Jendetza

Jendetza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jendetza/@@download/image/31p28-1.jpg
2003/06/06
erreportajea
Musika, dantza, suziriak… festa guztietako osagarriak dira. Dena den, jai bakoitzak berezko ezaugarriak ditu. Baita Euskal Herriko hiriburuetakoek ere. Orrialdeotan, zazpi parrandazalek nork bere hiriko festei begiratu die. Zazpi begirada, zazpi ikuspuntu.


Bilbo: Aste nagusia bilbotar erara



Astea, hiztegiaren arabera, “zazpi egunen hurrenez hurrenekoren saila” da. Astea bilbotar erara, ordea, Aste Nagusia da; bederatzi egun eta hamar gauetakoa, alegia. Hauek ikusita, litekeena da bilbotar ez direnek hiztegitxoa behar izatea, Bilboko Aste Nagusiaren ingurukoak ulertzeko. Hona hemen, beraz, arrasto batzuk.

"Ume bat galdu da" abisua baino gehiago entzuten den doinua: Aste Nagusiko kantua, "Badator Marijaia".

Kolore bereko kamisetadun mordoa = “konparseroak” edo “konpars-eroak”, orduaren arabera, beti ere.

Jarrera zinez deserosoan dagoen panpin erraldoia: “Marijaia”. Despistatuen artean, bada amarekin nahastu eta korrika atera denik (batez ere goizeko ordu txikitan!).

Hauteskunde kanpainan politikariak bezala, festa gunean batean eta bestean ibili ohi denari, berriz, “txupinera” esaten zaio.

Zu jateko prest dirudien erdi-gizon erdi-txirrista hori, azkenik, “Gargantua” da, eta Aste Nagusiaren espiritua islatzen du: abiadura bizian maldan behera, eta, amaitutakoan, dena azkarregi joan delako sentsazio hori.

Baiona: Uhin zuri-gorri baten azpian



Baionako bestak. Eguneroko abentura! Bost gau eta egunez, urteroko eskema: ostatuak, jendea trumilka, musika... Hala ere, urtero itzultzen naiz Baiona Ttipira, besten karietara. Lehen arazoa jantziena da. Gehienena zuri-gorria da, baina nik eta nire lagunek nahiago dugu egunero bezala jantzi, galduz gero, errazago elkar antzemateko, alegia.
Taktika ona, ezta? Baina otoi, zuek segi zuriz janzten! Gero, ostatu goxo bat hautatu, lagunak topatu eta urrezko legea ez ahaztu: "Ostatu batean ongi sentitzen bazara, ez mugitu!". Karrikan, lagunak laster galtzen baitira uhin zurian!  Dela dela, gaua laster pasatzen da. Igandeko giroa oso desberdina da. Eguerdian, haurrak eta gurasoak ibiltzen dira... baita bezperako bestagileak ere! Igandea da gehien preziatzen dudan eguna.  Egia da hauek ez direla Baionako besta "ofizialak", baina gehienok horrela ikusten ditugu lapurtarren sanferminak.

Donibane Garazi: Garagardoa eskuan euskara ahoan



Donibane Garaziko bestak turismo sasoi betean iragaten dira (abuztuak 15). Etzazue pentsa giro euskaldun eta herrikoi batekin. Adibide bat: atzerritarrek Larrain Dantza arrainaren dantza dela uste dute (egiazko kontua da!). Baina ez dezagun dena beltz ikus. Bazterrak miatuz, Garaziko euskaldunak aurkituko dituzue, bizirik bai! Ez ahaztu Bakarra ostatutik edo Kalaka herriko tabernatik iragaten: garagardoa eskuan, egurra belarrietan, euskara ahoan —Garaziko erran zaharrak dion bezala—. Bertze giro mota dago bertan. Gero, har ezazue trago bat Garaziko harresien zoko ilun batean atxikitzen den ostatuan. Bizirik ateratzen bazarete, Garaziko Gaztetxerat joateko txartela irabazi duzue, gaua bukatzeko, edo berdin Donibane Garaziko besten egun berri bat hasteko!

