Izaskun Arandia, Jabi Elortegi, Maria Elorza, Alberto Gastesi eta Fermin Muguruzaren filmak lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarirako

Izaskun Arandia, Jabi Elortegi, Maria Elorza, Alberto Gastesi eta Fermin Muguruzaren filmak lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarirako Hamazazpi filmek osatuko dute euskal zinemagintzaren ordezkaritza Donostiako Zinemaldian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izaskun-arandia-jabi-elortegi-maria-elorza-alberto-gastesi-eta-fermin-muguruzaren-filmak-lehiatuko-dira-euskal-zinemaren-irizar-sarirako/@@download/image/f1_20088.jpg
2022/08/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamazazpi filmek osatuko dute euskal zinemagintzaren ordezkaritza Donostiako Zinemaldian.
Izaskun Arandia, Jabi Elortegi, Maria Elorza, Alberto Gastesi eta Fermin Muguruzaren filmak lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarirako

Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko euskal ekoizpenen artean hamahiru film luze eta lau film labur izango dira. Hainbat ataletan banatuta egongo dira: Sail Ofizialean, New Directors-en, Zabaltegi-Tabakaleran, Nesten, Zinemiran, Euskal Zinemaren Galan eta EiTB Galan.

Euskal zinemari eskainitako Zinemira sailan fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film izango dira. Horietako lau Zinemaldian estreinatuko dira eta, beraz, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Hortaz, guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko. 

Irizar Sarirako lehian sartuko diren euskal ekoizpenen artean egongo da Jabi Elortegik zuzendutako El Vasco komedia dramatikoa, Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blanco aktore lanetan dituena. Mikel protagonistak bizimoduz aldatzea erabaki eta senide urrun baten gonbidapena onartuko du Argentinara joan eta bertan bizitzen jartzeko.

Izaskun Arandiaren lehen film luzea ere izango da, My Way Out. Ez-fikziozko lan hau Londresen kokatuta dago eta filmaren izen bera duen pertsona transentzako klubaren historia berritzen du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez. 

Xuban Intxaustik Gesto lana aurkeztuko du, non Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundearen historia eta printzipio etikoak aztertu dituen, artxiboko irudien eta egungo adierazpenen bidez. Ander Iriarte zinemagileak, berriz, ikerlan bat abiarazi du Karpeta Urdinak filmean, bere aitak komisaria batean torturak jasan zituela susmaturik. 1960tik 2014ra bitartean Euskal Herrian izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren emaitzak erakusten ditu egileak.

Bestetik, irailaren 20ko Euskal Zinemaren Galan Alberto Gastesiren Gelditasuna ekaitzean estreinatuko da, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituen amodiozko istorioa. Hurrengo egunean, EITB Galan, Fermin Aiok zuzendutako Kepa Junkera berpiztu lana izango da ikusgai, 2018an iktusa izan zuen musikari bilbotarraren lehengoratzearen eta hark utzitako ondarearen inguruko dokumentala.

Era berean, Irizar Sariaren lehian izango dira Mikel Gurrearen Suro, Fernando Francoren La consagración de la primavera, Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto, eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa.

Lehiaz kanpoko ekoizpenak
Sarirako lehiatuko ez diren beste euskal ekoizpen batzuk ere izango dira Zinemaldian, hala nola Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos, Arantza Santestebanen 918 gau, eta Jon Mikel Fernandez Elorzen Bi arnas. Kimuak programako bi film labur ere badira, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas. Horiez gain, Nesten, zinema ikasleen film laburren lehiaketan, euskarazko bi euskal ekoizpen lehiatuko dira: bata, Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi eta Mikele Landa Eigurenen Noizko basoa.

Bestalde, proiektu-fasean dauden euskal ekoizpenak ere hartuko ditu jaialdiak. Helena Tabernaren Nosotros egitasmoa, Asier Altunaren Karmele, Pablo Hernando Esquisabelen Una ballena, eta Baltasar Kormakurren Baleazaleak, eta Irati Gorostidiren Anekumen.