Kirolaz, neska gazteekin

Kirolaz, neska gazteekin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirolaz-neska-gazteekin/@@download/image/kirola_maialen__1378455509.jpg
2013/09/09
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Emakumeak eta kirola, eta bereziki neska nerabeak eta kirola, ez dira eskutik joaten zenbaitetan; nahi baino gehiagotan, zoritxarrez. Jar dezagun auzia mahai gainean.


Azken hamarkadako datuek agerian uzten duten moduan, 12 eta 18 urte bitarteko neska askok eskolan hasitako kirol jarduerak eten egiten dituzte adin tarte horretan, eta gerora, mutilei baino gehiago kostatzen zaie ohitura berreskuratzea. Ez soilik gure artean, Europa mailan ere fenomeno orokortua da honakoa, eta erakunde publiko naiz klub pribatuek joera horrekin amaitzeko saiakerak egin dituzten arren, oraindik fundamentuz landu beharreko afera da.

Gaztetxotatik hasten gara kirola praktikatzen. Tokian tokiko gobernuek eta ikasketa zentroek elkarlanean ezarritako ildoei jarraiki, eskola gehienetan ikasturteko kirol programa prestatzen dute urtero. Hala, 8 urterekin hasi eta 16 bete bitartean, kirol ezberdinak probatzeko aukera dute neska-mutilek eskoletan. Baina guraso eta pedagogo askok salatu duten moduan, aukera nahiko murritza da, eta futbola, saskibaloia, eskubaloia eta atletismoaren artean hautatu behar izaten dute ikasle gehienek; zenbait zentrotan, horiez gain, pilota, igeriketa, boleibola edota hockeya egin ditzakete, eta adinean aurrera egin ahala, infantil mailara heldutakoan –12 eta 13 urterekin–, bakar bat aukeratu beste erremediorik ez dute. Nesken kasuan, askotan zaila izaten da taldea osatzeko lagun kopurua biltzea, eta berau deseginda, aukerarik gabe geratzen dira; ez hori bakarrik: mutilekin gertatu bezala, ongi moldatzen direnek aukera gehiago izaten dituzte aurrera jarraitzeko aparteko kirolariak ez direnek baino.

Datuei erreparatuz gero ikusiko dugu, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Eskola Kirola programaren baitan, %56 mutilak direla eta %44 neskak; halaber, hamaika urte baino gutxiagoko haurren %67k ematen dute izena dagokion ikasketa zentroan, eta hortik aurrera kopuruak nabarmen egiten du behera: 15-16 urte bitarteko gazteen artean %6k soilik jarraitzen dute.

Eskolatik klubera
Nerabetasunarekin batera, eskolek eskainitako kirol zerbitzuak ere agortzen doaz, eta ohiko urratsa klub pribatuetara jotzea da. Azken urteotan, baina, aldaketa gero eta goizago egiten dute gazteek –horren adierazle azken datua–, bereziki mutikoek, jokalari grinatsuenen bila aritzen baitira klubetako hautatzaileak, eta arrakastaz beteriko etorkizuna saltzen diete gazte eta guraso ameslariei. Nesken kasuan, baina, eskolatik kluberako pausoa askoz ere zailagoa da, bien arteko koordinazio eta elkarlan faltagatik. Hain zuzen, 16 eta 17 urte bitarteko kirolari federatuen artean %88 dira mutilak, %12 neskak. Eta joera hau mantendu egiten da, adin guztietako federatuen %77 baitira gizonezkoak, %23 andrazkoak.

Klub askotan, gainera, neska gazteei, eta orokorrean andrazkoei zuzendutako kirol eskaintza nabarmen eskasagoa da. Are gehiago: genero aldetik, instalakuntzen erabilera desorekatua da, andrazkoek ezorduetan erabili behar izaten baitituzte gizonezkoekin konpartitutako zelai eta aretoak, eta espazio asko ez daude haientzat behar bezala egokituta. Zenbait ikerketa lerrok aditzera eman dutenez, oztopo horiengatik, hain justu, alboratzen dute kirola neska nerabeek.