Gasteiz: Zeledonen kulunkapean



Goitik behera etorri arren, hiria hankaz gora jartzeko abilezia bitxia duen pertsonaia da, izatez, Zeledon. San Migelgo dorrean seiak jo eta txupina lehertzean abiatzen du, motel eta neketsu, bere ibilera, dilin-dalan, alde batetik bestera. Une berean, jendea sei eguneko zorabioan murgiltzen da. Puruetako kea agortu ez denean, kalean jaun eta jabe dira jaietako erregeak: blusak eta neskak. Musika eta jaia non, blusak eta neskak han: lo gutxi eta jan gutxiago, txantxetan ibiltzeko aukera galdu gabe, beti ere jaietako erregina bakarraren begirada errukitsupean. Izan ere, Andra Mari Zuriak zaintzen du ez agintariek ez poliziak geldiarazterik ez duten festa gogoa. Abuztuaren 9an magia desagertu eta kabira bueltan da Zeledon. Horrekin batera, txosnak, kontzertuak, txarangak, herri afariak… desagertuko dira. Ez dira, ostera, negarretan ibiliko gasteiztarrak. Gaua artean luzea da, eta urtebete ziztu bizian igaroko da.

Donostia: Su artifizialen bahiketa



Norbaitek bahitu ditu aurtengo su artifizialak. Neurrigabeko tragedia baten aurrean gaudela dio alkateak. Jendea protesta egiten ari da kaleetan: “Aska ditzatela su artifizialak”. Ostalaritza arlokoak doaz pankartaren buru. Kezkaturik daudela, batak besteari, baina edarien salneurriak igota aurre egingo diotela bidegabekeriari. Beraiek ez dute zertan galdu etxafuegoen kontu honekin. Oraindik ez dakigu nork bahitu dituen. Ohar bat utzi dute Alderdi Ederreko eserleku batean. Sinadurarik gabea. Susmoa dago “Komando Zurito” delakoa ez ote den erruduna. Aurreko urtean izozkiak lapurtu zituzten. Aurten, ordea, su artifizialak. Auskalo zer lapurtuko duten hurrengoan: Sagueseko kontzertuak? Pasealeku Berriko feriak? Zuloaga plazako dantzaldiak? Txosnak aspaldian kendu zizkiguten. Ez dagoela eskubiderik dio zalapartaka jendeak. Su artifizialik gabe, akabo festa! Bakar batzuk animatu dira. Gehienak etxean geratu dira, iaz grabatutako su artifizialen emanaldiak ikusten.


Maule: Maulen turismoa egiten



Mauleko bestetan karriketan ibiltzea turismoa egitea bezalakoa da, hain dira ezberdin giroak, ostatu batetik bestera. Victor Hugo kaleko hiru ostatu ezagunetan ikusten ahal dira, batez ere, giro hauek, bertan delako jende gehien egoten. Sohütatik etorriz, kale nagusiko lehen ostatuan, eskuin aldean, Nath eta Rober bikoteak giro lasaiena sortzen du: bazkari eta afariak karrika erdian, perkusioak… eta ke anitz. Piskatxo bat urrunago, Jean-Pierre gizon lasaiaren ostatua dago, baina bertan egoten diren errugbilariak ez dira hain lasaiak; ostatua txiki-txikia da eta denak oihuz aritzen dira. Benetan giro berezia, baina atsegina, minutu batzuetan egoteko, bederen. Eta hortik urrats batzuetara Zinka ostatua dago, jaietan kontzertuak antolatzen dituen bakarra,  jende euskaldun eta alaia biltzen duena, askotan. Baina turismoa ez bada zurea, jendea apreziatzeko giro berezirik behar ez baduzu, etorri Pitxu lokalean gaztetxeak antolatzen duen Xuberotar Saltsara, uztailaren 11tik 13ra.

Iruñea: Unetxoek itota



Maiatzaren 25aren aurretik idazten ari naiz lerrook. Hartara, ez dut bozketon emaitzaren berririk. Nolanahi ere, inkesten arabera, hiru iruindarretatik bi UPNko botoemaileak dira. Beraz, Iruñeko karriketatik zoazela, aurrean duzunak eta atzean dagoenak erregionalistei ematen diete botoa, edo, are okerrago, bestela, zu zeu zara UPNko botoemailea. Ag!

Datuak badu garrantzia sanferminetako garapena aztertzerakoan: erregionalista bilakatutakoak ezinbestean errespetatu beharreko “momentico”, unetxo, betiko ohitura berri gehiago asmatzen ari dira. Txupinazoan “San Fermin!” edo “Osasuna!” besterik ezin da oihukatu, eta esanahi politikorik nimiñoena duen ezer txilio egiten baduzu, egurtu egiten zaituzte. Prozesioan arropa txurietan orbanik txikiena baduzu, gaitzespen zurrumurrua hedatzen da...

Honek guztiak, baina, eraikuntza nazionalaren ikuspegitik, badu alde onik: Euskal Herriko lurraldeak elkarrengandik gertuago daude, Iruñeko sanferminak eta Donostiako Aste Nagusia orain ia berdinak dira eta.