'Harry Potter' telesailaren inguruko polemika piztu da berriz

HBO Max kateak duela pare bat urte baieztatu zuen Harry Potter sagaren zazpi liburuen inguruko telesaila sortuko zuela eta J.K Rowling egilea izango zela ekoizleetako bat.
Proiektuaren garapenean lanean aritu dira eta, orain, Rowling-ek lehen bi atalen inguruko iritzia eman du sare sozialetan. "HBOren Harry Potter telesailaren lehen bi atalak irakurri ditut eta oso onak dira", adierazi du. Erabiltzaile batek bera idazten ez al den ari galdetu dio eta hark ezezkoa erantzun du, baina "talentu handiko gidoilariekin lanean aritu dela".
Telesailean parte hartuko duten aktoreen berri ere eman dute azken hilabeteotan. Dominic McLaughlin, Alastair Stout eta Arabella Stanton izango dira Harry Potter, Ron Weasley eta Hermione Granger. Pelikuletan Alack Rickman aktore handiak gorpuztutako Severus Snape pertsonaia, Paapa Essieduk egingo du telesailean.
Duela bi urte telesailaren inguruko informazioa zabaldu zenean, boikoterako deia egin zuten Rowlingen iruzkin eta jarrera transfobikoak zirela eta. Idazleari dirua eman beharrean, transen aldeko elkarte edo erakundeei dirua emateko deia egin zuten. Aktoreak ere zipriztindu ditu honek, eta proiektuan parte hartzeagatik kritikak jaso dituzte.
Rowlingek, ordea, garrantzia kendu izan dio boikotaren kontuari. Bere garaian honako hau esan zuen: "Berri latz hau partekatzeko beharra sentitzen dut. Aktibistak beste boikot bat antolatzen ari dira, oraingoan Harry Potterren telesailarekin lotutakoa. Ohartarazitakoa prest egoten denez, xanpain erreserba handi bat dut zain".
Ikusiko da boikotaren deiak zenbaterainoko eragina izango duen, baina proiektuak aurrera darrai eta datorren urtearen amaieran edo 2027aren hasieran estreinatzeko asmoa dute.