Jaten ematen digun eskua suntsituz

Jaten ematen digun eskua suntsituz Hamar urteren buruan milioi bat espezie desagertuko dira gizakiaren jardunaren ondorioz; albisteak loa kendu ez badizu, jakin galera horrek eragin zuzena izango duela gure ekonomian, elikaduran eta bizimoduan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaten-ematen-digun-eskua-suntsituz/@@download/image/ping.jpg
2019/05/08
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Hamar urteren buruan milioi bat espezie desagertuko dira gizakiaren jardunaren ondorioz; albisteak loa kendu ez badizu, jakin galera horrek eragin zuzena izango duela gure ekonomian, elikaduran eta bizimoduan.
Jaten ematen digun eskua suntsituz

Jarraian idatzitako albistea alarmista dela iruditzen bazaizu, ez izan dudarik, hori baita kazetari honen asmoa. Atzo, IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak bioaniztasunaren inguruan inoiz egindako txosten osatuena aurkeztu zuen, eta honakoa adierazi zuen: datorren hamarkadan, milioi bat animalia eta landare desagertuko dira. Ondorio latz hori ateratzeko, 50 bat herrialdetako 145 adituk hiru urtez ikertu dute ingurumena, eta baita gizakiaren jardun ekonomiko eta garapena ere. Hala, ikerlariek argi dute sarraski honen erantzuleak nor den: gizateria. 

Azkenaldian ingurugiroaren suntsiketaz ohartarazi duten txosten ugari argitaratu dira, baina hau ez da beste bat; honek, zuzenean jarri du gizateriaren jarduna jomugan. Datu batzuk jarraian: lurraren hiru laurden eta itsasoen %66 nabarmen aldatu dira gizakiaren jardunaren ondorio zuzenez. Hain zuzen, 2015ean itsasoen %33 modu neurrigabean ustiatu ziren. negutegi efektuko gasen isurketa bikoiztu egin da 1980 urtetik hona, munduko tenperatura gutxienez 0.7 gradu igoz. Kutsadura plastikoa hamar aldiz biderkatu da 1980 urtetik, eta espezie inbasoreak %70 zabaldu dira gutxienez 21 herrialdetan.

Datuok 1.500 orrialdeko txostenak emandako zertzelada txiki bat besterik ez dira. Dagoeneko, datorren hamarkadan gertatuko denari espezieen seigarren suntsipen handiena ezizena jarri diote. Planetari gertatuko zaionak gutxi axola badigu, kontuan hartu suntsipen honek sekulako eragina izango duela gure gizartean, ekonomian, elikaduran, bizi estiloan... denean. Ezin dugu naturarik gabe bizi, eta inor ez dago ondorioetatik salbu. 

Hain zuzen, naturak 125 bilioi euroko ekarpena egiten dio mundu ekonomiari. Larriena hau da; dagoeneko ez da etorkizuneko arazoa, orainaldikoa baizik. Egun, nekazal munduak dagoeneko sekulako galerak jasaten ditu espezien desagerpenak eta klimaren aldaketak eraginda, eta berdin arrantzak ere. Polinizazioa ahalbidetzen duten espezien desagerpenak lurzoruak ahuldu ditu, eta plaktonaren desagerpenak itsasoak hustu ditu. Berandu bada ere, egoerari aurre egitea beste erremediorik ez dute herrialdeek. Eta guk? Zer egin dezake gutako bakoitzak? Bakoitzak ikusiko du noraino hartu nahi duen natura babesteko konpromisoa, baina jarraian, oinarrizko ekintzak dituzue:

  • BIRZIKLATU: Gezurra badirudi ere, oraindik oso kontzientzia gutxi dugu birziklatzearen garrantziaz. Kontuan izan gainera, birziklatzearen lehen araua zakarrik ez sortzea dela!
  • PLASTIKOARI BETOA JARRI: Aitzakiarik ez! Erosketak egiterakoan ekidin plastikoak, erabili telazko poltsak, joan tuperrekin, aukeratu xaboi eta xanpu solidoak... plastikoa ekiditeko truku pila daude.
  • BIDAIAK MURRIZTU: Hegazkin gutxiago hartzen saiatu. Zure hurrengo bidaian utziko duzun karbono arrastoa kalkulatu dezakezu jarraian: https://calculator.carbonfootprint.com/calculator.aspx?lang=es&tab=3
  • HARAGIAREN KONTSUMOA MURRIZTU: Azken ikerketen arabera, haragi eta arrain kontsumoa ahalik eta gehien murrizteak eragin zuzena izan dezake airera isuritako karbono dioxido kopurua murriztearekin, eta baita lurzoruaren zein itsasoen ustiaketarekin.
  • GUTXIAGO KONTSUMITU, PRODUKTU EKOLOGIKOAK ETA GERTUKOAK AUKERATU: Dela arropa, janaria edota bestelako erosketetan, begiratu ondo non eta nola egin diren. Hobestu produktu eta denda lokalak, eta murriztu Internet bidezko erosketak.