90eko hamarkadan izugarrizko arrakasta lortu zuen telesaila bueltan da: hondartzak, bainujantzi gorriak eta flotagailuak
Nostalgiak itota bizi garen garaiotan, azkenaldian garai bateko telesail eta film batzuen itzulera, jarraipenak edo remake-ak ikusten ari gara. Testuinguru horretan, Estatu Batuetako Fox kateak Baywatch telesaila 2027ko urtarrilean estreinatuko duela iragarri du.
90eko hamarkadan mundu mailan izugarrizko arrakasta lortu zuen Baywatch telesailak, Kaliforniako hondartzetan lan egiten zuten sorosleen eguneroko gorabeherak erakutsiz. Bainujantzi gorriak, hondartzako korrikaldiak, itsasoko igeriketa eta erreskateak izaten ziren nagusi, bestelako tramekin nahastuta.
Hasierako telesail horretako kide asko aski ezagunak egin ziren, tartean David Hasselhoff, Pamela Anderson, Carmen Electra eta Alexandra Paul. Oraingo bertsioan ikuspegia berrituko dute, eta ibilbide luzeko aktoreak eta sare sozialetako aurpegi ezagunak izango dira pantailan. Hala ere, jatorrizko telesailean izaten ziren adrenalinaz betetako erreskateei, harreman korapilatsuei eta dramaren kimikari eutsiko diotela adierazi dute.

Etapa berri honetan Hobie Buchannon, aurrekoan pertsonaia nagusia zen Mitch-en semea izango da protagonista. Arrow telesailean ezagun egindako Stephen Arnell aktoreak gorpuztuko du Hobie. Sorosleen buru da orain, eta bere alaba, Charlie Vale, azalduko da ezustean. Hori dela eta, bere bizitza hankaz gora jarriko da. Belaunaldi arteko istorioaren bitartez, iraganeko jarraitzaileak eta berriak erakarri nahi dituzte.
Arnellez gain, honako hauek ere parte hartuko dute aktore lanetan: Jessica Belkin, Noah Beck, Shay Mitchell, Thaddeus LaGrone, Livvy Dunne, Hassie Harrison eta Brooks Nader. Hasierako garaietan aritutako Erika Eleniak eta David Chokachi ere izango dira.

Baywatch telesaila 1991tik eta 2001era bitarte emititu zuten, eta hamaika denboraldi izan zituen. 200 herrialdetara baino gehiagotara zabaldu zen, eta astean mila milioi ikusle baino gehiago izatera heldu zen.
Filmak ere egin zituzten, arrakasta handirik lortu ez bazuten ere. Orain, nostalgiari, akziozko eszenei, eta aktore eta eduki-sortzaileen nahasketari esker, harrera ona izan eta ikusleengan eragitea espero dute.
