Irakasle hilen kluba

Irakasle hilen kluba https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irakasle-hilen-kluba/@@download/image/Fertxu7.jpg
2007/09/07
erreportajea
Fertxu Izquierdo
Irakasle hilen kluba


1959ko udazkena; ikasturte berriaren hasiera, Ameriketako Estatu Batuetako Welton akademian. Lau postulatuk markatzen dituzte ikasleen bizitzak: tradizioa, ohorea, diziplina eta bikaintasuna.

Testuinguru zorrotz horretan kokatzen da Poeta hilen kluba filma.

2007ko udazkena; ikasturte berriaren hasiera, Euskal Herriko zenbait institutu edota fakultatetan. Lau postulatuk markatzen dituzte ikasleen bizitzak: tradizioa, ohorea, diziplina eta bikaintasuna.

Testuinguru zorrotz honetan kokatzen gaitu, sarritan, hezkuntza sistemak eta, batez ere, zenbait irakaslek.

Gaur egun, tamalez, oraindik tradizioa, ohorea, diziplina eta bikaintasuna postulatuetan sinesten duten irakasleak topatzen ditugu gure inguruan, UPVn, esaterako.

•Tradizioa; irakasteko betiko planteamenduen erabilera: eskola eman, liburuan jartzen duena irakurri eta hurrengo hilabetean azterketa idatzia egin.  

•Ohorea; irakasleak esaten duena nahitaez horrela da, eta hori ikasi behar da. (Ez izan ausartak eta azterketan eskolan esan ez duen zerbait ez jarri, mesedez)
•
Diziplina; eskola guztietara derrigorrez joan behar, nahiz eta eskola horiek txapa hutsa izan edota liburuak esaten duena errepikatu.

•Bikaintasuna; azkarrentzako sariak, tentelentzako zigorrak.

Baina, non geratzen da ikaslearen motibazioa? Ikasle guztiak berdinak al dira? Gaitasun bera dute? Nork neur dezake bakoitzaren gaitasuna? Irakasle batek? Eta bakoitzaren egoera pertsonalak kontuan hartzen dira? Bai, badakit irakasle batzuek gauza hauek guztiak kontuan hartzen dituztela. Nire bide akademikoan oso irakasle onekin topatu naiz, eta eskertzekoa da. Baina, beste muturrean, gauza hauek kontuan hartzen ez dituzten irakasle gehiegi ere ezagutu ditut.
Weltongo kasuan John Keating da ikasteko prozesu zorrotz eta itogarri horri aurre egingo dion irakaslea, ikasketa tradizionalekin apurtuko duena, ikasleen lagun bihurtuko dena. Keatingen eskutik, ikasle bakoitzak bere ikasketa prozesu pertsonala garatuko du, eta honi guztiari babesa emango dio lagunen arteko klub batek, poeta hilen klubak, non ikasle hauek literatura beste modu batez deskubrituko duten.

Poeta hilen klub gehiago behar ditugu, baita horrelako klubak bultzatuko dituzten irakasleak ere.