Kepa Acero: “"Bakarrik bidaiatzea ez da bakardadea bilatzea”"

Kepa Acero: “"Bakarrik bidaiatzea ez da bakardadea bilatzea”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kepa-acero-quotbakarrik-bidaiatzea--ez-da-bakardadea-bilatzeaquot/@@download/image/20121316457kepa_1360860438.jpg
2012/02/03
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Galder Izagirre
Kepa Acero: “"Bakarrik bidaiatzea  ez da bakardadea bilatzea”"
Gurekin hitzordua duelako ez balitz, gaur ere Interneten mapak arakatzen emango luke eguna, hurrengo proiekturako olatu galduak bilatzen.

Surfari estuki lotuta bizi diren hiru anairen artean gazteena da Kepa Acero (Algorta, 1980). Olatu gainera "ia inertziaz" igo zen, etxean ikusi eta arnastutakoak kasik behartuta. "Ez zen borondatezkoa izan", dio, "ni skatean eta futbolean nenbilen pozik, baina Ikerren eta Enekoren bitartez heldu zitzaidan material guztiak zabaldu zidan bidea". Hamahiru eta hamaika urterekin hasi ziren haiek lehiatzen, eta erakutsitako maila onak babesleak erakarri zituen. Kepa ere gazterik estreinatu zen txapelketetan eta hemezortzi urterekin Europako lehena izan zen junior kategorian. Aurrerantzean profesional modura ariko zen munduan barrena, "etengabe ikasten".

Gaur egun ere surfa du bizibide, baina egiten duenak zerikusi gutxi du iraganekoarekin. "Surfak kontaktu zuzena dakar naturarekin eta aspektu hau modu biziagoan sentitzen dut orain", ohola baitu bidaide bakarra olatu galduen bila bere neurrira imajinatu eta gauzatzen dituen abenturetan.

Algortako portu zaharrean elkartu gara, inguru hartan arrantzale etxeek eta galtzada-harrizko zolak eskaintzen diguten iragan-oasi modukoan. Urte amaieran burutu zuen Azken Muga proiektua dugu hizketarako aurreneko aitzakia, baina beste kontu asko ere sortu dira kafe beroaren bueltan.  

Surfa oso modu desberdinetan bizi izan duzu. Lehiaren testuinguruan batetik, eta kasik esploratzaile gisa bestetik. Nola sentitu zara bakoitzean?

Txapelketen zurrunbiloan sartuta nenbilenean, inpresioa nuen mundu osoa ezagutzen nuela baina, era berean, ez nuela ezer ezagutzen zirkuituetara mugatuta mugitzen nintzelako, ia hondartzetatik atera gabe, nire 20 minutuetan zentratuta, nahiko leku eta giro turistikoetan gainera. Horregatik, 25 urterekin-edo, babesleei planteatu nien haiekin jarraitu nahi nuela lanean, baina beste modu batera: dokumentalak eginez. Orduan, beste bi surflarirekin eta argazkilari batekin batera hasi nintzen bidaiatzen. Hiru urteko etapa izan zen eta oso ondo joan zitzaigun, baina sentsazio bera nuen: Indonesiara joaten ginen, adibidez; baina itsasontzi batera igo, iritsitakoan itsasoratu, olatuak hartu eta buelta etxera. 2010eko udaberrian, benetan beteko ninduen proiektu pertsonal bat egitea erabaki nuen eta...

... Bost kontinente Bost olatu egitasmoa aurkeztu zenien sponsorrei.

Bai. Munduari bira emango zion bidaia zen. Kontinente bakoitzean world class mailako olatu ezezagun bat aurkitu eta probatzea zen ideia. Bakarrik joan nahi nuen, kamerarekin, lekuak eta herriak beren horretan ezagutzera. Martzianokeria izan zen! –barrez–, baina gustatu zitzaien.

[Tankerako "martzianokeria" gehiago heldu ziren segidan. 2011ko maiatzan Donejakue bidea egin zuen bizikletaz, kotxez iristeko modurik ez dagoen hondartzetan geldialditxoa eginez. Ondoren, 2011ko abuztuan, Azken Muga proiektua etorri zen, Alaska hegoaldea, Peru eta Patagonia txiletarra ezagutzera eraman zuena. Iragan abenduan amaitu zuen azken abentura honen kasuan, agian, aurrekoetan baino markatuagoa da Algortako semearen egitasmo guztiek muinean duten bilaketa.]

