Euskaldunak patinetean, bizikletan edo motorrean bidaiatzen

Udako oporrak baliatzen dituzte askok bidaia luzeak egiteko. Bidaiatzeko modu asko daude, eta batzuek erronka bereziak eta esperientzia errepikaezinak nahi izaten dituzte.
Horixe da Arturo Valle eta Luken Landaren kasua. Uztailean Donostiatik Pariserako bidaia egin zuten bizikletan. 900 kilometro hamalau egunetan. Helburua Parisera uztailaren 14an iristea zen, Frantziako jaiegun nazionalean.
Unibertsitateko lau lagunentzako plana izatea pentsatu zuten, inoiz ez zutelako bidaietan laurak batera joaterik izan. Merkea eta erokeria izango zen zerbait nahi zuten, eta hortik sortu zen ideia. Azkenean, bik bakarrik egin zuten, baina abentura izan zen hala eta guztiz ere.
Sare sozialetan partekatu zuten bidaiaren nondik norakoa, lagunen @lacone7a kontuan. Egun bakoitzean bizitakoen laburpena egiten zuten bideo batean. Hainbat gorabehera kontatu zituzten bideoetan: beroaren eta euriaren eragina, nekea, gurpilak zulatzea, kanpin dendan lorik ez egitea, atzerapenak, lesioak, istriputxoak, uretako bainuak, GPSak gaizki bideratzea eta bidean galtzea, ur eta janari falta...
Bidaian laguntzeko elementu batzuk ere bazituzten aurrez pentsatuak: zatitxo bat trenean egitea eta ohean lo egitea. Eta erabili egin zituzten halabeharrez. Bestetik, opariak eta zigorrak zituen erruleta bat ere bazuten eta hari emandakoan, zigorra jaso zuten: bizikletako zelarik gabe ibiltzea.
Azkenik, uztailaren 14an Pariseko Eiffel dorrearen ondora iritsi ziren, eta bizikletak altxata ospatu zuten. Eta bidaia borobiltzeko, bista ederrak zituen teilatu batetik su artifizialak ikusi zituzten lagunekin batera. Hauxe adierazi zuten azken bideoan: "Bidea gogorra izan arren, zeure buruan eta prozesuan sinetsi, amesten duzuna uste baino gertuago baitago"
Patinetean eta motorrean
Gorka Lasa eta Ibai ere Donostiatik Pariserako bidea egiten ari dira, baina patinetean! Euren aurreikuspenaren arabera, 30 egun beharko dituzte ibilbideko 1.000 kilometroak egiteko. Bi motxila dituzte oinarrizko gauzekin, jateko 100 euro bakoitzak, sua egiteko txapa batzuk eta bi hamaka tartean, eta iturrietan eta halakoetan garbitzen eta kalean lo egiten ari dira. Hala ere, abentura gogorra izanik eta erosotasuna erosotasuna denez, bidean ezagututakoen laguntza ere jasotzen ari dira eta horri esker dutxaren bat edo beste hartu, jan, ohean lo egin eta arropa garbigailuan garbitzeko aukera ere izaten ari dira. Hemen jarrai dezakezue haien bidaia, eta Twitchen zuzenekoak ere egiten dituzte.
Badira motorrean bidaiatzen ari diren beste bi lagun ere, Edorta eta Larra. Europan barrena ibilbidea egiten ari dira, Azpeitiatik abiatuta. Hilabetean egingo dute bidaia osoa. Frantzia, Belgika, Herbehereak, Alemania, Danimarka, Suedia, eta Norvegiatik igarota, Ipar lurmuturrera iristeko helburua bete dute. Hara heltzeko 5615 kilometro eta 70 ordu egin dituzte motor gainean. Finlandiatik etxe alderako bidea egiten ari dira orain, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Eslovakia eta Hungariatik pasata. Instagrameko kontu honetan jarrai dezakezue bidaiaren azken txanpa.