Eta nola ez, auzi honetan ere eragin nabarmena dute estereotipo eta printzipio kulturalek, gurasoengandik seme-alabengana igorritako baloreek, alegia. EHUko antropologoek eta kirol psikologoek garatutako Itxaso proiektuaren arabera, guraso askorentzat ez da gauza bera kirola uzten duena semea ala alaba izatea. Alegia, mutilen kasuan, beste kirolen bat probatzera animatzen dituzte, gustuko duten zerbait topatu eta praktikatzera, kirolak diziplina ezartzen duelako eta osasungarria delako; neskei, ordea, denbora hori ikasteko edo beste zerbaitetarako ongi etorriko zaiela esaten diete, eta ez dela ezer gertatzen. Gainera, guraso asko sinetsita daude kirolari loturiko baloreak, hala nola lehiakortasuna eta oldarkortasuna, ez datozela bat neskatilek eduki beharreko ezaugarriekin, eta honenbestez, ontzat ematen dute jarduera "lasai eta hezigarriagoak" egitea. Dena den, bada kirolak gizarte harremanak eratzen eta indartzen laguntzen duela uste duenik ere, eta ingurugiro horietan hazitako neskek aukera gehiago dituzte kirolean jarraitzeko.

Klubetik gimnasiora
Asko dira, baita ere, herri nahiz hirietako kirol zerbitzu publikoetan izena ematen dutenak. Kiroldegietan, nagusiki, bi motako jarduerak bereiz daitezke: alde batetik, indarra lantzeko makinaz hornitutako gimnasioa eta igerilekua, eta bestetik, erabilera anitzeko aretoak, zeintzuetan yoga, aerobica, spinninga, mota guztietako dantzak, gorputzeko atal ezberdinak lantzeko saioak, arte martzialak eta beste hainbat talde ekintza gauzatzen dituzten. Azken hauetan aritzen direnen %72, batez beste, andrazkoak dira, eta aldiz, igerilekuan eta giharrak sendotzeko makinetan gizonezkoak aurki daitezke nagusiki. Horri loturik dago, baita ere, kirolarekiko batzuek zein besteek duten pertzepzioa, oro har, andrazko gehienek aitortzen dutenez, arrazoi sozial eta estetikoengatik egiten baitute kirola, eta gizonezko askorentzat, aldiz, beren burua eta ingurukoak gainditzea da helburua, kasuistika oso anitza den arren.

Klub pribatuekin gertatu bezalaxe, Eskola Kirola utzi eta instalazio publikoak erabiltzeko bazkide txartela egiten duten neska nerabeen kopurua oso baxua da. Nagusiki 21-30 urte arteko bazkideetan nabari da beherakada, mutilek talde kirolak egiten jarraitzen dutelako eta neskek ez dutelako kirol jarduerara bueltatzeko urratsik oraindik eman.

Goi mailako kirolariak
Kirola uzteko joera hori agerian uzten dute, baita ere, goi mailako kirolarien gaineko datuek: Hego Euskal Herrian, batez beste, goi mailako kirolarien %63 dira gizonezkoak, %37 andrazkoak, eta profesionalizazio mailari dagokionean, andrazko gehienak ez dira kirol jardueratik bizi. Iparraldeko datuak topatzea, aldiz, zailagoa da, Frantziar estatuko iturriek zifra orokorrak baino ez baitituzte kaleratzen. Bestalde, kontutan izan behar da hedabideetako kirol albisteen %5ek soilik egiten diela erreferentzia emakume kirolariei, eta ezohiko kirol jardueren iragarpen eta publizitate karteletan, besteak beste, kros herrikoietan edota txapelketa txikietan, gizonak dira nagusi.

Errealitate honen aurrean neurriak hartzeko beharra aspaldi ikusi zuten instituzioek, eta haien esfortzuak honako alorretara bideratu dituzte azken urteetan: eskoletako kirol programa parekideagoak osatzera, emakumeentzako jarduerak sustatzen dituzten klubei diru-laguntzak ematera, andrazko entrenatzaile eta arbitroen teknifikazioa sustatzera, gurasoekin gaia lantzera, gorputz eskemaren onarpena bultzatzera, komunikabideen trataeran oreka bilatzera eta talde jarduerak indartzera. Lehen urratsak izan dira, baina iraupen-lasterketa honetan oraindik asko geratzen dira egiteko.