Josune Bereziartu: “sari gehienak zakarretara bota ditut".

Josune Bereziartu: “sari gehienak zakarretara bota ditut". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/josune-bereziartu-sari-gehienak-zakarretara-bota-ditutquot/@@download/image/16p14-1_1370463242.jpg
2002/02/01
elkarrizketa
Jon Odriozola
Josune Bereziartu: “sari gehienak zakarretara bota ditut".
Capricornus. 30 urte. Eskalatzaile goierritarra. Argazkigintza laket du. Mendia, berriz, "paradisua". Entrenatzen arrunt gozatzen du. Abenturazalea. Amezketako Zazpiturrieta da bere leku kuttuna. Josune Bereziartu da, euskal spiderwoman-a.

18-19 urterekin hasi zinen eskalatzen. Ordurako etxeko altzari guztietara igoa izango zinen, ezta?
Bai, etxeko ateen marko guztiak erdi hautsita zeuden!

Edurne Pasaban tolosarra, maiatzean, Everestera igo zen. Zu iazko eskalatzaile onena izendatu zintuzten. Euskal mendizaletasunak emakumezko izena al du?

Edurnek egindakoa marka handia da. Hala ere, komunikabideetan azaltzen ez diren beste hamaika daude. Agian, emakumeok bide zabaltzaileak gara. Pentsa, ezagutu ditudan emakumezko eskalatzaile gehienak amatasunaren ostean lehen baino indartsuago itzuli dira…

Mendia eta bereziki natura kontrolaezinak al dira?

Erabat! Naturaren seme-alabak gara eta tarteka kontrakoa sinestarazten diguten arren, azkenean, bera da epaile.

Kirolak eskatuta, argal egon behar duzu, eskuak hamaika kremekin zaindu behar dituzu... Modelo baten nortasun agiria dirudi.

Beharbada, baina, nire ustez, hori ondo zaintzen den pertsona baten definizioa da, bizimodu bat.

Zuk esana da: "eskaladan, teknika eta burua edukitzea garrantzitsua da". Diamaetroak ez al du zerikusirik?

Ezta gutxiagorik ere! Sexuan bezala, ez da garrantzitsua!

Zure burua definitzerakoan, minimalista eta burugogorra zarela diozu…

Oso minimalista! Lortu ditudan sari gehienak zaborrontzira bota ditut, gutxi batzuk besterik ez ditut gordetzen. Etorkizunari begira bizi naiz.

Eskaladak bidaiatzeko aukera aparta eskaini dizu, baita hainbat kultura ezagutzeko parada ere...

Bidaiatzeak burua irekitzen laguntzen dizu. Era berean, zuk duzuna, zure kultura edo zure sustraiak esaterako, hobeto baloratzeko eta besteekiko begirunea indartzeko ere baliagarria da.

Entrenamenduetan dance musika arina entzuten omen duzu. Ez al dizu kontzentrazioa eragozten?

Hasieran baliteke, baina arrunt nekatuta nagoenean, automatikoki heltzen laguntzen dit. Gure doping-a da. Musika mota guztiak entzutea gogoko dut, batik bat, independientea.

"Naturarekin bat izan eta harremanetan jartzea" dio Mikel Laboaren kantu ezagun batek. Eskalatzaileok, naturarekiko sentsibilitate berezia al duzue?

Mendian ibiltzeak beste sentsibilitate bat ematen dizu eguneroko bizimoduan. Etxetik bertatik ingurunea errespetatzen hasten ez bagara, baleen alde egitea alferrikakoa da.

Uneoro markak hausten zabiltza. Aurki hodeiak ukituko dituzu hatzekin...

Marka onak egiten hasi nintzenean, aita hil zitzaidan. Harrezkero, hor goian ibiltzen naizenean, berak bostekoa luzatzen didala esaten didate.

8c+ egin duen munduko lehen emakumea zara.

Noian, Italian, marka hori lortu ondoren, emakume bakar batek ez du gainditu. Gizonezkoen artean, berriz, hogeita hamarren batek egin dute.

Welcome to Tijuana, Deverse Satanique, La Chunga del Chi, Paideia... Eskalatzaileek gogoko dituzuen musika taldeak edo kantuak al dira?

Ez, noski. Eskalatzaile batek harkaitzean bideren bat irekitzen badu, nahi duen izenaz bataiatzen du. Nik musikarekin zerikusia duten izenak jartzen ditut.

Lehen udan entrenatzen zenuen eta orain, berriz, udazkenean eta neguan. Artilezko galtzerdiak eskura izango dituzu, ezta?

Oso hozbera naiz. Garai batean Beasaingo hilerri ondoko harrizko horma batean jarduten nuen. Gaur egun ere magnesioz zurituta dago. Behin, han nenbilela, hileta batekin topo egin nuen!

Italiako Andonnoko, Frantziako Georges du Loup ala Oñatiko Araotz eskalatzaile eskola?

Euskal Herria! Hemen maila bikaina dago eta eskaladarako hainbat leku apropos daude.

Zein da zure muga?

Gorputza pattaltzen hasten denean, eta ilusioa eta pasioa galtzen ditudanean, orduan utziko diot eskalatzaileari.