Bakardade eta esklusibitate bila abiatu zinen paraje izoztuetara. Zer zenuen buruan?

Bakarrik bidaiatzea ez da bakardadea bilatzea. Guztiz kontrakoa: bakarrik zaudenean, askoz ere irekiagoa bilakatzen zara jendearekin erlazionatzeko premia handiagoa duzulako, are gehiago Alaska edo Patagonia bezalako lekuetan. Herrialde desberdinetako jendearekin harreman zuzena eduki nahi nuen, beti ere ahaztu gabe surfa nuela helburu eta motibazio. Ez baita gauza bera etxe alboan aritzea, Mundakakoa oso olatu ona izan arren, edo guztiz ezezagunak zaizkizun zonaldeetan aritzea; satisfazioa bikoitza da. Abentura puntu hori bilatzen nuen.

Eta zer aurkitu duzu?

Kirolari dagokionez, inork hartu ez dituen olatuak topatu ditut, eta probatu ere bai. Baina, orain, argazkiak begiratzen jartzen naizenean, konturatzen naiz zenbat jende ezagutu dudan eta... egia esan, olatuek garrantzia galtzen dute. Giza harremanek eta naturarekiko kontaktu zuzenak kirola beste dimentsio batera eramaten dute, esperientzia askoz sakonagoa da.

[Gisa honetako irteerek aldez aurretiko bilaketa eta azterketa lana eskatzen dute. Google Earth baliatuz jarduten da Kepa Acero interesgarriak izan daitezkeen zonaldeak identifikatzen eta mapetan kokatzen; biltzen dituzten baldintza bereziengatik (hondar pilaketak, haizearen norabidea, sakonera...) olatu onak eman ditzaketen guneak dira. Erreferentzia hauekin abiatu zen iragan udan Alaskara. Bertan zela, Kodiak uharteetako hondartza batean hiruzpalau egun zeramatzanean, itsasontzi txiki bat zuten bi arrantzale surf zale ezagutu zituen, etxetik eramandako mapan markatuta zituen gune horietara iristen laguntzeko prest zeudenak. Laugarren bat ere batu zitzaien espediziora: ehiztari txiletar bat, surf zalea azken hau ere.]

Zer moduz joan zitzaizuen?

Oso esperientzia polita izan zen. Azken portutik hamabost ordura zegoen irla multzo batera heldu ginen, leku zoragarria zen. Hasiera batean, hamar egunerako atera ginen baina, jana bagenuela ikusita eta olatuak aurkitzen ere zortea izan genuenez, azkenean 21 egun pasatu genituen itsasontzi hartan elkarrekin, gustura. Egia esan, oso ondo moldatu ginen guk geuk arrantzatutako izokinak eta ehizatutako oreinak jaten. Gainera, oso eskuma ona topatu genuen glaziar baten oinean...

... Glaziar baten oinean?! Hotza!

Bai, ura hotz-hotza zegoen –barrez–, justu izotza urtzen deneko tenperatura horretan, bi edo hiru gradutan.

Horrelakoetan, neopreno berezia eta lodiagoa, ez?

Bai, hori da. Dena den, lehenago ere ur hotzetan ibili naizen arren, honek marka guztiak hautsi ditu, hezurretaraino sartzen zen, esango nuke arriskutsua ere bazela. Uneoro mugimenduan genbiltzan, eta eskerrak horri.

[Eskerrak, baita ere, eguzki ordu luzeei. Ipar hemisferioan uda zenean ailegatu zen Alaskara. Ondoren, hilabete inguru egin zuen Perun, denbora pasa, harik eta hego hemisferioa udaran sartu zen arte; orduantxe abiatu zen Santiagotik hegoalderantz, Patagoniako azken muturrera. Azaroa zen.]   

Eguzkiarekin batera mugitu zara.

Bai, bada surfari buruzko film bat The endless summer izenekoa; urte oso bat igaro zuten haiek uda giroan, alde batetik bestera. Nik ere antzeko zerbait nuen buruan.

Bai, baina zureak ez dira uda kaliforniarrak edo australiarrak izan!

Ez, ez! Ez dauka zerikusirik! –barrez–. Ohikoena hotzetik ihes egitea izaten da eta horregatik dira hain ezezagunak polo inguruetako itsasoak. Horrek erakartzen ninduen.

