Iraia Iturregi eta Irantzu Castillo: "Oraindik gizon mundua da hau"

Iraia Iturregi eta Irantzu Castillo: "Oraindik gizon mundua da hau" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iraia-iturregi-eta-irantzu-castillo-quotoraindik-gizon-mundua-da-hauquot/@@download/image/51p33-2_1366804682.jpg
2005/04/01
elkarrizketa
Unai Brea
Iraia Iturregi eta Irantzu Castillo: "Oraindik gizon mundua da hau"
Iraia Iturregi eta Irantzu Castrillo Athleticen emakume taldeko jokalaririk gazteenetakoak dira. Lezaman egon gara euregaz, entrenamendua hasi baino lehenago, taldeaz, emakume futbolaz eta beste hainbat kontutaz berba egiten. 

Lehenengo urtean, liga irabazi zenutenean, orain baino gehiago agertzen zineten komunikabideetan. Gerora ere bide onetik jarraitu duzue, baina arreta ez da hain handia izan…
Iraia: Diozunaren adibide argia da, lehen liga irabazi genuenean, egunkari guztietako portada izan ginela, eta Teleberrietako lehenengo berria. Bigarren liga irabazi genuenean, ez ginen portadan atera. Ea aurten, berriro liga irabazten badugu, sona handiagoa ematen diguten. Baina lehenengo urtekoa errepikatzea zaila izango da; San Mames betetzea, esaterako.

Lehenengo urtean errazago irabazten zenituzten partiduak, orain baino…

Iraia: Bai. Batetik, liga lehiakorragoa da; eta bestetik, lehenengo urtean Athletic talde arrunta zen, eta orain denek menpean hartu gura duten taldea da. Gainera, partidu asko telebistaz ematen dituzte, eta beste ekipoetako entrenatzaileek ondo ezagutzen gaituzte. Askoz gatxagoa da.

Kanpoko jendeak, beste taldeetako entrenatzaileek-eta… Athletic agertzeak emakumezkoen futbolari mesede handia egin diola aipatu izan dute. Itzela da San Mames betetzea emakume partidu batean…

Irantzu: Bai, San Mamesen jokatu genuen bigarren partidan, Hispalisen kontra, eurek kamisetak ekarri zituzten, "Eskerrik asko Athletic" leloagaz. Argi dago asko lortu dela honegaz guztiagaz. Begira zelako bultzada eman dioten orain beste klub batzuek: Realak, esaterako, edo Barçak… Hori ona da, eta gu harro gaude lehen bultzadatxo hori hemen eman izanaz.

Batzuek esaten zuten gabarra atera behar zenutela, ea zergatik neskek ez… Zer iritzi daukazue?

Iraia: Lehenengo urtean polemika hori sortu zen, baina ni ez naiz sartzen horretan. Gabarra? Nik gura dudana ospakizun bat egitea da, aurreko urte bietan ez da egin eta. Berdin dit gabarra, txinbitoa edo autobusa, baina zer edo zer egin. Orain arte gure artean baino ez dugu ospatu. Eta gustatuko litzaiguke ekitaldi publikoren bat egitea.

Barça aipatu duzue. Dagoeneko hasi dira atzerritarrak fitxatzen, eta orain gutxi munduko onenetakoa ei den Maribel Dominguez mexikarra ekarri dute. Gizonen Athletici bezala gertatuko zaizue zuei ere? Haiek ere dena irabazten zuten 30eko hamarkadan, ligaren hastapenetan, baina gero atzerritarrak ailegatzen hasi ziren eta akabo…

Iraia: Uste dut orain aprobetxatu behar dugula. Ez dakit hamar urte barru zelan egongo den liga, beharbada atzerritarrez beteta (gatxa izango da, hala ere, ez dago-eta diru askorik). Maribel Dominguez ekarri dute fitxaketa mediatiko legez: kirol aldetik ona da, baina ez hainbeste. Dena dela, atzerritarrak onak badira, ondo etorriak izan daitezela, ligari maila ona emateko bada.
Irantzu: Egia esanda, ez dugu horretaz berbarik egin gure artean. Oso ondo gaude gauden bezala, eta ez daukagu ezerren beharrik. Barçak Maribel Dominguez fitxatu du; egia da oso jokalari ona dela, baina batzutan –ez dakit kasu honetan hala den- marketinga dela-eta fitxatu da gehiago kirol arloagatik baino, Rayok Ronaldinha fitxatu zuenean bezala. Nik gurago dut Manolita izena eduki, eta egiten dudana ondo egin.

