Josevisky: "Komikiaren eta musikaren arteko uztarketa da Kklrd.com webgunearen marka"

Josevisky: "Komikiaren eta musikaren arteko uztarketa da Kklrd.com webgunearen marka" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/josevisky-quotkomikiaren-eta-musikaren-arteko-uztarketa-da-kklrdcom-webgunearen-markaquot/@@download/image/20119296064jose_1361289793.jpg
2011/09/29
elkarrizketa
Saioa Baleztena
Josevisky: "Komikiaren eta musikaren arteko uztarketa da Kklrd.com webgunearen marka"
Joseba Larratxe komikigileak, 'Josevisky'k, asteazkenean –irailak 28– egin zuen Irungo Kabigorri Ateneoan 'Umore zintak marrazten saiatu zen komikilaria' izeneko erakusketa biraren itxiera ekitaldia. Ttikitatik hasi zuen ibilbidea ezagutzera eman du 'Josevisky'k azkeneko hilabeteetan Gasteizen, Lasarten eta Irunen, eta jendearen aldetik jasotako erantzunarekin pozik dagoela aitortu digu. Era berean, 'Izan eta Ukan' proiektu berria aurkeztu du. Edozein sortzailek beharrezkoa du, bere ustez, egindako lana saltzen jakitea.

Hedabideetan publikatu ondotik, Hala Bedi tabernan hasi zinen azken bortz urteetan egindakoa erakusten, eta Lasartetik pasa ondoren Irunen itxi berri duzu 'Umore zintak marrazten saiatu zen komikilaria' erakusketa. Nolakoa izan da esperientzia?
Hitz gutxitan esanda, oso sorpresa atseginak ekarri dizkidan esperientzia izan da. Makina bat lehiaketetara aurkeztu izan naiz eta 5 urte eman ditut aldizkarietan publikatzen. Baina erakusketa bira hasi dudanetik inoiz baino elkarrizketa gehiago egin dizkidate, suposatzen dut nere burua ezagutzera emateko modu onena izan dela. Dena lagun bati zor diot, Joseba Baleztenari, bere proposamena izan baitzen Korrika Kulturalaren harira, Gasteizko lehenengo erakusketa egitea.

Erakusketek argitara eman dute zure lana, baina sareak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuz, euskarri gehiago erabiltzearen alde egin duzu apostu. Kklrd.com webgunea da horren emaitza.
Kklrd, gestioari eta artistikoari dagokionean, lan klasifikaezin eta guztiz independentea izanik, ez genuen dudarik izan Interneten, guk sortutako web orrian, argitaratuko genuela. Gainera, sortu genuen web orri landuan aurkezteak komikia bildu egiten du, aurkezpen gisakoa da, oparia kaxa polit batean ematea bezalakoa, alegia. Horrela, komikiak motzak izan arren, esperientzia konpletoago bat eskaintzea lortzen dugu.

Hala ere, Kklrd-k papera ezagutu zuen lehenengo.
Bai, komikien berezko euskarria papera baita. Oso ezberdina da komikia ukitu eta orrialdeak eskuekin pasatzen irakurtzea, edo ordenagailuaren pantailan, tamaina aldakor batean irakurtzea. Bi komikiak edizio mugatuan kaleratu ditugu fisikoki, A5 liburuxka formatuan, gutxienez hurbileneko jendearentzako. Lehenengo komikiaren 200 ale atera genituen, eta bigarrenean berriz, euskarazko 100 atera berri ditugu, aurrerago gaztelerazko ale batzuk ere aterako ditugu.

Musika eta komikigintza eskutik joateak bereizten du Kklrd, nola sortu zen ideia?
Egia esan nahiko ustekabeko kontua izan zen. Gure lagun Joseba Baleztenak, Sextysexers eta Sumisión City Blues taldeko gitarristak, Kklrd komikia irakurri eta aspalditik gordeta zeukan doinu bat oso ondo joan lekiokeela esan zigun. Kanta entzutean ez genuen dudarik izan primeran lotzeaz aparte, komikiaren irakurketari dimentsio berria gehitzen baitzion. Horrela web orriaren marka bihurtu nahi izan dugu komikia eta musika elkartzea.

Elkarlana izan da bi komikietan bereizgarria...
Ez dakit zortea edo patua izan den, baina ez naiz lagun taldetik atera behar izan proiektu osoa gauzatzeko behar nuen jendea biltzeko. Julen Irazoki eta Josu Igoa informatikariak dira eta web orriaren programazioa egin dute, lehen esan bezala, musika Joseba Baleztenak egin du. Bestetik, Koldo Yarbolaza zinemalariak egin gabe utzitako laburmetraia batzuen gidoiak erabili ditugu komikientzat, eta gidoiak gazteleraz zeudenez, Maialen Garagarza itzultzaileak itzuli ditu euskarara. Benetan harro nago denok aportatu dugulako zerbait proiektuan eta emaitzak izugarri ongi funtzionatu duelako.

