Ipar Euskal Herriko ahozko oroimenak erakusketan jasoak

Euskal Kultur Erakundeak Ipar Euskal Herriko biztanleen ahozko memoriaren bilketa hasi zuen 2007an, egun Eleketa izena duen programa, eta urtero hogeita hamar bat lekukotza jasotzen dituzte. Ikus-entzunezko bilketa horren aberastasuna ezagutaraztea dute helburu Eleketa, ahozko memoriak erakusketa ibiltariarekin.
Erakusketa elebiduna da, euskaraz eta frantsesez, eta ukipen-pantailez eta telebistez osatutakoa. Izan ere, tokian-tokiko lekukoek beren bizipenak eta oroimenak aipatzen dituzte, ikus-entzunezko pasarte, irudi, objektu, artxiboko erreportaje eta bideo-sorkuntzen bidez.
Honako leku hauetako 78 lekukotza inguru jaso dituzte: Ahetze, Arbona, Azkaine, Biriatu, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña eta Ziburu. 200 ikus-entzunezko pasarte daude eta bakoitzak jatorrizko transkripzioa eta itzulpena du, euskaraz edo frantsesez. Horretaz gain, lekukoen utzitako irudi eta objektuak ere badira.
Tokiko irrati eta telebistek ere memoria biltzen aritzen dira. Maite Barnetchek (1941-1986) hainbat erreportaje egin zituen, telebista publikoak "Euskal Herria orai eta gero" izenburupean zabaldu zituenak 1971-1986 artean. Horietako batzuk ikusi ahal izango dira erakusketan, denak lurraldean filmatutakoak.
Sortzaileek ere badute lekua erakusketan. Lur Olaizola (Donostia, 1988) eta Oskar Alegria (Iruñea, 1973) filmegileei ahozko memoriaren gaia esploratzeko eskatu zaie. Bakoitzak bere gogoeta eta irakurketa pertsonalak eskainiko dizkio bisitariari bere lanen bitartez.
Multimedia erakusketa Donibane Lohizuneko Ducontenia Etxean izango da urriaren 10era arte. Ondoren, Ipar Euskal Herriko beste toki batzuetara eramatea da asmoa, edukiak tokian tokiko testuingurura moldatuta. Azaroaren 6tik abenduaren 4ra Donibane Garazira mugituko dute.
Erakusketaren inguruko xehetasun gehiago hemen.