Juan Agirre (Amaral): “Errutina eta musika ez dira bidelagun onak”

Juan Agirre (Amaral): “Errutina eta musika ez dira bidelagun onak” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/juan-agirre-amaral-errutina-eta-musika-ez-dira-bidelagun-onak/@@download/image/201282324amaral_1360348304.jpeg
2012/09/07
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Juan Agirre (Amaral): “Errutina eta musika ez dira bidelagun onak”
Bultzarock-en eskutik, Amaral taldeak kontzertua emango du larunbathonetan –abuztuak 25– Zarautzen. Juan Agirre taldeko gitarra joledonostiarrarekin mintzatu gara, eta Eva Amaral eta biak gogotsudatozela aurreratu digu, euskal jarraitzaileei kanta sorta amaigabeaeskaintzeko asmoz.

Nola doa "Hacia lo salvaje" lan berriaren bira?
Oso eskertuta gaude jendeak eman digun erantzunarekin, benetan pozik. Ez da udako bira soil bat izan, iragan urrian hasi baikinen kontzertuekin, disko berria kaleratu eta aste betera, eta urte honetako udazkenean amaituko ditugu. Urtaro bakarra beharrean, laurak hartu ditugu oraingoan!

Oinarrizko soinua bilatu duzue oraingoan: gitarra, baxua eta ahotsa.

Lan guztiak prisma beretik abiatuz osatu ditugu, eta kontatzen ditugun istorio txikien zerbitzura jartzen ditugu instrumentuak, baina horren baitan ere bilakaera natural bat jasan dugu. Eva eszenatokiaren erdian kokatzen da kontzertuetan, eta bera da soinuak hobekien jasotzen dituena, pertzepzio onena duena. Gitarren bolumena igoz gero, soinu pertsonalagoa lortzen genuela ohartu zen, eta hala hasi ginen pixkanaka. Abestiek ongi funtzionatzen zutela ikusita, bide horretatik jarraitzea erabaki dugu.

Zuek sortutako Antartida izenekoa zigiluarekin osatu duzue lan hau; zerikusirik izan al du horrek soinuaren bilakaeran?

Ez dut uste, zigilua 2006 eta 2009 urteen artean jarri baikenuen martxan, Gato negro. Dragon rojo lana ekoitziz. Orduko hartan, dena den, ez zuen izenik… Bai, badakit, desastre hutsak gara: izenik gabeko zigilu bat sortzea ere…! —barrez—. Dena den, egokirik bururatzen ez zitzaigulako geratu zen gabe.

Beraz, aurreko lana ere autogestioaren bidez ekoitzi zenutela esango zenuke?

Diskoak egiteko modua beti bera izan da, paper zuriaren aurreko zirrara sentitzen baitugu uneoro. Amaralen lehen lau lanetan Virgin disko etxearekin aritu ginen; oso gustura ginen, txikia eta izpiritu bereziduna zelako. Baina desagertu egin zen konpainien arteko fusioak tarteko, eta beste batekin hasi beharrean gure filosofia jarraitzeko erabakia hartu genuen. Azken batean, Zaragozan maketak egiten hasi ginenean gauza bera egiten genuen, baina inork gu ezagutu gabe!

Behin baino gehiagotan esan izan duzue estudioa eta zuzenekoak bide paraleloak, baina ez kontrakoak direla zuentzako. Zein ekarpen egiten dizue bakoitzak?

Oro har, estudioko lanak burua erabili beharra galdatzen du, eta zuzenekoak askoz inpultsiboagoak, oldarkorragoak dira. Hala ere, estudioan oldarkorrak izan ohi gara; haurrak bezala sentitzen gara, buru-hausgarri batekin jolasean ariko bagina bezala, milaka aukera baititugu kanta osatzen joateko. Zuzenekoek, bestetik, bidaiatzeko eta talde osoa elkarrekin egoteko aukera ematen digute. Guztiok lagunak garenez, kontzertuetan elkar xaxatzen, berotzen hasten gara, eta konturatu orduko energia askorekin jotzen ari gara.

