Euskal Herriko zenbait txoko erakusten dituen film estatubatuarra ikusi nahi al duzu?

Joan den astean, abuztuaren 20an, estreinatu zen Lasse Hallström suediarrak zuzendutako pelikula: The map that leads to you (Zuregana naraman mapa). J.P. Monninger idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago.
Heather izeneko neska estatubatuar bat da protagonista. Graduatu berria da eta New Yorkera bizitzera joan eta banketxean lanean hasi aurretik, Europara bidaiatuko du bere bi lagunekin, bertako hainbat hiri ezagutzeko. Guztia ondo antolatzea gustatzen zaio Heatherri, eta bera arduratzen da hegaldiak eta tren txartelak hartzeaz, eta baita hirietan ikusi beharrekoa zer den jakin eta haren inguruko informazioa bilatzeaz ere.
Bartzelonara joateko gaueko trenean, Jack izeneko mutil zeelandaberritarra ezagutuko du. Momentua bizitzea eta gozatzea gustatzen zaio Jacki, eta Bigarren Mundu Gerrako soldadu izandako aitona Russellen egunerokoa berarekin harturik, hark ezagututako tokiak bisitatzen ari da gaztea.
Bakoitzak bere bidea hartuko du Bartzelonara iritsitakoan, baina gauean berriz elkartuko dira diskoteka batean. Abenturazalea da Jack, eta bizitza ondo planifikatuta duen Heatherri kolokan jarriko dizkio ordura arte argi zituen gauza guztiak. Etxera itzuli ordez, bidaia luzatzea erabakiko du Heatherrek, eta Euskal Herrian, Portugalen, eta Italian ibiliko da. Sekula ahaztuko ez dituen momentuak biziko ditu Jackekin. Unean unekoa bizitzearen joerak etorkizunarekin talka egingo du, ordea, momentu batzuetan.
Bilbo, Iruñea eta Donostia
Euskal Herriko zenbait txoko ikus daitezke pelikulan. Bartzelonan izandako gorabehera batengatik, egun bat edo beste luzatuko dute bidaia, eta handik Loiuko aireportura joango dira, Heatherrek etxera itzuli behar baitu. Bai, ez da zentzuzkoa, hegaldia Bartzelonatik izan beharrean, Loiura joatea horretarako bakarrik, baina tira, horrek Euskal Herriko txoko batzuk bisitatzeko aukera ematen die protagonistei.
Loiuko kanpoaldean eta Guggenheim museo ondoan grabatutako eszena batzuk ikusiko ditu ikus-entzuleak, eta ondoren Donostian grabatutakoak. Kontxako pasealekuan ibiliko dira biak, eta gero zerbait hartuko dute ondoko terraza batean. Bertako ezagun batzuen etxera ere joko dute.
Iruñera San Ferminetara ere joango dira, baina bertako eszena pelikulatik kentzeko modukoa da. Sanferminetako entzierroko artxiboko irudi batzuk sartu dituzte, eta kroma erabiliz, haiek ere han daudela irudikatu dute. Baina oso nabarmena da teknologia erabili dutela eta ez da itxuroso geratzen. Une jakin batean, Gaztelugatxeren irudi bat ere agertuko da, beste irudi batzuen tartean.
Euskarak ez du toki handirik, ohikoa den moduan, baina uneren batean entzun daiteke zeharka. Loiuko aireportu kanpoaldean daudenean, bozgorailuetatik euskarazko oharrak entzuten dira, eta Donostian lagunen etxera joandakoan, esaldi labur-laburren bat ere bada, ia oharkabean igaroagatik.
Beraz, jakin-mina baduzu, Prime Videon ikus dezakezu, euskarazko azpitituluekin. Ez dizu bizitza aldatuko, baina entretenigarria da, paisaia eta toki ederrak ditu, gazte erakargarriak eta eszena politen bat edo beste ere bai.