Patagonian nahiko buruhauste izan zenituen eguraldiaren kontura eta egunak eman zenituen baldintza egokiak noiz iritsiko zain.

Guztira hilabete eta erdi pasatu nuen han. Azken hamabost egunak world class mailako olatu bat hartu nahian eman nituen, baina han egun bakar batean lau urtaroak txandakatzen dira: izugarrizko haizeteak, izotza, ondoren eguzkia... momentua aurkitzea ez da erraza izaten. Itxaron eta itxaron ondoren, azkenean, egun eder bat atera zen... grabatuta daukat, oso berezia izan zen.

Mendizale eta abenturazale askok ere jotzen dute Patagoniara bide berrien bila. Ze oroitzapen gordetzen duzu zuk hangoaz?

Aitortu behar dut tarteka beste planeta batetik etorritako estralurtarra banintz bezala sentitu naizela han. Mendizaleen kasuan ez dakit hala gertatuko ote den, baina hango biztanle askok ez dute sekula lehenago surf oholik ikusi, eta orduan, zu heltzen zara halako hirurekin eta begiratzen zaituzte pentsatuz: "Nor zara zu eta zer demontre da hau?!". Kontraste polita da eta harrigarria da ulertzea zu zarela kanpotik etorri den lehena. Horrek guztiak adrenalina areagotzen du. Dena da ezezaguna, inor ibili ez den uretan zabiltza, babesik gabe... zentzumen guztiak erne eta egiten ari zaren horretara bideratuta dituzu... egoera psikiko hori da, azkenean, harrapatzen zaituena.

Ikara sentitu duzu?

Momentu batzuetan bai. Dena dela, beldur handiena hemen pasatu dut, justu abiatu aurretik. Alaskarako hegazkin txartela erosia duzu benetan nahi duzulako, baina momentua heltzen denean... Joe! Banoala! Atzera bueltarik ez dagoenean iristen dira ikarak eta lesio bat simulatzea ere pasatzen zaizu burutik... –barrez–.

Halako leku isolatuetan bakarrik aritzeak badu arrisku erantsia: uretan ezbeharren bat izanez gero, nori eskatu laguntza?

Bai, baina ez da burugabekeria. Horrelako zerbait egitea erabakitzen duzunean, badakizu zertara zoazen eta aldez aurretik ondo pentsatua duzu; gerta daitekeenarekin kontsekuente zara. Kotxea ere hartzen dugu egunero... eta hori baino gauza arriskutsuagorik...

Bidaiko unerik zailena, baina, uretatik kanpo bizitu duzu. Harea mugikorretan sartu zineten!

Nik uste nuen horrelako gauzak filmetan bakarrik gertatzen zirela... neure burua barruan ikusi nuen arte. Egia esan, Alaskara iritsi eta historia bat baino gehiago entzun nuen harea mugikorretan betiko galdu zen jendeari buruz. Gertatzen dena da zaila dela hauek aldez aurretik antzematea, konturatzen zarenerako harrapatuta zaude. Lagun batekin batera nindoan. Berak ni baino hamar kilogramo gehiago pisatzen zituen eta azkarrago hondoratzen zen; gainera, gero eta erritmo motelagoa zeraman nekearen ondorioz, eta horrek ere ez zion lagundu. Oso gogorra izan zen baina atzean utzi behar izan nuen, zain geldituz gero behera nindoalako. Berak ere bazekien hori hala zela. Gutako bakoitzak bere bidea egin zuen. Nik enbor bat topatzeko zortea izan nuen, heldu, atseden hartu, eta erritmo biziagoan egin nuen azken txanpa. Benetan pentsatu nuen laguna ez zela onik aterako, eta berak ere ez. Baina lortu zuen, ni baino kasik ordubete geroago irten zen handik. Neke fisikoaz haratago –bi edo hiru orduko ibilaldi agonikoa izan zen–, leher eginda ginen. Hondar hauen azpian sortzen diren aire poltsen berri ere bagenuen, eta uneoro izan genuen presente hanka halako batean beheraino sartu eta betiko desagertzearen beldurra.

Halako esperientziak partekatuta, zure blogak egunerokoaren papera bete du. Jarraitzaileak konplize bihurtzeko modua izan da baina, era berean, zuk barrena hustutzeko bidea ere bai, ala?