Hitzei erreparatzen badiegu, aniztasuna da nagusi zuen kantetan. Nondik inspirazioa?
Inspirazioa ez da bilatzen; ezertxo ere bururatzen ez zaizunean, ez dago deus egiterik, eta bat batean zerbait etortzen bazaizu, aprobetxatu eta listo! Gure kantek oso gai ezberdinak jorratzen dituzte: gustatzen zaizkigun gauzak, gustatzen ez zaizkigunak, gorroto duguna, kalean ikusten duguna, gure lagunek bizitzen dituzten esperientziak, telebistan ikusitakoa… Dena nahasten dugu, askotan gu geu ohartu gabe. Garrantzitsuena begiak zabalik bizitzea da, errealitatea gainetik behatzeko saiakerarik egin gabe; norbera errealitate horren zati bat gehiago baita.

Zuk zeuk aipatu duzu taldeak eboluzionatu egin duela. Hitzek ere halaxe egingo zuten, noski.

Hala izango da, bai, baina gu geu ez gara horren kontziente. Aitortu behar dut oso txarrak garela kontu pertsonalak azaltzerako orduan… Baina Evak eta nik nerabezarotik ezagutzen dugu elkar, eta talde moduan esperientzia ikaragarri asko bizi izan ditugu, oso azkar bizi ere. Argi dago bide horretan bilakaera bat jasango genuela, baina guk ez dugu ikusten.

"Hacia lo salvaje" abestiaren bideoklipean itsasoko dortoka txiki baten bidaia kontatu duzue, nahiz eta hitzetan basorantz korrika doan neskaren istorioa aipatu.

Hala da. Bideoa grabatzekotan ginela, gure lagun batek eman zigun dortokaren ideia. Istorioaren protagonista animalia txiki eta babesgabea da, nahiz eta normalena basoan korrika ari den neskaren irudiak biltzea litzatekeen, hitzak jarraituz. Horregatik, literaltasuna mantendu beharrean, dortokaren bidez ikusleek istorioa gertuagokoa sentituko zutela iruditu zitzaigun. Emaitza oso ona izan da, bideoklip gehienetan taldea infinitura begira ageri baita eta instrumentuak jotzen ari direlako itxurak egiten. Horrekin hautsi nahi genuen, nahiz eta guk geuk ere beste hainbatetan hala egin dugun.

Zuek ez zenuten grabaketan parte hartu…

Ez, gu entseguetan murgildurik ginen Zaragozan. Bideoaren zuzendaria eta beste lagun bat Guatemalara joan ziren grabatzera, eta irudiak hartzeko baimena eskatu zuten. Funtsean, dirudiena baino errazagoa izan zen prozesua, askotan garrantzitsuagoa baita ideia bera bitartekoak baino.

Asteburu honetan Zarautzen eskainiko duzue kontzertua. Nola igoko zarete eszenatokira?

Gogo askorekin! Bira honen baitan Bilbon eta Donostian ere izan gara, eta urrira bitarte honakoa izango da Euskal Herrian eskainiko dugun azken emanaldia. Kontzertu kañeroa eta luzea izango da, Hacia lo salvaje diskoko kanta guztiak joko baititugu, eta baita aurreko lanetako asko ere. Bertsioak ere ez dira faltako! Bai guk eta baita ikusleek ere oso ongi pasatzea da gure helburua… errutina eta musika ez dira-eta bidelagun onak. Kontzertu potentea eskainiko dugu, ziur!

Eta nolakoak dira aspertuko ez dituzuen euskal jarraitzaile horiek?

Etxean bezala sentitu ohi gara haiekin. Nire ustez ikusleek, bakoitza leku batekoa izanda ere, antzekotasun gehiago dituzte ezberdintasunak baino.