KATUBIHOTZ: MAITASUNAREN INDARRA

KATUBIHOTZ: MAITASUNAREN INDARRA Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/katubihotz-maitasunaren-indarra/@@download/image/animaliak_home.jpg
2019/04/29

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko.
KATUBIHOTZ: MAITASUNAREN INDARRA

Katubihotz elkarteak bere egoitza Pasaian du. Donostia eta bere inguruetako katuen zaintzaz arduratzen da. Kaleko katu koloniak zaintzeaz gain adopzioak ere burutzen ditu. Egunero egunero, boluntario talde batek gogor egiten du lan gure inguruko katutxoek ahalik eta bizitza zoriontsuena izan dezaten.

Noiz sortu zen Katubihotz eta zergatik?
2010. urtean sortu zen Katubihotz beharra sentitu genuelako egunero kalean ikusten genituen katuei laguntzeko. Katuak gustatzen zitzaizkigun lagun talde bat elkartu ginen eta baliabide urriekin proiektu zoragarri honi hasiera eman genion.

Zein dira zuen helburuak?
Elkartearen helburu nagusia kaleko katu koloniak kontrolatu eta zaintzea da. Zaintzea diogunean esan nahi dugu antzutzea, gaixotasunak tratatzea, elikatzea... finean, behar dituzten oinarrizko zaintzak bermatzea bizitza hobeago eta duinago bat izan dezaten kaleak eskaintzen dizkien aukeren barruan.

Katu abandonatuei dagokienez, lar lagunkoiak badira kale katu horiek edota euren bizitza kalean arriskutsua dela ikusten badugu, jaso egiten ditugu eta eurentzat etxe bat bilatzen saiatzen gara adopzio bidez. Horretarako, aurretik elkarrizketa bat egiten da familia arduratsua ote den frogatzeko, ondoren adopzio kontratu bat egiten zaio eta azkenik, baita jarraipen bat ere.

Nola funtzionatzen duzue?
Lan hau gure denbora librean burutzen dugun boluntarioak gara. Guztion artean antolatzen gara babeslekuaz eta bertan dauden animaliez, erreskateez, albaitariaren bisitez, adopzioez... beti bada zer egin! Horretaz gain, udaletxearen diru-langutza bati esker ekintzak eta azoka txikiak antolatzen ditugu dirua lortzeko. Hilabetero kantitate jakin bat ematen diguten bazkideak ere baditugu edota Teaming bidez hilabetero euro bat ematen digutenak ere.

Boluntarioak diren harrera etxeak ere baditugu gazteegiak diren katuentzat, gaixo daudenentzat edo nortasun gehiegi dutelako babeslekuan egon ezin dutenentzat. Gure katu batzuk aitabitxi edo amabitxiak dituzte inoiz ezeren faltarik izan ez dezaten.

Erakundeen laguntzarik izaten al duzue?
2016an Pasaiako Udalarekin hitzarmen bat sinatu genuen. Urtero diru-laguntza txiki bat jasortzen dugu gure lana egiten jarrai dezagun.

Zenbat kasu izaten dituzue urtean?
Urtea eta egoeraren arabera aldatuz doa. Iaz 80 katu inguru jaso genituen eta beste horrenbeste hartu genituen antzutu eta berriz askatzeko. Egia esan, lan asko baldin bada ere zaila egiten zaigu arriskuan dagoen animalia bati ezetz esatea eta nola edo hala moldatu ohi gara.

Lan asko baldin bada ere zaila egiten zaigu arriskuan dagoen animalia bati ezetz esatea eta nola edo hala moldatu ohi gara.

Zein izan da aurre egin behar izan diezuen egoerarik zailena?
Azken agurra eman beharra beti zaila izaten da, batez ere gazte joan ohi direnean edota bizitza gogor baten ostean. Halere, dudarik gabe, izan dugun kasurik zailean Loki katuarena izan da.