Futbola gizon mundua da. Zuen entrenatzailea gizona da, zelaiko ordezkaria gizona da…  

Irantzu: Hara, badago emakumezko epaileren bat…

Bai, baina gehienak gizonezkoak dira, ezta?

Iraia: Ohituta gaude. Dena dela, apurka sartzen dabiltza emakumeak mundu honetan. Andrazko entrenatzaile askorik ez da ikusten, baina hemendik aurrera gehiago egongo direla uste dut. Athleticen emakume taldea ateratzeak neskak animatuko ditu futbolean jokatzera, eta entrenatzaile titulua ateratzera, edo bestelakorik egitera futbol barruan. Dena dela, oraindik gizon mundua da hau.
Irantzu: Bai, hala da. Agintzen dutenak gizonak dira. Hala ere, zelaira irteten garen hamaika jokalariak andrak gara. Gero eta jokalari gehiago dagoenez, urte batzuk barru entrenatzaile gehiago ere egongo da.

Badago baten bat orain?

Irantzu: Bai. Superligan, Lagunak-ekoa, Barçakoa –Natalia Astrain, bere garaian Nafarraoko selekzionatzailea izandakoa-, eta ez dakit baten bat gehiago ote dagoen…

Gizonezko futbolariek asko ligatzeko ospea daukate. Emakumeek, berriz, marimutil izatekoa… Gehiago ligatzen da Athleticen jokatzeagatik? Eta hasteko, ezagutzen zaituztete kalean?

Irantzu: Batzuek bai. Marimutil izateari dagokionez… Txikitan, eskolan, esaten zuten, niri ez gehiegi, baina tira… Ligatzea? (Barre) Ezagutzen bazaituzte elkarrizketa hasteko modu bat izan daiteke, baina ligatze kontuak ez daude erraz.
Iraia: Nik uste dut orain urte batzuk marimutil ospe handiagoa genuela, orain ez. Oso gutxi entzuten da horrelakorik.

Futbola gizon mundua da, eta matxista ere bai. Entzungo zenuten astakeriaren bat zelaian…

Irantzu: Gero eta gutxiago. Kanpora goazenean jokatzera, ikusleak euren taldeko emakumeei laguntza ematera joaten dira. Beraz… Nik neuk ez dut askorik entzun.
Iraia: Taldean badauzkagu 30 urtekoak, eta horiek bai entzun dute gehiago; orain urte batzuk ohikoagoa zen.

Pentsatzen dut Iñigo Juaristik, zuen entrenatzaileak, gaztelaniaz emango dizkizuela zelaira irten aurreko azken azalpenak: "Denok elkarregaz igoko gara", edo "denok elkarregaz egingo dugu presioa" moduko esaldiak. "Denok" hori, gaztelaniaz, "Todos" edo "Todas" esaten du? Maskulinoa ala femeninoa erabiltzen du?

Irantzu: Femeninoa. Hamaika jokalariak neskak gara, eta oso ondo begitantzen zait hala egitea. Baliteke inoiz maskulinoa erabili izana, baina jeneralean, femeninoa erabiltzen du.

Zuek ere San Mamesera joaten zarete partiduak ikustera. Futbolaz gainera, gizonak ikustera ere joaten zarete, bide batez?

Iraia: Futbola ikustera joaten gara, baina bide batez mutil ederrak ikusten baditugu, begiratu egiten diegu, noski.
Irantzu: Gizonak ondo ikusteko, gehiago hurbiltzen gara, egia esan. (Barre)

Eta zuen partiduetara joaten diren gizonak, zer?

