Judy Dench, Donostia Saria

Donostia Zinemaldiak hirugarren Donostia Saria ezagutzera eman du: Judy Dench (York, Erresuma Batua, 1934) britainiar antzezleak Donostia sarietako bat jasoko du 66. Donostia Zinemaldian. Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsuena irailaren 25ean banatuko zaio, Red Joan (Trevor Nunn) filmaren emanaldiaren aurretik. Lan horretan, bizimodu lasaia duen emakume bat hezurmamitu du Denchek; Erresuma Batuko inteligentzia-zerbitzuak Errusia komunistari informazioa ematea leporatzen dionean, bat-batean zeharo aldatuko da haren bizitza.
Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso dituen antzezle hau Donostiara datorren lehen aldia izango da. Duela 20 urte antzeztaldeko aktore onenaren estatuatxoa lortu zuen Shakespeare in Love filmean Elisabet I.a hezurmamitzean egindako lanagatik. Oscar sariak, halaber, aitorpen handia egin zien Denchi eta haren lan-ibilbideari, bereziki Shakespeareren lan garrantzitsuenekin duen lotura kontuan harturik. Denchek oholtzaren gainean hasi zen antzezten, Londreseko Old Vic eta The National antzoki prestigio handikoetan; ondoren, Shakespeareren dama handiak hezurmamitu zituen Stratford-upon-Avoneko Royal Shakespeare Company antzerki-taldean.
Denchekin batera, Dani DeVito eta Hirokazu Kore-eda izango dira oraingoz aurtengo Donostia Sariak. Gehiago izango ote dira?
GALARAKO SARRERAK SALGAI
Judi Denchi Donostia saria emateko ekitaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude Zinemaldiaren webgunean, eta 45 euro balio dute.
Trevor Nunnen Red Joan filmaren proiekzioaren aurretik emango zaio saria, irailaren 25ean (asteartea), 19:30ean.