Ba al dakizu zer den erromintxela?

Maria Garcia Mayo kazetari eta eduki sortzaileak ijitoen eta haien kulturaren inguruko bideoak igotzen ditu eta duela gutxi Hendaian izan dela probestuta, Kera elkartearekin harremanetan jarri eta erromintxelaren berri eman du bideo batean.
Eta zer da erromintxela? Erromintxela deitzen zaie buhame edo ijito euskaldunei eta haien hizkerari. Erromintxela euskara eta erromaniera batzen dituen hizkera da, erromani hizkuntzaren dialekto baten eta bertako hizkuntzaren artean sortutako nahasketa. Erromanieraren hiztegia eta euskararen gramatika uztartzen ditu.
XV. mendean Europako iparraldetik etorri eta Lapurdiko kostaldean, Zuberoako mendi inguruetan, Nafarroa Garaian, Gipuzkoan eta Bizkaian kokatu ziren ijitoak. 500 erromintxel inguru omen daude Euskal Herrian.
Resurreccion Maria Azkuek bere hiztegian erromintxelezko hitz batzuk jaso zituen eta Josune Muñoz filologoak sakon ikertu zuen euskararen eta erromanieraren nahasketa hau. Bostehun bat hitz bildu zituen Muñozek.
Mintzaira honen adibide modura hementxe dituzu hitz hauek: kher (etxea), kalu (beltza), ankhai (begia), dikelatu (ikusi) eta txau (seme).
Zer iruditu zaizu erromintxela?