'Kantu Eskukadak II' liburua aurkeztu dugu!

'Kantu Eskukadak II' liburua aurkeztu dugu! 100 kantu eta Olrait Studiok egindako 100 ilustrazio jaso ditugu 'Kantu Eskukadak' liburuaren bigarren bilduma honetan. Durangoko Azokan erosi ahal izango da eta bilduma berezia ere izango da eskuragarri: liburua, 'tote bag' edo oihalezko poltsa esklusiboa, eta Gross garagardoa opari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kantu-eskukadak-ii-ilustrazio-eta-aurkeztu-dugu/@@download/image/DSC_0022.jpg
2022/12/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

100 kantu eta Olrait Studiok egindako 100 ilustrazio jaso ditugu 'Kantu Eskukadak' liburuaren bigarren bilduma honetan. Durangoko Azokan erosi ahal izango da eta bilduma berezia ere izango da eskuragarri: liburua, 'tote bag' edo oihalezko poltsa esklusiboa, eta Gross garagardoa opari.
'Kantu Eskukadak II' liburua aurkeztu dugu!

Gaur goizean aurkeztu dugu, Donostiako Gross garagardotegian, Euskal Herriko ehun musikari edo talderen kantuak, eta Olrait Studiok abesti bakoitzari egindako ilustrazioak biltzen dituen Kantu Eskukadak II liburua. Aurkezpenean GAZTEZULOren zuzendari den Gaizka Izagirre, Olrait Studioko Beñat Rodriguez, eta liburuan agertzen den Raitx eta Lamiak taldeko musikaria elkartu dira.

Izagirrek gogoratu duenez, 2020an jaio zen Kantu Eskukadak proiektua, "Olrait studioren muinetik, garunetik eta bihotzetik". "Olrait Studiok GAZTEZULOrekin batera indarrak batu eta Kantu Eskukadak liburua argitaratu genuen pandemia bete-betean. Kultur ekitaldiak bertan behera geratzen ari ziren horretan herri bat eraikitzeko kultura funtsezkoa dela azpimarratu nahi izan genuen liburu honen bitartez, eta euskal kultura dirudiena baino askoz aberatsa­goa dela. Horretaz jabeturik, Olrait estudiok 100 euskal talderen 100 abesti ilustratu zituen elemen­tu bateratzaile bezala eskuak erabilita, hortik Eskukadak izena", azaldu du.

Bi urte geroago, bigarren liburua argitaratzeko beharra eta nahia sentitu dugu: Kantu Eskukadak II. Beste 100 euskal talderen 100 abesti ilustratu ditu Olrait Studiok, berriz ere eskua ardatz hartuta. Letragintzari eman diogu garrantzia bilduma berri honetan eta kantuen letrak irakurri ahal izango dira liburuan. Horrekin batera, 100 abesti berri horiekin Badok atarian sortutako playlist-a entzun ahalko da, liburuaren hasieran dagoen QRa eskaneatuta. Gartxot Unsain musikariak idatzitako hitzaurre berezia ere badu liburuak. 

Izagirrek euskal sortzaileen lana nabarmendu nahi izan du: "Egoera zorionez asko aldatu den arren -besteak beste, zuzeneko kontzertuak itzuli direlako-, pandemian azaleratu ziren – eta lehenagotik existitzen ziren- arazo eta gabezietako askok hor jarraitzen dute oraindik: musikarien prekarietatea, zuzenekoak lortzeko zailtasuna, talde txikien ikusgarritasun ezdeusa, areto txikien zailtasunak eta, bereziki, euskal letragintzari eta lan horren atzean dauden euskal sortzaileei eskaintzen zaien arreta eta errekonozimendu eskasa; oztopoak oztopo, enbatan zein zeru argian, lemari beti sendo eusteko prest daudenak". 

Kantu Eskukadak II liburuaren bitartez, "geure omenaldi xumea eskaini nahi diegu euskal abestien letrak idazten dituzten sortzaile nekaezin horiei guztiei. Sorkuntza delako bide bakarra, eta hitza delako horretarako giltza". 

Gartxon Unsain musikariak hitzaurrean idatzi bezala, "ereserki txiki hauek izan daitezela biharamun goxoago baten hazi xume hori, bilduma moduan borobildutako geltoki, aurrera jarraitzeko, haurren eran".

Durangoko Azokan salgai
Kantu Eskukadak II Durangoko Azokan
eskuratu ahal izango da, Gaztezuloren postuan (Musikaren Plaza, 27) eta online dendan. Gainera, Gross garagardotegiarekin egindako elkarlanari esker, 35 eurotan bilduma berezia lortzeko aukera izango da bertan: Kantu Eskukadak II liburua, 'tote bag' edo oihalezko poltsa esklusiboa, eta Gross garagardoa opari. 

Bestalde, Kantu Eskukadak I liburua ere erosi ahal izango da Durangoko Azokan, bilduma osoa izateko. Osagarriak diren bi liburu dira: 200 abesti, 200 ilustrazio, euskara eta musika batuz. Euskaraz eta euskaratik edozer sortu daitekeela erakutsi nahi dugu, eta ez dela urrutira joan behar kalitatezko bakarlari eta taldeez gozatu eta estilo ezberdinak dastatzeko.