Iraia: Espero dut futbola ikustera etorriko direna. Baina esaten badidate "zuek ikustera nator, oso politak zaretelako", ez dit inporta, ondo etorria izan bedi. Dena dela, tontakeria galanta da honaino etortzea neska batzuk ikustera, beste hamaika lekutan neskak egonda.

Irantzu Castrillo



19 urte. Bilbotarra. Majisteritza ikaslea. Hegaletik jokatzen du, ezkerrean nahiz eskuman, eta aurrean nahiz atzean. Eskolan futbitoan jokatzen hasi zen, eta handik Leioa taldera igaro zen, taldeak izen hura erabili zuen azken urtean, hain zuzen. B taldean hasi zen, baina denboraldi erdian lehen taldera igo zen, eta hantxe jokatzen zuen Leioa Athletic bihurtu zenean.

Jaki bat: Pasta.
Pelikula bat: "Cold Mountain"
Liburua: "El Diario de Noah"
Bizio bat: Bizioak ez dira onak
Amets bat: Bete zaizkit neuzkan ametsak, orain nahiago dut errelitatean bizitzea Futbolari kutun bat: Egia esanda, ez daukat futbolari kutun jakinik; egunero bere bururi aurre egiten dion edozein kirolari miresten dut

Iraia Iturregi



Iraia Iturregi. 19 urte. Loiuztarra. SHEE ikaslea. Zelai erdian jokatzen du, eskumatik. Hamalau urte zeuzkala hasi zen Sondika taldeagaz entrenatzen, baina urte bi eman zituen jokatu ezinik, artean gazteegia zelako. Sondikatik Leioara igaro zen, bere kide gehienak bezala. Berak sartu zuen talde horren historiako lehen gola, 2000ko abuztuaren 20an, Burgosko Multipoticasen kontra jokatutako lagun arteko partiduan.

Jaki bat: Pastazko entsalada
Pelikula bat: “Quédate a mi lado”
Liburu bat: “El código da Vinci”
Bizio bat: Marrubiak jatea
Amets bat: Joko olinpikoetan parte hartzea
Futbolari kutun bat: Joxemari Bakero

Hirutik hirugarrena lortzeko bidean



Athleticen emakume taldea 2002-03 denboraldian sortu zen, Ibaiganeko kluba Leioa Futbol Taldeagaz batu zenean. Leioa Taldea 2000 urtean jaio zen, ordura arte Sondikan ibilitako lagun talde batek klub berria sortzea erabaki zuenean. Sondikan ibilitako jokalari gehienak talde berrira igaro ziren, eta horiek dira gaurko Athleticen oinarria, azken urteotan hainbat fitxaketa egin diren arren.

Leioak denboraldi zoragarriak egin zituen, ia partidu guztiak irabaziz. Urte bitan, behe-behetik abiatuta, emakume futboleko maila gorenean, Superligan, jokatzeko aukera eskuratu zuten. Hain zuzen, orduantxe bihurtu ziren Athletic, talde zurigorriaren eskaintza aintzakotzat hartuta. Superligan jokatutako lehen denboraldian, Athleticek historia egin zuen, txapeldun geratu zen eta. Gainera, San Mamesen jokatu zituen partidu bi, eta bigarrenekoan, liga eskuratu zutenekoan, zelaia bete egin zen. Artean, emakume futbola horrelakorik ikusi barik zegoen, Espainiar estatuan, behinik behin.

Bigarren urtean berriro irabazi zuten txapela, eta orain hirugarrena lortzeko bidean dira. Hala ere, emaitzak ez dira hasierako denboraldian bezain ikusgarriak; lehen urte hartako gol festak ez dira hain sarritan gertatzen, eta partidak irabazteko lan handiagoa egin behar dute. Zelangura, hau idazteko momentuan sailkapeneko lehenengoa da Athletic, partidarik galdu barik oraindik, eta bigarrenek baino hiru puntu gehiago dauzkala. Apirilaren 17an amaituko da Superliga. Berriro lortuko ote dute?