Julen Caceres: "Asfaltoko Ultra Trailek ez dute gurean arrakasta handirik"

Julen Caceres: "Asfaltoko Ultra Trailek ez dute gurean arrakasta handirik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/julen-caceres-quotasfaltoko-ultra-trailek-ez-dute-gurean-arrakasta-handirikquot/@@download/image/julen_caceres_0_1380793214.jpg
2013/10/07
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa
Lekeitiarrak (1988) gogoan du egin zuen lehenengo krosa: Usansolon izan zen, 700 metro zituen eta amaierara iritsiko ez zela pentsatu zuen. Gaur egun baina, Ultra Trailetan dabil buru-belarri. Urriaren 20an, 100 kilometroko Espainiako Txapelketan parte hartuko du.


Zer dela eta sartzen zaio korrikazale bati 100 kilometro korrika egiteko irrika?
Hamar kilometrorekin hasten zara, gero 20 kilometroko lasterketetara pasatzen zara, 40 kilometrokoetara... Eta gero Ultra lasterketen munduan dabilen jendea ezagutzen duzu, 100 kilometroko lasterketak egiten dituztenak, eurekin entrenatzen hasten zara... Eta probatzeko irrika sartzen zaizu.

Maratoia egitea ez al da nahikoa?
Maratoia nahikoa ta sobera da, baita hamar kilometrotako herri krosa ere. Baina kirol hau droga bezalakoa da, engantxatu egiten zaitu. Nire kasuan nahiago ditut ultra lasterketak maratoiak baino, erritmoa ezberdina delako. Maratoian oso erritmo arina eramaten da, eta ultra lasterketetan aldiz, indarrak dosifikatzea garrantzitsuagoa da.

Ultra lasterketak moda-modan daude, ezta?
Bai, batez ere mendian egiten direnak. Denok ezagutzen ditugu Zegama-Aizkorri maratoia (42 km), Ehunmilak ultratraila (167 km), G2H (88km), Hiru Haundiak (100 km)... mendira afizio handia dago Euskal Herrian eta lasterketa horietan korrikalariak animatzera igotzen diren zaletuek jartzen dute giroa benetan zoragarria izaten da. Asfaltoko ultra lasterketek aldiz ez dute gurean arrakasta handirik. Horiek beti dira 100 kilometrotakoak eta kanpora ateratzen gara horiek egitera. 

San Silbestrea, herri krosak... norbere kontura entrenatuta arriskurik gabe egin daitezkeen lasterketak dira, baina 100 kilometro korrika egiteko, aditu baten aholkularitza edo entrenamendu espezializatua beharrezkoa izango da?
Nik ez daukat entrenatzaile pertsonalik eta orain arteko korritu ditudan lasterketak neure kontura prestatu ditut, Interneten informazioa lortuta, eta batez ere ezagunei galdetuta. Kirol honetan jendeak duen eskuzabaltasuna itzela da. Niri adibidez Asier Cuevasek (Europako txapelduna izan zen asfaltuko 100 kilometroetan) asko lagundu dit, azken hilabeteetan Espainiako 100 kmtako Txapelketa prestatzeko aholkuak ematen dizkit eta dauzkadan zalantza guztiak argitu. Baina egia da ez dagoela nik dakidala Euskal Herrian atletismo talderik mota honetako lasterketak prestatzen espezializatu denik. Eta entrenatzaile pertsonalak egon badauden arren, horiek ordaintzeko gai izan behar zara...

Zer da garrantzitsuagoa horrelako lasterketa bat behar bezala egiteko, gorputza ala burua ondo prestatuta izatea?
Zalantzarik barik garrantzitsuena burua da. Argi dago gorputza ondo entrenatu behar dela, baina burua ondo landu gabe ezinezkoa da honelako lasterketa bat amaitzea. Pentsa 100 kilometrotan zehar burutik zenbat burutazio pasatzen diran: "zer egiten ari naiz hemen", "hau sufrimendua", "erretiratu egingo naiz"... Nik albora begiratu eta pentsatzen dut ondoan doana ere ni bezain estu doala, baina aurrera doala, eta neure burua engainatzen dut segitzeko. Inondik inora egin behar ez dena da, hamar kilometro egin eta oraindik 90 geratzen zaizkizula pentsatu.

Ez al da gizakiaren gaitasunak muturrera eramaten?

Galdera ederra da hori. Bai, egia da gorputza gehiegi kastigatzen ari garela eta momentu bat iritsiko dela non utzi egin beharko dugun. Hori kontuan daukat baina ez diot momentu honetan garrantzia berezirik ematen. Kirol guztiak izan daitezke kaltegarri muga batzuk gainditzen baditugu, eta hemen ere norberak bere mugak ezagutzea da garrantzitsuena.

Kirol garestia al da? Zuek zeuk laguntzailerik baduzu?
Krisia dela eta apenas jasotzen dute atletismo taldeek diru-laguntzarik. Niri Lekeitioko Tximista atletismo taldeak laguntzen dit arropa eta bidaiekin, baina taldeak ere gero eta laguntza gutxiago du. Bestetik, kontuan hartu lasterketetan, eta batez ere entrenatzen, zapatilak asko gastatzen ditugula, eta urtean zehar zapatila pare asko erosi behar ditugu. Eta patrozinatzailerik ez dut... Amaitzeko, masajeak ere hor daude. Nik behar-beharrezkoa denean baino ez dut masajistarenera jotzen, 30/35 euro balio baitu sesio bakoitzak, eta ezin dut nik hoi sarritan ordaintzeko aukerarik.

Hilabete amaieran Madrilen Espainiako 100 kilometrotako txapelketa jokatuko da eta han aritzeko behar den marka lortu duzu.
Bai, lasterketa horretan parte hartzeko maratoi batean 3 ordu eta 20 minututik beherako marka bat behar duzu edota 100 kilometrotako lasterketa batean 11 ordutik beherakoa. Iragan otsailean Sevillako maratoia egin nuen eta beharrezko marka lortu nuen.

Zein helbururekin zoaz?
Ba esango nuke hara goazen ia guztiok dugun helburu berarekin: lasterketa amaitzea. Hori bai, kirolari guztiek bezala, behin han izanda, ahalik eta posturik onenean geratu eta marka ona egitea izango dut buruan. Parte hartzea nahikoa dela dioena... gezurretan ari da, edo nik neuk behintzat ez diot sinesten. Hori bai, Madrileko lasterketak badu berezitasun bat, are gogorragoa egiten duena. Hamar kilometrotako zirkuitu bati hamar buelta eman behar zaizkio, eta horrek lasterketa psikologikoki are gogorragoa bihurtzen du.