Jon Pagola, Los Planetasen inguruan

Jon Pagola, Los Planetasen inguruan Donostiako Kursaal aretoan izango dira larunbat honetan Los Planetas taldeko musikariak, eta haien inguruan idatzi digu Jon Pagola kazetariak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-pagola-los-planetasen-inguruan/@@download/image/32423-620-282.jpg
2017/11/10
kritika

Jon Pagola

Donostiako Kursaal aretoan izango dira larunbat honetan Los Planetas taldeko musikariak, eta haien inguruan idatzi digu Jon Pagola kazetariak!
Jon Pagola, Los Planetasen inguruan

Jotak bere etxera gonbidatu ninduenean


Testua: Jon Pagola



1999. urtean 18 urte nituen eta Los Planetas-en zale amorratua nintzen. Jota tuntun xamarra iruditzen zitzaidan baina ez nuen horregatik granadako taldearen fanen kluba utziko. Nire lehengusinak lehenengo bi diskoak grabatu zizkidan, Super 8 eta Pop, eta nik “Una Semana en el Motor de un Autobús” erosi nuen Arccon zegoen musika dendan. Garai hartan pop ingelesa entzuten zuen gaztetxo tipikoa nintzen eta abesti lotsagabe, eder eta mingarri horiek bete-betean sartu ziren nire bihotzean.  


Donostiako Aste Nagusiko jaietan jo zuten. Alde Zaharretik irten eta eskolako bi lagunekin abiatu nintzen -korrika, urduri, emozioz betea- Sagüesera. Bi xehetasun gogoratzen ditut:


1-. Egia da Jotari ez zitzaiola ia ezer ulertzen.


2-. Jotak “A Tope Sin Drogas” izeneko kanpainaren flyerra publikoara bota zuen. Nire eskura iritsi zen. Bertan, 3 urteko ume baten letra zuen esaldi bat zegoen idatzia: “Me encantaría llevaros a todos a casa, lástima que no sea posible”. Jota style.


Flyer hura nire logelako paretan itsatsi nuen. Jotak bere etxera gonbidatu ninduen eta agian ez zen nik uste nuen bezain ergela izango. Iruñera kazetaritza ikastera joan nintzenean flyerra nirekin eraman nuen. Baita 22 urterekin granadara bizitzera joan nintzenean ere. Ez nuen Jota Amador tabernan aurkitu (“Qué puedo hacer” abestian ateratzen den taberna da). Ruido Rosa, Segunda Edición, Planta Baja eta Sugar Pop pub eta klubetan ikusten nuen. Harro. Txoriburu xamar. Gauean. Bere lagunak politikariekin doazen laguntzaileak ziruditen. Liderra miresten, uneoro txalotzen.


Behin, taberna horietako batean, oihu egin zuten: “Jota, jainkoa zara!”. “Ez, Jainkoaren konfiantzazko semea naiz!”, erantzun zion abesleak. Ez zait inoiz ahaztuko. 2005. urtean ezagutu nuen. Kiko Venenok eman zuen kontzertu eder baten aurretik. Nire aurreiritziak bete ziren. Eta ez nion flyerraren istorioa kontatu, noski. Zertarako? Haren egoa infinituraino puzteko?   


Granada, Madrid, Irun, Donostia… Etxe-aldaketa ugari izan ditut azkeneko 10 urte hauetan eta flyerra galdu dut. Jon style. Ez dakit non utzi dudan. Eta ez dut faltan bota... orain harte. Los Planetasen azken lanarekin, Zona Permanente Autónoma-rekin, maitemindu naizen arte. Entzun, gozatu. Zoragarria da.