Bai, kontraesana dirudi, ezta? Bakarrik bidaiatzeko hautua egin duzu baina, aldi berean, uneoro jendearekin kontaktuan mantentzeko aukera duzu. Tira, bakarrik zoaz, baina ingurukoen laguntzarekin.

Noiz egingo duzue anaiek zer edo zer bateratua?

Ba, begira, honezkero prestatzen ari naizen hurrengo proiektuan –Bost itsaso– Beringo, Antartidako, Angolako, Libiako eta Javako itsasoak ukitzeko asmoa dut, eta gustatuko litzaidake Indonesiara –Javara– eurekin joatea eta agian Aritz Aranbururekin batera ere bai. Baina hauek –anaiak– beste abentura batzuetan sartuta dabiltza, seme-alabak eta abar... hori bai abentura! –barrez–. Ez dakit, posible bada, egingo dugu.

Babesleekin zortea izan duzu. Egin duzun apustu horretan babestu zaituzte, hitzak duen esanahi osoarekin. Zenbateraino baldintza dezake sponsorren auzi honek surflari baten ibilbidea?

[Hau galdetzen diot badirelako gure kostaldeetako herrietan gaztetxo pila bat ume-umetatik uretan sartuta eta gauza zoragarriak egiten baina, aldiz, inoren arreta bereganatzen ez dutenak. Beste batzuek, baina, besterik gabe beste diziplinaren batetik datozen kirolari ezagunak izateagatik, surfera hurbildu eta gutxira lortzen dute bederen materiala finantzatuko dien inor.]

Bai... honetan ere jende asko geratzen da bidean, kirol guztietan bezala. Tira, argi dago profil publiko edo mediatikoa izatea lagungarria gerta daitekeela baina, hala eta guztiz ere, nork bere talentua du eta, azkenean, kasu gehienetan, gutako bakoitzak lortzen duen oihartzuna proportzionala izaten da egiten dugun esfortzu eta lanarekiko.

Bost kontinente Bost olatu aurreneko abentura hura Mundakan amaitu zenuen. Masifikatu gabeko olatuen bila zenbintzala kontatu didazu baina Mundakako uretan, edozein astegunetan, 100dik gora lagun pilatzen dira goizeko zortzitan egunak oraindik argitu ez duenean. Surfak duen osasun onaren seinale da... ala putakeria?

Bai... –barrez–, joe... galdera horretan unibertso oso bat sartzen da! Lehen bidaia luze hura etxean amaitu nahi nuen, anaiekin eta lagunekin, ni beti ibili izan naizen inguruan, nahiz eta azken aldian zirku hutsa bilakatu den. Baina denok gozatu nahi dugu olatu honekin eta hori errespetatu beharra dago. Orain dela hamar urte hamabost lagun ginen, orain 130 gaude... onartu egin behar da.

Bide batez, zer moduz dago olatua?

Oso ondo dago, bere onera itzuli da. Egin zuten duna hark bi urte eskas iraun zituen, jausi egin zen, naturak ezetz esan zuen eta guztiok pozik! Mundakak barnebiltzen dituen baldintzak bakarrak dira mundu osoan, eta badira ibaiak e!

Zuek hasi zinetenean kirol minoritarioa zen hau. Kostaldeko herrietara mugatzen zen. Gaur egun, ordea, sekulako zaletasuna dago. Zergatik?

Gure familiak, esaterako, ez zuen inolako loturarik honekin. Ama Durangokoa da eta aita bilbotarra. Lan kontuengatik etorri ziren Algortara eta gu jaio ginen, justu, surfa sozializatzen edo demokratizatzen ari zen garaian –80ko hamarkada amaieran, 90eko hasieran–. Ordura arte dirudunen kirola izan baitzen eta horregatik darama oraindik gaur egun 'pijo' etiketa hori. 80ko hamarkadan, baina, material merkeagoa heltzen hasi zen, eta hala hasi zen gero eta jende gehiago animatzen. Guk, seguru aski, eragin berezia jaso genuen jende ahaldun asko bizi zen inguru batean hazi ginelako. Gaur egun surfa ez da kirol garestia, edonork eskura dezake traje bat eta ohola, eta itsasoa nahi beste daukagu Euskal Herrian.