Loki ez zuten ongi tratatu bere aurreko etxean, trauma oso sakon batekin iritsi zenen oso modu erasotzailean jokatzen zuen. Ez zekien bere emozioak kudeatzen, zaratek izutzen zuten, mugimendu azkarrek... guzti honi izugarrizko erasoekin egiten zien aurre eta ondoan zegoen pertsonarengana bideratzen zituen. Iritsi zen momentu bat ezinezkoa zitzaiguna solte uztea, guztia suntsitzen baitzuen, baina ezin genuen beti kaiolan utzi, hori oso krudela baitzen. Albaitariek gomendatu ziguten espazio kontrolatu batean askatzea, horrela zeukan energia hori askatu zezan, betiere pertsonengandik urrun, inori minik ez emateko. Ez genuen aukera handirik. Teorian kanpoan ez zatekeen inguratua sentituko eta ez zuen erasotzeko beharrik izango. Azkenik, zorionez, baserri batekoek adoptatu zuten zituen arrisku guztiak jakinik eta gaur egun oso katu zoriontsua da.

Zer egin behar du adoptatzeko interesa duen norbaitek?
Gurekin harremanetan arri ondoren elkarrizketa bat egingo genioke hobeto ezagutzeko eta gure irizpideak betetzen dituen ikus dezagun, hau da, jabe arduratsua izango ote litzatekeen ikusteko. Horrez gain, bere bizi baldintzetara hobekien egokituko litzatekeen katua adoptatzeko bideratuko genuke. Ondoren, adoptatzea interesatzen zaion katua ezagutzeko gelditzen gara eta dena ondo badoa katua etxea eraman aurretik kontratua sinatzen da.

Zein erronka dituzue etorkizunari begira?
Orain bezala gure kaleko katu koloniak zaintzen jarraituko dugu noski, baita erreskateak eta adopzioak burutzen. Azken urte hauetan asko hazi gara eta gure helburua hazten jarraitzea da ahalik eta animalia gehienei lagundu ahal izateko.

Kaixo! Ni Misifu naiz eta zu?
Bost urte ditut eta ni lehen Madrilen bizi nintzen, gainezka zegoen txakurtegi batean. Zoritxarrez, katuen artean ere arrazismoa dagoenez eta beltza naizenez, eta horrez gain, inmunoeskasia eta katu leuzemia pairatzen ditudanez pentsatzen nuen txakur artean bizi beharko nuela betirako. Gainera negua hurbil zegoen eta nire gaixotasunengatik defentsak baxu nituenez txakurtegiko hotza oso kaltegarria zen niretzat. Aukera guztiak nituen negu hura ez igarotzeko, egoera larrian nengoen zinez.


Zorionez, baziren gizaki batzuk niri etxe bila jo eta ke zebiltzanak. Halako batean Katubihotz elkartekoekin kontaktatu zuten eta hauek ezin izan zioten nire edertasun eta xarmari ezetzik esan. Gainera, garai hartan harrera etxe bat libre zuten eta bertara eraman ninduten, etxe oso bat niretzat, sekulako pagotxa!

Alta, ez dut inongo arazorik inmunoeskasia eta leuzemia duten beste katuekin bizitzeko, ezta osasuntsu, antzututa eta leuzemiaren aurka txertatuta dauden beste katuekin ere. Nahiz eta seme bakarra ere izan naitekeen, horrela mimo guztiak  niretzako izango baitira! Ni bezalako katu batek gaixotasun bat du bai, baina ez da katu gaixo bat. Ni maitatzeko gai bazara beste edozein katu bezain beste bizi naiteke. Norbaitek aukera bat emango balit inolaz ere ordaindu ezin daitekeen altxor bat eramango luke, nire begi ederrak ikusi besterik ez daude horretaz ohartzeko.

Adoptatu nahi banauzu jarri zaitez Katubihotzeko lagunekin harremanetan, zu ezagutzeko irrikitan nago!