Jendetza euskaraz bizi nahian

Jendetza euskaraz bizi nahian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jendetza-euskaraz-bizi-nahian/@@download/image/2010639888fertx_1362092861.jpg
2010/06/04
erreportajea
Fertxu Izquierdo
Jendetza euskaraz bizi nahian


Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea izan zen maiatzaren erdialdean Iruñean eginiko manifestazioaren leloa. "Baina, ezin al da euskaraz bizi Nafarroan?" galdetu dezake baten batek. Ba… nahiko zaila da, eta eskubide gutxi ditugu Nafarroako euskaldunok, bigarren mailako hiritarrak gara. Tira, bigarren mailako hiritarrak Iruñean. Tuteran, esaterako, hirugarren mailakoak direla esan daiteke.

Adibideren bat jartzearren aipatu dezakegu Iruñeko haur eskola publikoen egoera. Hamahiru haur eskola daude Iruñea osoan eta horietatik soilik bi dira euskaldunak. Eta biak, gainera, auzo berekoak. Beste auzoetako gurasoek ez al dute umeak euskaraz eskolaratzeko eskubiderik? Badirudi ezetz. Hori adibide bat besterik ez da, baina jarrai dezagun.

Mendigorria eta Gares herrien artean sei kilometroko tartea besterik ez dago. Mendigorria 'zona no vascofona' da Nafarroako Gobernuaren Euskararen Legearen arabera, eta beraz, bertakoek ez dute euskarazko irakaskuntza eskaintzarik. Benetan bitxia da sei kilometro eskasera dagoen Gares 'zona mixta' izatea –beti ere Euskararen Legearen arabera– eta bertan bai hezkuntza publiko euskaldunerako aukera edukitzea. Ulertezina. Gareseko bizilagunek euskaraz bizitzeko eskubidea badute… eta Mendigorriakoek ez? Sei kilometro besterik ez dira! Horrela gabiltza. Eta gero, Mendigorriako gurasoek beren seme-alabak Garesera ikastera eramaten dituzte, baina ez diete ematen ezta garraiobidea ordaintzeko diru-laguntzarik ere! Nafarroako Gobernuak diru laguntza handiak ematen dizkie, ordea, zenbait komunikabideri: gazteleraz aritzen diren komunikabideei hain zuzen, euskaraz aritzen direnek ez baitute txanponik ikusten. Horrela ezagutu dugu Bortzirietako Ttippi Ttappa telebistaren itxiera, edota Nabarra aldizkariaren erbesteratzea  –kultur aldizkaria Iruñean egiten zen iragan den hilabetera arte, baina egoera ekonomikoak itota eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzen gabeziak behartuta, pertsiana itxi eta hemendik aurrera Bizkaian egin beharko da–.

Adibide sinple batzuk dira, egoeraren hainbat zertzelada. Horregatik bildu zen jendetza iragan den maiatzaren 15ean Iruñean. Nafarroako hiriburuko karrikak erabat beteta. Kokotaraino gaude eta nabari zen. Gogoan har dezaten euskaraz bizi nahi dugula!