Eta zer moduzkoa da surflarien arteko harremana? Badira hor mito zenbait... herri batekoek alboko herriko hondartza inbaditzen dutela, eta nork bere leku edo ordu kuttunak beretzat gordetzen dituela...

Ez da mitoa... –barrez–, hori horrela da. Menditik datorren jendeak, adibidez, ez gaitu ulertzen. "Gu ez gara horrelakoak!", esaten digute. Baina gogoan izan behar dugu osagai asko sartzen direla jokoan surfaren kontu honetan: batzuetan harea leku jakin batean pilatzen da haizeak ez dakit nondik jotzen duelako eta olatu berezi bat sortzen du... baina aste osoan bi orduz bakarrik gerta daiteke hori. Errauskine bezala, olatua agertu eta desagertu egiten da. Eta denok nahi dugu, baina ez dago denontzat. Gizakia horrelakoa da. Mendia, aldiz, hor dago beti.

Halakorik ez zen gertatuko Mundakan lau katu elkartzen zineten garai hartan, ezta? Hobera izan da aldaketa ala zerbait galdu da bidean?

Tira, hondartzetan liskarrak-eta sortzen direnean surfaren espiritua desitxuratu egiten dela iruditzen zait. Baina mendian ere gauza bera gertatzen da onddoekin... ez?  

Baina olatuak ez dira agortzen onddoak bezala. Hori baduzue alde: etengabe desagertzen eta sortzen dira.

Bai. Ingurunearen aldaketek hori daukate. Orain existitzen ez direnak sortu daitezke bihar eta, aldiz, gaur badagoena desagertu. Indonesia aldean, adibidez, plaka mugimentu handiak izaten dira eta zuzenean eragiten diete world class mailako olatuei ere.

Gaia aldatuta, gurasoek honekin inongo harremanik ez zutela aipatu duzu lehen, baina aita, behintzat, berehala lotu zenuten eta Euskal Herriko Surf Federazioko kide izan zen.

Bai, baina bere semeengatik engaiatu zen surfarengatik baino gehiago. Gu hirurok honetatik bizitzea lortu badugu aitari eta amari esker izan da. Pentsa, Iker eta Eneko, 14 eta 12 urte zituztenean, Australiara bidali zituzten perfekzionatzera, munduko beste puntara, garai hartan! Orduan, gaur bezala, pribilegio hutsa zen baina, gainera, ez ziren existitzen orain ditugun komunikatzeko bideak. Konexio bakarra Sidneyko Euskal Txokoa zen...

Eta zu bitartean...

Ni etxean –barrez–, zortzi urte nituen! Baina txikitatik bizitzen dituzun gauza horiek arrastoa uzten dizute noski. Ikusi gerora...

Ziur aski norabide horretan doa EHSFk egiten duen ekarpen garrantzitsuena, ezta?

Dudarik gabe. Gazteekin egiten den lana ikaragarria da. Belaunaldien arteko transmisioa eta motibazioa bermatzea ezinbestekoa da, gazteenak baitira etorkizuna.

Zer gustatzen zaizu surfa bezainbeste?

Zaila... etxeratzen naizenean familia eta neska-laguna bertan topatzea, oraindik agoantatzen nau koitaduak! –barrez–. Hemendik ibiltzea, pintxo batzuk hartzea, dena bere horretan dagoela ikustea... Izan ere, bidaia hauek ez dute balio bakarrik beste herrialdeak ezagutzeko, baizik eta geureaz ere, geure berezitasunez, jabetzeko. Hemen dena oso normala da, kulturala normal bihurtzen dugulako. Baina beste kultura batzuekin harremana duzunean konturatzen zara zelako bereziak garen, eta apreziatzen duzu.

Kepa Aceroren kuttunak


Oporretara, nora? Indonesiara, hondartzara. Himalaya ere ezagutu nahiko nuke.
Jateko eta edateko: Mariskoa eta ardoa.
Plan perfektua: Lagunekin txokoan afaritxo bat egitea.
Mania bat: Egunero itsasoan bustitzea.
Miresten dituzu: Chaplin, Einstein, Maradona, eta gure aita eta ama.
Liburua: Le Petit Prince (Antoine de Saint-Exupery, 1943).
Filma: Diarios de motocicleta (Walter Salles, 2005).
Musika: Bon Iver eta Mikel Laboa.