Joseph Roth: Galtzailearen aztarnak

Joseph Roth: Galtzailearen aztarnak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Joseph Roth: Galtzailearen aztarnak
Inperio Austrohungariarrak kultur loraldi garrantzitsua izan zuen XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren lehen erdialdean. Ordukoak ditugu Schnitzler, Musil, Broch, Zweig eta Joseph Roth bera. Garai hartako semeak. Inperioaren loria eta dekadentzia ezagutu zituztenak. Katastrofe nazional baten oinordekoak. Egitate historiko honek markatu zituen haien obrak.   
Roth 1894an jaio zen Brodyn, gaur egungo Ukrainiako eskualde batean. Ikasketak Lemberg eta Vienako unibertsitateetan burutu ostean, Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen, batik bat kazetari lanetan. Lanbide horri esker, gerra amaitu bezain laster, Rothek ez zion muzin egin Europan zehar bidaiatzeko aukerari. Zoritxarrez, familia judutar batekoa izaki, 1933an bere herrialdetik ihes egin behar izan zuen, Hitlerrek Austria bereganatzeko zerabilen asmoak arduraturik. Ordurako lotura estua zeukan alkoholarekin. Estuegia. Parisen eman zituen bizitzako azken urteak, harik eta Tournon Kafean, lagunekin solasean zebilela, ziplo erori zen arte. Kolapso baten erruz. 1939an.
Monarkia austrohungariarra erortzea, eta horrek hango juduentzat ekarri zituen ondorioak dira haren eleberri batzuen gaia. Baita ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka ere. Prosa eder eta zehatzean idatzita daude haren lanak. Igela argitaletxearen bidez ezagutzen dizkiogu "Edale Santuaren kondaira" eta "Hiltzaile baten aitormena" zoragarriak. Hilabete batzuk barru, Klasiko Unibertsalen Sailean argitaratuko dute bere lanik goraipatuena: "Radetzky martxa". Bereak dira, baita ere, "Hotel Savoy", "Kaputxinoen kripta" edota "Job" eleberriak.
Joseph Roth joan zen mendeko idazle interesgarrienetako bat da. Garai historiko nahasi eta krudel baten lekuko zuzena.