustua egitea: Erregai fosilak energia berriztagarriengatik (eguzki-haizea) ordezkatu behar dira, garraioan ere aldaketa noski, karbonoaren erabilera murriztu elektrikorantz, karbono baxuko dieta: tokiko eta garaiko produktuak jan eta erosketa egiterako orduan jasangarria izatea, lur erabilerari dagokionez, basoak zaindu; nekazaritza estentsiboekin amaitu, agroekologiaren eta arrantza jasangarriaren aldeko apustua eta ozeanoei dagokionez, babestutako guneak areagotu, ekosistema hauetara bizitza eta oreka itzultzeko.
Zer egin dezake gutako bakoitzak?
Garrantzitsuena arazo honen gainean sentsibilizatuak egotea da: honela, gure egunerokotasunean hartzen ditugun erabakietan aintzat izango dugu ingurumenarekiko kontzientzia. Esate baterako, egunero hartzen ditugun erabaki txikietan du eragina (garraioa, erosketak, elikadura, oporrak, energia kontsumoan…) Ohartu behar gara ez dela soilik egiten dugun ekintza bera, erabaki horrek gizartean hedatzen duen mezua baizik. Adibidez: lankideek badakite garraio publikoaren aldeko autua egiten dudala, autoa hartzearen ordez. Ekintza txiki honek egunerokotasunean sortzen diren elkarrizketetan hausnarketarako tartea zabaltzen duela konturatzeak jarrera aldaketa bat piztu dezake. Beraz, oso garrantzitsua da norberak txikitik eragitea. Eta jakina, ustez, arduraz jokatzen dugun pertsonak garen neurrian, politikari, enpresari zein erakunde ez-jasangarriei arazo honen aurrean beraien erantzukizuna eta ardura exijitu behar diegu.
Zergatik uste duzu direla gazteak Klima-Aldaketaren borroka indarrez hartu dutenak?
Gazteak dira aurreko belaunaldia gehien kritikatzen dutenak, beraien ustez aurrekoek ez zutelako behar adina egin aldaketa klimatikoaren aurrean. Hori dela eta, etorkizuna arriskuan ikusten dutelako batik bat, indarra eta protagonismoa hartzen ari dira. Beraien arduratzat hartzen dute aurreko belaunaldikoen akatsak konpontzea, berdina ez errepikatzea eta zurruntasun horretatik ateratzea, ekintzak martxan jartzea azken finean.
Ikusten ditugun mobilizazioak Parisen gauzatu zen akordioa betetzeko exijitzen dute adibidez. Parisko akordioa 2015ean sinatu bazen ere, iritsi ziren akordioak 2020. urterako bete behar dira. Errepikatzen dituzten leloen artean, “Zertarako ikasi etorkizunik ez badaukagu?”, “Zertarako ikasi datuek ematen diguten informazioa, datuak aintzat hartzen ez diren gizarte batean?” eta “Gradu bat gehiagorik ez, espezie gutxiago bat ere ez” irakurri ditzakegu.
Zer deritzozu Greta Thunberg fenomenoari buruz?
Nahita edo nahigabe aldaketa klimatikoaren aurkako mugimenduaren ikur bilakatu da. Nork ez du Greta Thunberg ezagutzen? 16 urteko suediarrak eskolan aldaketa klimatikoak eragingo lituzkeen ondorioak aztertu zituztenean, 2018ko abuztuan, Suediako parlamentuaren atarian jartzea erabaki zuen ostiralero, agintariek klima aldaketaren arazoaren aurrean neurriak hartzeko eskatuz. #FridaysforFuture leloarekin ere sare sozialetan kontzientziaren olatua handitzea lortu du: “Inor ez da txikiegia desberdintasuna markatzeko”. Herrialde ezberdinetan gazteak beraien hirietan mobilizatu eta manifestazioak areagotzeko ahalmena ere izan du. Ekintza hauek komunika
bideetan oihartzun nabarmena izan dute eta mezua mundu osora zabaltzen lagundu dutela uste dut. Ongietorria beraz lortzen duena aldaketa klimatikoaren mezu larri hori zabaltzeko bada.
Nola ikusten duzu egoera Euskal Herrian?
Arazo honek Euskal Herrian izan ditzakeen eraginak aztertuko bagenitu, hainbat faktore azpimarratuko nituzke; hauek kontuan hartuta, aldaketa klimatikoaren aurrean egun eta etorkizunean hartuko ditugun egokitze neurriak garrantzitsuak izango dira.
Nekazaritza-sektorean hasteko, ureztaketa-beharrak igotzea espero da tenperaturak gora egitearen ondorioz, baita izurrite eta gaixotasun berrien intzidentzia eta agerpenak gora egitea ere. Muturreko gertakarien gorakadak eragina izan dezake lurzoruen erosio eta emankortasunean, eta horrek ondorioak izan ditzake lurzoruko mantenugaien eskuragarritasunean eta galera esanguratsuak eragin ditzake lurzoruan. Abeltzaintza-sektoreari dagokionez, tenperatura eta prezipitazioen aldakortasunak ondorioak izango ditu animalien ugalketan eta metabolismoan. Era berean, mendiko larreen karga-gaitasunak behera egitea aurreikusten da, belar gutxiago eskainiz.
Itsas mailaren gorakada ere kontuan hartzeko beste alderdi bat da, uholde-arriskua ekar baitezake. Era berean, itsas maila igotzean duna-landaredia galdu daiteke. Adibide gisa Climate Central ikerketa zentroak mapa batean bildu du 2050. urtean non izan dezaketen uholde arriskua itsasoaren maila igotzean. Hemen ikusi: https://labur.eus/tYBW8
Basogintza-sektoreko inpaktuak askotarikoak dira: baso-masen hazkundeak behera egitea, tenperatura igotzearen eta muturreko gertakari ohikoenen ondorioz; hori dela eta, atmosferako CO2 kontzentrazioak igotzea; izurrite eta gaixotasunek gora egitea; baso-masen sukoitasuna areagotzea, hortaz, baso-suteen maiztasuna, intentsitatea eta magnitudea igoz.
Energiaren eta industriaren sektorean, batez ere, azpiegituretako kalte fisikoak aurreikusten dira, muturreko prezipitazio eta uholdeen ondorioz; baita elektrizitate-kontsumo altua ere, beroaldien ondorioz; eta makineria eta instalazioei eragitea, hala nola motorren efizientzia murriztea edo estres hidrikoa sortzea hozketa-sistemetan. Azkenik, nekazaritza-sektorearekin batera, eragin handiena jasaten duen sektoreetako bat garraioko linea-azpiegiturena izan daiteke, hala nola errepideak edo trenbideak. Beroaldiek deformazioak, pitzadurak eta zuloak sor ditzakete azpiegituretan. Halaber, muturreko euriek eta olatuek gora egiteak uholdeak sor ditzakete baita lur-irristatzeak eta luiziak ere, ezbehar-kopuruak eta EAEko azpiegituren gaineko kalte fisikoek gora egitea eraginez.