Lehenengoak ez zuen hitzik, irakurketaren bidailagun bakarra musika izan zen, irakurlearen irudimenak askatasun osoa zuen. Interpretazio anitza bilatu zenuen?
Bai, hala da. Gure asmoa zen komikiaren irakurketak, 4 orrialde irakurtzeak ematen duen denbora baino gehiago irautea. Komikia bukatzerakoan hasi beharko zen benetako irakurketa, irakurle bakoitzak komikian ikusitakoaren interpretazio bat egitean, alegia. Eta egia esan gustura geratu gara, komikia irakurri duen ia jende gehienak interpretazio ezberdina egin baitu. Egia da era berean komikien inguruan oraindik aurreiritzi ugari daudela, eta batek baino gehiagok esan digu 'mundu post-apokaliptikoak' jorratuegiak daudela. Gure ustez, bistan da komikiaren oinarria ez dagoela zientzia-fikzioan, transfondoa besterik ez da. Istoriaren bizkarrezurra bi pertsonaia inanimaturen elkarrizketa mutua da.

Bigarrenean berriz, hitzek gidatzen dute irakurlea...
Lehenengo bi komiki hauek guztiz kontrajarritako bikote bat osatzen dute. Lehenengoa iluna, desordenatua, serioa, irakurketa anitzekoa eta mutua bazen, bigarrena argia, ordenatua, umore arrastoduna, irakurketa itxiagokoa eta hitzegina da. Baina biek erakusten dizkigute etorkizun posibleak, eta bietan dira emakume eta gizon bat protagonista. Dualidade hori webgunean ere islatu nahi izan dugu.

Oraindik goizegi da lehen iritzia eskatzeko, baina, nola jaso zuten ikusleek 'Izan eta Ukan'-en aurkezpena?
Uste dut jendearengan harridura sortu duela, batez ere lehenengoaren guztiz ezberdina izateagatik. Baina efektu hori lortu nahi genuen, ez baitgenuen nahi jendeak pentsatzea, zientzia fikziozko komiki ilun baten seriea egingo genuenik. Atzokoaren arabera, badirudi jendeari gustatu zaiola, bai marrazkia eta baita gidoia ere. Ni gustura geratu naiz Koldo eta bion elkarlanarekin, uste dut bere hitzei zukua ateratzen jakin dudala.

Nondik dator izena?
Izena ez diogu komikia bukatutakoan jarri, alderantziz, izenak hezurmamitzen du komikia. Komikian gizarteak konbentzioen bitartez inposatzen dituen tabuetaz hitz egiten da, eta erakusten dugun mundu alternatibo honetan, izanak du garrantzia eta ukana izkutatu egiten da. Ez da kontutan hartzen zer daukazun, baizik eta nor zaren.

Jarraipenik izanen du?
Hirugarren komiki bat prest dago marraztua izateko. Hau ere Koldoren gidoi batean oinarrituko da eta lehenengo eta bigarren komikiekin bezala, istorio independente bat izango da. Baina aurreragorako utziko dugu. Bigarren komiki honekin proiektua oso definitua geratu da eta orain, baditugu beste zeregin batzuk.

Irakurri izan dizugu, komikigintzan, irudimena dela aurrekontu bakarra. Bideoklip egile bezala aritu izan zarela kontutan izanik, zer gertatuko litzake film bat egiteko aurrekontu garrantzitsu bat eskainiko balizute?
Uste dut barruan daramadan frikiari bidea irekiko niola eta zientzia fikziozko istorio post-apokaliptiko bat eginen nukeela espaziontzi eta estralurtar eta guzti. Hori bai, animaziozko filme bat eginen nuke. Sextysexsersentzako egindako lehenengo bi bideoklipetan animazioarekin saiakera ttiki batzuk egin nituen eta izugarri gustatzen zait... Asmatu nork egingo zuen soinu banda!

Zer behar du gaur komikigile batek?
Ez dakit lehenago zer beharko zuen, agian garai batean nahikoa zen marrazten jakitearekin. Gaur egun medioa maitatu behar duzu, eta ahalik eta komiki gehien eta ezberdinen irakurri. Munduan zer egiten den jakin behar duzu, atzean ez geratzeko. Eta noski, zure burua jendaurrean saltzen jakitea ere ez dator gaizki, baina hori, suposatzen dut, sortzaile orori etorriko zaiola ongi.

Nola marraztuko zenuke komikigintzaren etorkizuna?
Arkatz digitalarekin... Tira, broma txarrak aparte utzita, nahiko garai interesgarriak bizi ditugu komikien munduan: Hollywoodek ez ditu super heroiei buruzko pelikulak besterik egiten, kate handietako liburudendetan gero eta leku handiagoa ematen zaie komikien sailei, medio artistiko bezala ere gero eta hobeki baloratzen da... Dena ez da arroxa kolorekoa baina ni neu gogotsu nago komikiek nola eboluzionatuko duten ikusteko.

Aipatu dugu sarea izan dela zure erakuslehioetako bat. Batzuen ustez paperak azken urteak bizi ditu, zure ustez komikigintzan ere horrela izango da?
Egia da komikiek ere sumatu dutela beherakada hau, batez ere merkatu handietan, Estatu Batuetako super heroien komikietan, adibidez. Bistan da gauzak aldatuko direla, baina nik uste maila txikiagoan bada ere, beti egonen direla inprimatutako komikiak. Ni bezalako zaletuak geratzen diren bitartean, behintzat!

Eta bukatzeko, aurrera begira, baduzu publikaziorik egiteko asmorik?
Oraingoz kklrd loditzen joango gara pixkanaka. Baina aurrerago istorio luzeago bat marraztu nahiko nuke. Hori da nere ametsa. Hau afizio hutsa da oraindik, ez gara honetaz bizi!