Irakurle onenak, gazteak

Irakurle onenak, gazteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irakurle-onenak-gazteak/@@download/image/36p30-1_1368644554.jpg
2003/12/05
erreportajea
Gazteok gutxi irakurtzen dugu. Helduek baino gutxiago bai, behintzat. Zenbat alditan entzun dugu hau? GAZTETXULOko ikerketa zerbitzua lan eta lan aritu da eta, azkenean, gure susmoa baieztatu du: gazteon liburuekiko ustezko gorrotoa topiko hutsa da. Helduek baino gehiago irakurtzen dugu.

Euskal Herrian eta Europan egindako azterketek argi eta garbi diote: zenbat eta urte gehiago, orduan eta gutxiago irakurri ohi da. Euskadiko Editoreen Elkarteak 2001ean eginiko azterketaren arabera, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 16 eta 34 urte bitarteko herritarren artean, %73 da ohiko irakurle. Adinean gora egin ahala, portzentaia jaitsi egiten da. 45 eta 54 urte bitartekoetan %47 da eta 55etik aurrera, %35. Hona hemen baieztapen horri eusten dion beste datu bat: duela bi urte, euskarazko 754 liburu merkaturatu ziren eta ia erdia (%46) haurrei eta gazteei zuzenduta zeuden. Gazteak gara, beraz, gehien irakurtzen dugunak.
Kontrakoa diotenak oker dabiltza. Gainerakoek baino gehiago irakurtzen baitugu.

Beste kontu bat da garai batean baino gutxiago irakurtzea. Izan ere, adin guztietakoek irakurtzen dute gutxiago gaur egun. Gari Berasaluze gaztea idazlea eta Nafarroko Txalaparta argitaletxeko langilea da. Garik dioenez, "
irakurriz, asko ikasteaz gain, amets egiteko eta egunerokotik ihes egiteko aukera dago. Gazteek denbora gehiago dute irakurtzeko eta, adina dela eta, baita jakin-min handiagoa ere".

Plazerraz ala behartuta
Hona hemen erantzun beharreko beste galdera bat: gazte euskaldunok euskaraz ala gaztelaniaz edo frantsesez irakurtzen dugu? "Bereizketa egin beharko genuke horri erantzuteko. Plazerraz irakurtzen dutenek, oro har, frantsesez egiten dute, eta behartuta egiten dutenek, aldiz, euskaraz", esan digu Xan Goenaga Kanboko Xalbador ikastetxeko liburutegiko arduradunak. Maria Jose Olaziregi hizkuntzalari eta literatur irakasle donostiarrak ere bereizketa bera egin du, Hego Euskal Herriari dagokionez, "Euskal Gazteen Irakurzaletasuna" azterketa soziologikoan. Datu hauek kezkagarriak dira. Horregatik, ikastetxe batzuetan, euskaraz irakurtzea bultzatzeko neurriak hartu dituzte. "Lau hilabeteren buruan hamar liburu irakurtzeko erronka jartzen diegu ikasleei. Euskaraz irakurtzea bultzatzeko, horrelako ekimenak egin behar ditugu", dio Goenagak.

Irakaskuntza eta irakurzaletasuna
Esan bezala, gazte batzuek gustuz irakurtzen dute eta beste batzuek, behartuta. Nola sortu da, baina, bereizketa hori? "Irakaskuntza irakurzaletasunaren arerio izan da urte luzez. Literaturari tripak nola atera erakutsi ohi dute ikastetxeetan, kirofano batean bezala. Beraz, irakurtzea, gozatzeko bidea izan beharrean, behartuta egin beharreko kontua da ikasle askorentzat. Gainerakoek gogoz egiten dute", dio Gari Berasaluzek. Ion Cadalso Vianako 14 urteko ikaslea liburuei iskin egiten dion horietakoa da: "Liburu gutxi irakurtzen ditut, gehienak irakasleak aginduta". Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak dioenez, eredu honek gazteek liburuei muzin egitea eragin du. Hala eta guztiz ere, bere ustez, errua ez da soilik irakaskuntzarena. "Irakurtzea aukera bat da, eta norberak ikusi behar du eskolatik kanpora zein zaletasunek asetzen duten gehien. Dena den, irakurzaletasuna animalia ahula da eta liburuak maitatzen irakatsi behar zaie ikasleei", dio ondarrutarrak.

