Kasilda Hernaez iraultzaile zizurkildarraren bizipenetatik abiatutako antzezlana izango da Donostian

Goitibera Antzerkiak Kasilda, bukatzen ez den sua antzezlana taularatuko du bihar, hilak 10, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:30ean. Kasilda Hernaez Vargas anarkista eta feminista euskaldunaren bizimodua du ardatz antzezlanak. "Guda zibilean, eta bere bizitza osoan zehar, ideia libertarioen eta bizimodu natural baten alde borrokatu zuen. Antzezlan honetan bere bizipenetatik bidaiatuko dugu sentimendu hori jarraitzera bultzatu zuena bilatu nahian", adierazi dute sortzaileek.
Emanaldiak hainbat plano dituela azaldu dute. Lehenik, Kasildaren bizitza kontatzen duen planoa dago: "Kasilda emakumeen lantegi batean greba egiteagatik atxilotu zuten. Zurriola hondartzan nudismoa egiteagatik ezaguna izan zen. 1934ko urriko greba iraultzailean 29 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Donostia faxisten aurka defendatu zuen. Fronteko lehenengo ilaran borrokatu zuen. Pirinioetan barrena muga pasa zuen eta kontzentrazio esparruetan egon zen. Bordelera joan zen bizitzera eta bere etxea frankismoaren eta nazismoaren aurkako erresistentziaren gune izan zen, "euskal kontsulatua" izenez ezaguna izan zen. Baina historiaz harago istorioari emango zaio garrantzia, Kasildaren izaera ezagutzera emango digun istorioa". Bigarrenik, narratzaileen planoa dago; pertsonaietatik irtenda, Kasildaren istorioaren inguruan galderak egingo dituzte, datu historikoak emanez edota euren arteko harremanak zein euren pentsamendu sakonak agerian utziz. Azkenik, plano onirikoa izango da, zeinetan errealitatetik distantzia handiagoa hartuko duten, eszenak eskatzen duen trataera poetiko eta abstraktuagoa garatzeko.
Gorputza, espazioa, mugimendua eta akzioa izango dituzte abiapuntu, antzerki fisikoak eskainitako baliabideekin batera: koru lana, pantomima, zuzeneko musika eta soinu efektuak... "Momentu gogorrak" taularatuko diren arren (guda zibila, errefuxiatuen esparruak...), "umoreak ere presentzia handia" duela nabarmendu dute.
Saioa Iribarren da antzezlanaren zuzendaria eta dramaturgia egin duena, eta hiru dira oholtza gainean arituko diren antzezleak: Leire Orbe, Aiora Sedano eta Ander Basaldua. Miriam Ubanet argiztapenaz eta Zaloa Basaldua jantzitegiaz arduratu dira, eta Jon Urrutia musikaz.
65 minutuko iraupena du antzezlanak eta 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Emanaldirako sarrerak hemen eskura daitezke.