Gazte Euskaltzaleen Sareak Urepeletik Iruñera arteko martxa egingo du ekainaren 11tik 13ra
Gazte Euskaltzaleen Sareak hiru eguneko martxa egingo du, ekainaren 11tik 13ra, Urepeletik Iruñera, Gazte euskaltzaleok bidea urratu dinamikaren baitan. Martxaren amaieran Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxarekin bat egingo dute. "Korrikan metatutako indarra berriz ere kalera ateratzeko" eta "bizi dugun bidegurutze honetan gure hautua gorpuzteko" abagunea izango dela adierazi dute.
Urepeletik abiatuko dira ekainaren 11n, eta Auritzen egingo dute lehen geldialdia. Bigarren egunean Zubiri aldera joko dute, eta, azkenik, ekainaren 13an helduko dira Iruñera.

Euskal Herriko hainbat puntutatik Urepelera autobus zerbitzua antolatuko dute parte hartzea errazte aldera. Horretaz gain, hainbat ekintza ere izango dira: kontzertuak, horma irudiak...
Otorduak eta lolekua izango direla jakinarazi dute. Arropa eta oinetako erosoak, eta lo zakua eta esterilla eramateko eskatu dute.
Gazte euskaltzale orori martxan parte hartzeko deia egin diete, gazteak izango direlako "pizkunde berri honetako giltzarri". Izen-ematea hemen egin behar da.