Telebista liburuaren aurka
Bada liburuetatik urruntzen gaituen beste faktore erabakior bat: "Aisialdian beste jarduera batzuk nagusitu dira;  zinema, internet, bideojokoak...", adierazi digu Garik. EAEko estatistika institutu Eustat-ek 15 eta 24 urte bitartekoen zaletasunak aztertu zituen 1994ean, eta honakoak ziren, hurrenez hurren, gazteek nahiago zituzten jarduerak: telebista ikustea, irratia entzutea, diskotekara joatea, irakurtzea eta kirola egitea. Irakurtzea, beraz, zerrendako azken aurreko tokian zegoen. Aldiz, telebista ikustea, podium-ean. Gauzak ez dira asko aldatu orduz geroztik. Gure asialdian jaun eta jabe izaten jarraitzen du telebistak, bestelakoak ahaztu gabe, noski: bideojokoak, internet, parranda… Horregatik, "Telepolis" esaten diote askok gure gizarteari. Telebistak tokia kendu omen dio liburuari.

Irakurle gehienak neskak
Eta zein tarte eskaintzen diogu gazteek irakurtzeari? Euskadiko Editoreen Elkartearen arabera, gazteak, batez beste, bost orduz aritzen gara irakurtzen astean eta bederatzi liburu irakurtzen ditugu urtean. Datu bitxi bat ere badugu gai honetan, ohiko irakurle gehienak neskak dira eta. "Ordu eta erdiz aritzen naiz egunero. Irakurtzea oso garrantzitsua da, asko ikasten baita", dio Ainhoa Hierro 21 urteko besaindarrak. Mutil irakurzaleak ere badira, dena den. "Anitz irakurtzen dut, egunean ordu eta erdiz, eta asteburuetan, gehiago. Beste zalatasun batzuk ere baditut: kirola, interneten ibiltzea… Hala ere, irakurtzea oso gogoko dut", esan digu Eki Erremundeguy 14 urteko baionarrak.

Gazteon gustuak
Gazteok nolako gustuak ditugun ere ikertu dugu. Euskadiko Editoreen Elkartearen azterketak dioenez, abenturazko eta zientzia fikziozko liburuak ditugu gogokoen eta Bernardo Atxaga da egilerik arrakastatsuena. Eki baionarrak ere gustu horietxek ditu: abenturazko eta fikziozko liburuakdira berarentzat interesgarrienak eta Atxaga du gustukoen. Txalapartako Garik, hala ere, beste ideia bat eman digu: "Gazteekin lotutako gaiei buruzko liburuak nahiago dituzte: kaleko giroa, parrandak...". Dena dela, zenbat buru, hainbat aburu: "Biografiak eta eleberri erromantikoak irakurri ohi ditut", dio Nerea Rodriguez 22 urteko gasteiztarrak.

Irakurtzearen abantailak


Zein onura ditu irakurtzeak?Hona hemen nagusiak:

-Liburuei esker asko ikas daiteke.
-Irakurtzeak irudimena pizten du.
-Beste zaletasun batzuk baino osasuntsuagoa da eta ez du inolako arriskurik.
-Merkea da. Liburuak dohainik har daitezke liburutegietan. Bestalde, bi katxiren prezioan liburu bat eros daiteke.
-Beste jarduera batzuk baino lasaigarriagoa da: telebista ikustea, bideojokoetan aritzea….
-Idazteko gogoa pizten du. Idazleak irakurle sutsuak izan ohi dira.
-Hiztegia aberasteko balio du.
-Arreta gaitasuna areagotzen du.