Judith Zubia, Mattin Urbieta, Iñaki Sanz eta Aitor Garmendiak jaso dute CAF-Elhuyar saria

Judith Zubia, Mattin Urbieta, Iñaki Sanz eta Aitor Garmendiak jaso dute CAF-Elhuyar saria Adimen artifizialaren inguruko bi proiektu hautatu dituzte sorkuntza bekarako. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/judith-zubia-mattin-urbieta-inaki-sanz-eta-aitor-garmendiak-jaso-dute-caf-elhuyar-saria/@@download/image/9L2A2576.jpg
2023/05/04
Adimen artifizialaren inguruko bi proiektu hautatu dituzte sorkuntza bekarako.
Judith Zubia, Mattin Urbieta, Iñaki Sanz eta Aitor Garmendiak jaso dute CAF-Elhuyar saria

Begiratu urrunera lelopean banatu ziren joan den astean CAF-Elhuyar sariak Usurbilen. Aurtengo leloak Isaac Newtonen esaldi honekin du zerikusia: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”. Antolatzaileen hitzetan, "hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko".

41 lan jaso dituzte edizio honetan eta kategoria bakoitzeko sariduna izendatu du epaimahaiak. Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi du, Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko artikuluarekin. Egileak gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu izana nabarmendu du epaimahaiak, datuen biltegiratze digitalari hain zuzen ere, eta"arazoa azaltzeaz gain, irtenbide bat ere azaltzen duela modu argi eta ulergarrian". Irudiek testua ondo osatzen dutela ere azpimarratu dute, eta balioa eman diote egileak egindakoak izateari.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria Mattin Urbieta Galarraga debarrak jaso du, Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko lanagatik. Epaimahaiaren iritziz, artikulu "osatua eta landua" aurkeztu du egileak, eta "ondo azaltzen du zertan datzan tesia eta zer ondoriotara iritsi den bere ikerketan".

Zientzia-kazetaritza kategorian, Iñaki Sanz Azkueren Dragoi txiki bat egongelako horman lana saritu dute. Klima-aldaketa izan du aztergai hernianarrak bere artikuluan eta epaimahaiak gaia lantzeko ikuspegia balioetsi du, "xumetik eta txikitik" heldu izana, eta "estilo argi eta atseginez". Artikulua Gaur8 astekarian argitaratu zuten iazko uztailean.

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen NEIKER saria, berriz, Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarrarentzat izan da, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean lanarengatik. Kategoria honetako epaimahaikideek garrantzi berezia eman diote egileak gaurkotasun handiko auzi bati heldu izanari, eta aintzat hartu dute eztabaida handia sortzen duen gaia izanik eztabaida horretan parte hartzen duten eragile guztiak kontuan izatea artikuluan.

Saridun guztiek 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute. Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza-beka: Jon Sanchez Carrasco donostiarraren Semiosi-genesi proiektuak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren Ia dena lanak. Bi lanek adimen artifizialaren ertzak esploratu dituzte, eta hainbat alderdi uztartu dituzte: artistikoa, filosofikoa, soziala eta teknologikoa. Bi proiektuak osagarri eta bateragarritzat jo ditu epaimahaiak. 

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuaren CAF-Elhuyar merezimendu-saria Jacinto Iturbe Barrenetxearentzat izan da, "euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik".

Sorkuntza-beka 2022
Iaz, Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarrak jaso zuen sorkuntza-beka, Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuarengatik. Beka tarteko, mapa bat egiteko aukera izan du, eta ekitaldian mapa horren nondik norakoak azaldu zituen. Paperezko maparen ale bana ere jaso zuten bertaratu zirenek.